Eginak
19 Apolos Korinton zegoen bitartean, Paulo barnealdeko lurraldeetatik pasa eta Efesora jaitsi zen. Han dizipulu batzuk aurkitu zituen, 2 eta esan zien: «Sinetsi zenutenean, jaso al zenuten espiritu santurik?». Haiek erantzun zioten: «Ez dugu sekula espiritu santua dagoenik ere entzun». 3 Paulok esan zien: «Zein bataio jaso zenuten, ba?». Beraiek erantzun: «Joanen bataioa». 4 Paulok esan zien: «Joanen bataioa damua erakusteko bataioa zen, eta Joanek bere ondoren etorriko zenarengan, hau da, Jesusengan sinesteko esaten zion herriari». 5 Hau entzutean, Jesus Jaunaren izenean bataiatu ziren. 6 Paulok eskuak gainean ezarri zizkienean, espiritu santua jaso zuten, eta atzerriko hizkuntzetan hitz egiten eta profetizatzen hasi ziren. 7 Guztira 12 gizon inguru ziren.
8 Hiru hilabetetan zehar, Paulo sinagogara joaten zen eta ausardiaz hitz egiten zuen, Jainkoaren Erreinuari buruzko hitzaldiak emanez eta jendea konbentzitzeko arrazoiketak erabiliz. 9 Baina batzuk burugogortu egin ziren eta ez zuten sinetsi nahi izan, eta jendearen aurrean Bideari buruz gaizki esaka aritu ziren. Horregatik, Paulo beraiengandik aldendu eta dizipuluak berarekin eraman zituen. Eta egunero hitzaldiak ematen zituen Tiranoren eskolako auditorioan. 10 Hori bi urtez egiten aritu zen. Horrela, Asiako probintzian bizi ziren guztiek, bai juduek, baita greziarrek ere, Jaunaren hitza entzun zuten.
11 Jainkoak, Pauloren bidez, mirari ikaragarriak egiten jarraitu zuen. 12 Aski zen Pauloren gorputzak ukitutako zapiak eta mantalak gaixoei ekartzea, hauek sendatzeko eta espiritu gaiztoek alde egiteko. 13 Baina handik eta hemendik deabruak botatzen ibiltzen ziren judu batzuk, Jesus Jaunaren izena erabiltzen saiatu ziren espiritu gaiztoak zituztenekin. Esaten zuten: «Paulok predikatzen duen Jesusen izenean, ateratzeko agintzen dizuet». 14 Hau egiten zutenen artean, Eskeba izeneko apaizburu judu baten zazpi semeak zeuden. 15 Baina espiritu gaiztoak erantzun zien: «Jesus ezagutzen dut, eta badakit Paulo nor den. Baina nortzuk zarete zuek?». 16 Orduan, espiritu gaiztoa zeukan gizona haien gainera bota, eraso eta banan-banan menperatu zituen; eta denek etxe hartatik biluzik eta zauriturik egin zuten ihes. 17 Efeson bizi ziren judu eta greziar guztiek izan zuten honen berri. Denak beldurrez bete ziren, eta Jesus Jaunaren izenak handitzen jarraitu zuen. 18 Eta sinetsi zuten asko, egindako gauza txarrak argi eta garbi aitortzera eta azaltzera etortzen ziren. 19 Gainera, magia praktikatu zuten askok, beraien liburuak elkartu eta denen aurrean erre zituzten. Kontuak atera zituzten eta guztiak zilarrezko 50.000 txanpon balio zuela ikusi zuten. 20 Beraz, Jehobaren hitza indar handiz zabaltzen eta nagusitzen joan zen.
21 Gauza hauek gertatu ondoren, Paulok, Mazedonia eta Akaiatik pasa eta gero, Jerusalemera bidaiatzea erabaki zuen. Esan zuen: «Handik pasa eta gero, Erromara ere joan behar dut». 22 Beraz, bere laguntzaileetako bi, Timoteo eta Erasto, Mazedoniara bidali zituen, baina bera Asiako probintzian geratu zen denbora batez.
23 Garai hartan, iskanbila handia sortu zen Bidea zela eta. 24 Demetrio izeneko zilargin batek Artemisa jainkosaren zilarrezko tenplutxoak egiten zituen, eta artisauei irabazi ederrak ematen zizkien. 25 Demetriok artisau hauek eta beste batzuk bildu eta esan zien: «Lagunok, ongi dakizue irabazten duguna negozio honetatik ateratzen dugula. 26 Baina orain, ikusi eta entzun duzuen bezala, Paulo honek, ez Efeson bakarrik, ia-ia Asiako probintzia guztian, eskuz egindako jainkoak benetako jainkoak ez direla esaten du, eta jende asko konbentzitu du eta iritziz aldatu dira. 27 Beraz, gure negozioaren izen ona galtzeko arriskuan gaude. Gainera, Artemisa jainkosa handiaren tenpluak ez duela ezertarako balio pentsatu dezake jendeak, eta Asiako probintzia guztian eta lur osoan adoratzen den jainkosaren handitasuna erabat galtzeko arriskuan dago». 28 Hori entzutean, denak sutan jarri eta oihuka hasi ziren: «Handia da efesoarren Artemisa!».
29 Hiri osora zabaldu zen zalaparta, eta denak korrika sartu ziren antzokian Gaio eta Aristarko mazedoniarrak, Pauloren bidelagunak, beraiekin arrastaka eramanez. 30 Paulok jendea zegoen tokira sartu nahi zuen, baina dizipuluek ez zioten utzi. 31 Baziren Paulorekin jatorrak ziren festa eta joko antolatzaile batzuk, eta hauek ere antzokira ez sartzeko eta bizia arriskuan ez jartzeko erregutu zioten. 32 Bitartean, antzokian zeuden batzuek gauza bat oihukatzen zuten eta beste batzuek beste bat. Biltzarra nahasmendu hutsa zen, eta gehienek ez zekiten zergatik elkartu ziren. 33 Orduan, jendetzatik Alexandro atera zuten, juduek aurreraino bultzatu baitzuten. Honek eskuarekin isilik egoteko keinua egin zuen herriaren aurrean azalpenak eman nahian. 34 Baina judua zela konturatu zirenean, bi orduz, denak batera, oihuka aritu ziren: «Handia da efesoarren Artemisa!».
35 Hiriko administratzaileak jendetza lasaitzea lortu zuenean, esan zuen: «Efesoko gizonok, nork ez daki efesoarren hiriak zerutik eroritako Artemisa handiaren irudia eta tenplua zaintzen dituela? 36 Inork ez duenez hau zalantzan jartzen, egon lasai eta ez jokatu arinegi. 37 Hona ekarri dituzuen gizon hauek ez dira tenpluetan lapurretan aritzen, eta ez dute gure jainkosaren aurka blasfematu. 38 Beraz, Demetriok eta berarekin dauden artisauek norbaiten aurka salaketarik egin nahi badute, horretarako daude epaiketa egunak eta prokontsulak*; aurkeztu ditzatela orduan elkarren kontra dituzten salaketak. 39 Baina beste zerbaiten bila bazabiltzate, biltzar ofizial batean erabaki beharko da. 40 Zeren gaur gertatutakoak sedizio salaketa jasotzeko arriskuan jartzen gaitu, ez baitago iskanbila hau justifikatu dezakeen arrazoirik». 41 Eta hau esanda, biltzarra bukatutzat eman zuen.