Hebrearrei
11 Fedea espero dena gertatuko den ziurtasuna da, ikusten ez dena benetan existitzen den froga argia*. 2 Fedearen bitartez, iraganeko gizonek* testigantza jaso zuten*.
3 Fedeari esker, Jainkoaren hitzaren bidez sistemak* bere tokian jarriak izan zirela ulertzen dugu, horrela, ikusezinak diren gauzak erabili dira ikusten ditugun gauzak sortzeko.
4 Fedeari esker, Abelek sakrifizio bat eskaini zion Jainkoari, Kainenak baino balio handiagoa zuena. Fede horren bitartez, justua zela ziurtatzen zion testigantza jaso zuen, zeren Jainkoak bere opariak onartu zituen*. Eta, hil zen arren, bere fedearen bidez oraindik ere hitz egiten du.
5 Fedeari esker, Henok tokiz aldatua izan zen heriotza ikusi ez zezan, eta inork ezin izan zuen aurkitu Jainkoak tokiz aldatu zuelako. Baina, tokiz aldatua izan aurretik, Jainkoa poztu zuela ziurtatzen zion testigantza jaso zuen. 6 Gainera, federik gabe ezinezkoa da Jainkoa poztea. Izan ere, Jainkoarengana hurbiltzen denak bera existitzen dela eta bera gogotsu bilatzen dutenak saritzen dituela sinetsi behar du.
7 Fedeari esker, Noek, oraindik ikusi ez ziren gauzei buruz Jainkoaren abisu bat jaso ondoren, Jainkoari errespetu handia* erakutsi zion, eta bere etxekoak salbatzeko arka bat eraiki zuen. Fede horren bitartez, mundua kondenatu zuen, eta fedearen bidez lortzen den justiziaren heredero* bihurtu zen.
8 Fedeari esker, Abrahamek obeditu egin zuen deitua izan zenean, eta herentzian jasoko zuen tokirantz atera zen. Nahiz eta nora zihoan ez jakin, atera egin zen. 9 Fedeari esker, promesaren lurraldean atzerritar bezala bizi izan zen, atzerrian egongo balitz bezala. Kanpadendatan bizi izan zen Isaak eta Jakobekin, berarekin batera promes beraren heredero zirenekin. 10 Zeren Abrahamek benetako oinarriak dituen hiria itxaroten zuen, Jainkoak diseinatu eta eraiki duen hiria*.
11 Fedeari esker, Sarak ere, nahiz eta dagoeneko haurrak izateko adina pasa zitzaion, ondorengotza sortzeko boterea jaso zuen, zeren promesa egin ziona leiala* zela sinetsi zuen. 12 Arrazoi horregatik, hilda bezala zegoen gizon bakar batengandik seme-alaba asko jaio ziren, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarra bezain kontaezina.
13 Guzti horiek fedean sendo zeudela hil ziren, nahiz eta ez zituzten promestutako gauzak jaso. Baina urrunetik ikusi eta pozik onartu zituzten, eta publikoki esan zuten lurralde horretan atzerritarrak zirela eta denbora batez bizi zirela bertan. 14 Eta horrela hitz egiten dutenek argi uzten dute gogotsu ari direla bilatzen beraientzako toki bat. 15 Hala ere, utzi zuten tokiari buruz pentsatzen jarraitu izan balute, bertara itzultzeko aukera aurkituko zuten. 16 Baina orain toki hobe bat lortzen saiatzen ari dira, hau da, zeruko tokia. Horregatik, Jainkoa ez da beraiez lotsatzen, ezta «beraien Jainko» deitua izateaz ere, zeren hiri bat prestatu du beraientzat.
17 Fedeari esker, Abrahamek, proban jarria izan zenean, ia-ia Isaak eskaini zuen —hala da, promesak pozik jaso zituen gizona bere seme bakarra* eskaintzen saiatu zen—, 18 aurretik honakoa esan zitzaion arren: «Isaaken bidez etorriko da “zure ondorengotza” deitua izango dena». 19 Baina Abraham ziur zegoen Jainkoak Isaak hildakoen artetik berpiztu* ahal izango zuela, eta halaxe jaso zuen hildakoen artetik modu sinbolikoan.
20 Fedeari esker ere, Isaakek etorkizuneko gauzen inguruan bedeinkatu zituen Jakob eta Esau.
21 Fedeari esker, Jakobek, hiltzear zegoela, Joseren seme bakoitza bedeinkatu zuen, eta bere makilaren goialdeari eutsita Jainkoa adoratu zuen.
22 Fedeari esker, Josek, bere bizitzaren amaierara hurbiltzen ari zela, israeldarren irteerari buruz hitz egin zuen eta bere hezurrei* buruzko instrukzioak* eman zituen.
23 Fedeari esker, Moises jaio zenean, bere gurasoek hiru hilabetez ezkutatu zuten, zeren haurtxoa ederra zela ikusi zuten eta ez zioten erregearen aginduari beldurrik izan. 24 Fedeari esker, gizon heldua zenean, Moisesek Faraoiaren alabaren seme deitua izateari uko egin zion. 25 Jainkoaren herriarekin batera tratu txarrak sufritzea aukeratu zuen, gutxi irauten duten bekatuaren plazerez gozatu ordez. 26 Izan ere, Kristo* izateagatik sufritu zuen mespretxua Egiptoko altxorrak baino askoz ere baliotsuagoa zen berarentzat, zeren sariari adi-adi begiratzen zion. 27 Fedeari esker, Egiptotik alde egin zuen erregearen haserreari beldurrik izan gabe, zeren tinko mantendu zen ikusezina den hura ikusten egongo balitz bezala. 28 Fedeari esker, Pazkoa ospatu zuen eta ateen markoak odolez zipriztindu zituen, suntsitzaileak beraien lehensemeei minik ez egiteko*.
29 Fedeari esker, herriak Itsaso Gorria lur lehorretik izango balitz bezala zeharkatu zuen. Baina egiptoarrak gauza berbera egiten saiatu zirenean, itsasoak irentsi egin zituen.
30 Fedeari esker, Jerikoko harresiak erori ziren, herriak zazpi egunez harresiari bueltak eman ondoren. 31 Fedeari esker, Rahab prostituta ez zen desobedienteekin batera hil, zeren espioiak modu baketsuan hartu zituen.
32 Eta zer gehiago esango dut? Izan ere, ez nuke denbora nahikorik izango Gedeon, Barak, Samson, Jefte eta Dabidi buruz hitz egiteko, ezta Samuel eta beste profetei buruz hitz egiteko ere. 33 Fedeari esker, erreinuak garaitu zituzten, justizia egin zuten, promesak eskuratu zituzten, lehoien ahoak itxi zituzten, 34 suaren indarra itzali zuten, ezpataz hiltzetik ihes egin zuten, ahul izatetik indartsu izatera pasa ziren, gerran boteretsuak izan ziren eta armada inbaditzaileak garaitu zituzten. 35 Emakume batzuek hildako beraien senideak berreskuratu zituzten berpizkundearen bitartez. Baina beste gizon batzuk torturatuak izan ziren, zeren ez zuten onartu erreskateren baten bitartez aske gelditzea, horrela, berpizkunde hobea lortu ahal izateko. 36 Bai, beste batzuk burlen eta zigorren* bitartez izan ziren probatuak, eta hori baino gehiago, kateen eta kartzelen bitartez. 37 Harrikatu, probapean jarri, zerraz bi zatitan* moztu eta ezpataz hil zituzten, toki batetik bestera ibili ziren ardien eta ahuntzen larruak jantzita, beharrak, zailtasunak eta tratu txarrak sufritzen zituzten bitartean; 38 eta munduak ez zituen merezi. Noraezean ibili ziren basamortu, mendi, kobazulo eta lurreko zuloetan zehar.
39 Eta, nahiz eta guztiek beraien fedeari esker Jainkoaren aprobazioaren testigantza jaso zuten, ez zuten promestutakoa jaso, 40 zeren Jainkoak zerbait hobea zuen pentsatuta guretzat. Horrela, beraiek ezin ziren gu gabe perfekzionatuak izan.