Apokalipsia
4 Horren ondoren, zabalik zegoen ate bat ikusi nuen zeruan, eta lehenengo ahots bat entzun nuen; tronpetaren soinua bezalakoa zen eta nirekin hitz egiten zuen, esanez: «Igo hona; gertatu behar diren gauzak erakutsiko dizkizut». 2 Hori entzun eta gero, segituan, espirituaren eraginpean egotera iritsi nintzen. Eta hara! Tronu bat ikusi nuen zeruan eta norbait zegoen bertan eserita. 3 Eta tronuan eserita zegoenak jaspe harriaren eta sardio harriaren* itxura zuen, eta tronuaren inguruan esmeralda itxurako ortzadarra zegoen.
4 Tronuaren inguruan 24 tronu zeuden, eta tronu horietan 24 adindun ikusi nituen eserita. Jantzi zuriak zeramatzaten, eta buruan urrezko koroak zituzten. 5 Tronutik tximistak, ahotsak eta trumoiak ateratzen ziren, eta tronuaren aurrean suzko zazpi lanpara zeuden piztuta. Lanpara horiek Jainkoaren zazpi espirituak irudikatzen dituzte. 6 Tronuaren aurrean beirazko itsaso baten antzeko zerbait zegoen, kristala bezalakoa.
Tronuaren erdian* eta tronuaren inguruan lau izaki bizidun zeuden begiz beteta, bai aurretik, bai atzetik. 7 Lehenengo izaki bizidunak lehoi baten antza zuen, bigarren izaki bizidunak zezen gazte batena, hirugarren izaki bizidunak gizaki batenaren antzeko aurpegia zuen, eta laugarren izaki bizidunak hegan dabilen arrano bat zirudien. 8 Lau izaki bizidun horietako bakoitzak sei hego zituen begiz beteta kanpotik eta barrutik. Eta etengabe, gau eta egun, esaten dute: «Santu, santu, santua da Jainko Jehoba, Ahalguztiduna, zena eta dena eta datorrena».
9 Izaki bizidunek tronuan eserita dagoenari, beti-betirako bizi denari, aintza, ohorea eta eskerrak ematen dizkioten bakoitzean, 10 hogeita lau adindunak tronuan eserita dagoenaren aurrean belaunikatzen dira, eta beti-betirako bizi dena adoratzen dute. Beraien koroak tronuaren aurrean botatzen dituzte, esanez: 11 «Jehoba*, gure Jainkoa, zu zara aintza, ohorea eta boterea jasotzea merezi duena, zuk sortu baitzenituen gauza guztiak, eta zuk nahi izan zenuelako existitzen dira eta izan ziren sortuak».