Apokalipsia
21 Orduan, zeru berri bat eta lur berri bat ikusi nituen; zeren aurreko zerua eta aurreko lurra desagertu egin ziren, eta jadanik itsasoa ez da existitzen. 2 Hiri santua ere ikusi nuen, Jerusalem Berria, zerutik, Jainkoarengandik jaisten; eta emaztegai bat bezala zegoen prestatuta, bere senarrarentzat apainduta dagoen emaztegai bat bezala. 3 Gero, ahots ozen bat entzun nuen tronutik esaten: «Begira! Jainkoaren denda gizakiekin dago; Jainkoa beraiekin biziko da, eta beraiek bere herri izango dira. Eta Jainkoa bera egongo da beraiekin. 4 Eta Jainkoak beraien begietako malkoak lehortuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez tristurarik*, ez negarrik, ez minik. Iraganeko gauzak desagertu egin dira».
5 Eta tronuan eserita zegoenak esan zuen: «Begira! Gauza guztiak berriak egiten ari naiz». Gainera, esan zuen: «Idatzi hitz hauek, zeren fidagarriak eta egiazkoak dira». 6 Eta esan zidan: «Dagoeneko bete dira! Neu naiz Alfa eta Omega*, hasiera eta amaiera. Egarri denari biziaren uraren iturritik emango diot dohainik. 7 Garaitzen duenak gauza horiek heredatuko ditu, eta ni bere Jainkoa izango naiz eta bera nire semea. 8 Baina koldarrek, fedegabeek, zikinek eta nazkagarriek, hiltzaileek, sexualki moralgabeak* direnek, espiritismoa* praktikatzen dutenek, idolatrek eta gezurti guztiek, sufrez sutan dagoen lakuan bukatuko dute. Laku horrek bigarren heriotza irudikatzen du».
9 Orduan, aingeru bat —zazpi ontziak azken zazpi plagez beteta eramaten zituzten zazpi aingeruetako bat— etorri zen eta esan zidan: «Zatoz, emaztegaia erakutsiko dizut, Bildotsaren emaztea». 10 Beraz, espirituaren bidez, mendi handi eta altu batera eraman ninduen, eta Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, zerutik, Jainkoarengandik jaisten, 11 eta hiriak Jainkoaren aintza zuen. Balio handiko harribitxiak bezala egiten zuen dir-dir, jaspe harri gardenak bezala. 12 Harresi handi eta altua zuen, eta 12 ate zituen 12 aingerurekin, eta ateetan Israelgo semeen 12 tribuen izenak zeuden idatzita. 13 Hiru ate zeuden ekialdean, hiru iparraldean, hiru hegoaldean eta hiru mendebaldean. 14 Hiriaren harresiak 12 harri zituen oinarri bezala, eta harri horietan Bildotsaren 12 apostoluen 12 izenak zeuden idatzita.
15 Nirekin hitz egiten ari zenak urrezko kanabera bat zuen hiria, ateak eta harresia neurtzeko. 16 Hiria karratua zen: bere luzera eta zabalera berdinak ziren. Hiria kanaberarekin neurtu zuen eta 2.220 kilometro inguru* neurtzen zituen; luzera, zabalera eta altuera berdinak ziren. 17 Harresia ere neurtu zuen eta, giza neurrien arabera, 144 ukondo* neurtzen zituen. Hori da, era berean, aingeruak erabili zuen neurria. 18 Harresia jaspez egina zegoen eta hiria urre hutsezkoa zen, beira bezain kristalinoa. 19 Hiriko harresiaren oinarriak mota askotako harribitxiz apainduta zeuden: lehenengo oinarria jaspea zen, bigarrena zafiroa, hirugarrena kaltzedonia, laugarrena esmeralda, 20 bosgarrena sardonizea, seigarrena sardioa, zazpigarrena krisolitoa, zortzigarrena beriloa, bederatzigarrena topazioa, hamargarrena krisoprasa, hamaikagarrena hiazintoa eta hamabigarrena ametista. 21 Gainera, 12 ateak 12 perla ziren; ate bakoitza perla bakarraz egina zegoen. Eta hiriko kale nagusia urre hutsezkoa zen, beira bezain gardena.
22 Hirian ez nuen tenplurik ikusi, Jainko Jehoba, Ahalguztiduna, hiriko tenplua delako, Bildotsa den bezalaxe. 23 Eta hiriak ez du bere gain eguzkiaren edota ilargiaren argirik behar, Jainkoaren aintzak argitzen baitu, eta bere lanpara Bildotsa da. 24 Nazioak hiriko argiari esker ibiliko dira, eta lurreko erregeek beraien aintza eramango dute bertara. 25 Bere ateak ez dira egun osoan itxiko, bertan ez delako gaurik izango. 26 Eta nazioen aintza eta ohorea eramango dira bertara. 27 Baina han inola ere ez da kutsatuta dagoen ezer sartuko, ezta gauza nazkagarriak eta engainagarriak egiten dituen inor ere; izena Bildotsaren biziaren erroiluan idatzita dutenak bakarrik sartuko dira.