1 Tesalonikarrei
3 Beraz, zuei buruzko berriak jasotzeko gehiago itxaron ezin izan genuenean, Atenasen gu bakarrik gelditzea hobe zela pentsatu genuen; 2 eta Timoteo —gure anaia eta Kristori buruzko berri onak predikatzen dituen Jainkoaren zerbitzaria*— zuengana bidali genuen zuek sendotzeko eta kontsolatzeko, zuen fedearen onerako; 3 horrela, zuetako inor ez da zailtasun horiengatik astindua* izango. Zeren badakizue ezin ditugula sufrimendu horiek saihestu*. 4 Izan ere, zuekin geundenean, zailtasunak izango genituela esaten genizuen; eta, badakizuen bezala, horixe da gertatu dena. 5 Horregatik, ezin izan nuenean gehiago itxaron, Timoteo bidali nuen zuengana, leial mantentzen ari ote zineten jakiteko. Zeren Tentatzaileak nolabait zuek tentatzea lortu izanak beldurtzen ninduen; izan ere, hori gertatu izan balitz, gure lana alferrikakoa izango zen.
6 Baina Timoteo zuek bisitatzetik iritsi berria da, eta zuen leialtasunari eta maitasunari buruzko berri onak ekarri dizkigu. Gainera, beti maitasunez gogoratzen gaituzuela eta gu ikusteko irrikan zaudetela dio, gu zuek ikusteko irrikan gauden bezalaxe. 7 Horregatik, anai-arrebok, zuei esker eta erakusten duzuen leialtasunarengatik, kontsolamendu handia jaso dugu gure sufrimendu* eta zailtasun guztietan. 8 Zeren zuek Jaunaren dizipulu bezala tinko mantentzen zaretenean, gu indarberrituta sentitzen* gara. 9 Horregatik, nola erakutsiko diogu Jainkoari gure esker ona zuengatik eta gure Jainkoaren aurrean sentiarazten diguzuen poztasun handiagatik? 10 Gau eta egun gure indar guztiekin erregutzen dugu, zuek aurrez aurre* ikusi eta zuen fedeari falta zaiona zuei eman ahal izateko eskatuz.
11 Gure Jainko eta Aitak, baita Jesus gure Jaunak ere, ireki dezatela zuek bisitatzera joateko bidea. 12 Horretaz gain, bete ditzala Jaunak zuen bihotzak maitasunez, bai, elkarri eta besteei diezuen maitasuna gero eta handiagoa egin dezala, guk zuengatik sentitzen dugun maitasuna handia den bezalaxe. 13 Horrela, berak zuen bihotzak sendo eta santutasunean akatsgabe egingo ditu gure Jainko eta Aitaren aurrean, Jesus gure Jaunaren presentzian zehar bere santu guztiekin.