Hebrearrei
6 Beraz, Kristori buruzko oinarrizko irakaspenak atzean utzi ditugunez, egin dezagun aurrera heldutasunera, oinarria berriro jarri gabe, hau da: hilda dauden ekintzez damutzea, Jainkoarengan fedea, 2 bataioei buruzko irakaspenak, eskuak ezartzea, hildakoen berpizkundea eta betirako epaiketa. 3 Eta hori da egingo duguna, Jainkoak baimentzen badu.
4 Izan ere, batzuek behin argia ikusi zuten, zeruko oparia* probatu zuten, espiritu santuaren partaide egin ziren, 5 eta Jainkoaren hitz bikaina eta datorren sistemaren* botereak probatu zituzten, 6 baina fedetik aldendu egin ziren. Horiek damutzera eramatea ezinezkoa da, zeren Jainkoaren Semea zutoinean iltzatzen dute berriz ere eta mundu guztiaren aurrean jartzen dute lotsarazteko. 7 Zeren lurrak, bere gainean askotan erortzen den euria xurgatzen duenean eta lantzen dutenentzat onak diren landareak ematen dituenean, Jainkoaren bedeinkapen bat jasotzen du. 8 Baina sasiak* eta karduak ematen baditu, ez du ezertarako balio; laster madarikatua izango da eta, amaieran, errea.
9 Baina, anai-arreba maiteok, nahiz eta era honetan hitz egiten ari garen, ziur gaude zuen kasuan gauza hobeak daudela, salbamenera eramaten duten gauzak. 10 Zeren Jainkoa ez da injustua eta ez ditu ahazten zuek —santuei zerbitzatzean eta zerbitzatzen jarraitzean— egindakoa eta bere izenarengatik erakutsi zenuten maitasuna. 11 Baina hauxe nahi dugu: zuetako bakoitzak hasieratik erakutsi zuen izaera arduratsu bera erakustea, esperantzaren segurtasun osoa izan dezazuen azkeneraino. 12 Horrela, ez zarete alfer bihurtuko, baizik eta beraien fedeagatik eta pazientziagatik promesak heredatzen dituztenak imitatuko dituzue.
13 Zeren Jainkoak Abrahami bere promesa egin zionean, bere buruarengatik egin zuen zin, ezin zuelako bera baino handiagoa den beste inorengatik zin egin. 14 Berak esan zion: «Zalantzarik gabe bedeinkatuko zaitut eta zalantzarik gabe zure ondorengoen kopurua asko handituko dut». 15 Beraz, Abrahamek pazientzia erakutsi ondoren, promes hori jaso zuen. 16 Zeren gizakiek beraiek baino handiagoa den norbaitengatik egiten dute zin, eta beraiek egindako zinak eztabaida guztiak amaitzen ditu, beraientzat garantia bat baita. 17 Era berean, Jainkoak promesaren herederoei bere helburua* aldatzen ez dela argi eta garbi erakustea erabaki zuenean, zin eginez garantizatu* zuen. 18 Jainkoak egin dituen bi gauza horiek* ezin dira aldatu, eta ezinezkoa da Jainkoak horiei buruz gezurrik esatea. Gauza horiei esker, Jainkoaren babesera ihes egin dugunok animo handia jasotzen dugu eta, horrela, gure aurrean dagoen esperantzari gogor eutsi ahal diogu. 19 Daukagun esperantza aingura bat bezalakoa da gure biziarentzat*, segurua eta tinkoa, eta barrura sartzen da, gortinaren beste aldera. 20 Bertan, gure alde aitzindari bat sartu zen, Jesus, Melkisedeken modura betirako apaiz nagusi izatera iritsi dena.