Joan
12 Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara iritsi zen. Han bizi zen Lazaro, Jesusek hildakoen artetik berpiztu* zuena. 2 Bertan, afari bat prestatu zioten; Martak zerbitzatzen zien, eta Lazaro Jesusekin afaltzen ari zirenen* artean zegoen. 3 Orduan, Mariak usain goxoko libra* bat olio hartu zuen, benetako nardozkoa, oso garestia, eta Jesusen oinetan isuri zuen eta bere ileaz oinak lehortu zizkion. Etxe osoa usain goxoko olioaren usainaz bete zen. 4 Baina Judas Iskariotek —dizipuluetako batek, Jesus traizionatzear zegoenak— esan zuen: 5 «Zergatik ez da usain goxoko olio hau 300 denariotan* saldu eta dirua pobreei eman?». 6 Ez zuen hori esan pobreez kezkatzen zelako, baizik eta lapurra zelako; diru kutxa berak zuenez, bertan jartzen zen dirutik lapurtzen zuen. 7 Jesusek, orduan, esan zuen: «Utzi ezazue bakean. Jarraitu dezala ohitura horrekin nire hilobiratze eguna prestatzeko. 8 Zeren pobreak beti izango dituzue zuekin, baina ni ez nauzue beti zuekin izango».
9 Bitartean, judu talde handi batek Jesus han zegoela jakin zuen, eta ez ziren Jesus bakarrik ikustera etorri, Lazaro ikustera ere etorri ziren, Jesusek hildakoen artetik berpiztu* zuena. 10 Orduan, apaizburuek Lazaro ere hiltzeko konspiratu zuten, 11 zeren berarengatik judu asko joaten ziren hara, eta Jesusengan jartzen zuten fedea.
12 Hurrengo egunean, jaira etorritako jendetza handi batek Jesus Jerusalemera iristen ari zela entzun zuen. 13 Beraz, palmondo hostoak hartu zituzten, eta berarengana atera eta oihuka hasi ziren: «Mesedez, salbatu ezazu! Bedeinkatua Jehobaren* izenean datorrena, Israelgo Erregea!». 14 Jesusek astotxo* bat aurkitu zuenean, gainean eseri zen idatzia dagoen bezalaxe: 15 «Ez izan beldur, Siongo alaba. Begira! Zure erregea dator astotxo baten gainean eserita». 16 Jesusen dizipuluek ez zituzten gauza hauek ulertu hasiera batean. Baina Jesusek aintza jaso zuenean, orduan gogoratu zuten egin zizkioten gauza horiexek zirela berari buruz idatzita zeudenak.
17 Jesusek Lazarori hilobitik* deitu zionean eta hildakoen artetik berpiztu* zuenean berarekin zegoen jendeak, gertatutakoari buruzko testigantza ematen jarraitu zuen. 18 Horregatik ere joan zen jendetza Jesusengana, mirari* hori egin zuela entzun zuelako. 19 Orduan, fariseuek elkarri esan zioten: «Argi dago ez garela ezer lortzen ari. Begira! Mundu guztia joan da bere atzetik».
20 Jainkoa adoratzera jaira etorri zirenen artean, baziren greziar batzuk. 21 Hauek Feliperengana, Galileako Betsaidakoa zenarengana, hurbildu ziren, eta eskatu zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi dugu». 22 Felipe Andresi esatera joan zen. Orduan, Andres eta Felipe Jesusi esatera joan ziren.
23 Baina Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semeak aintza jasotzeko ordua. 24 Bene-benetan esaten dizuet: gari ale bat lurrera erori eta hiltzen ez bada, ale bat bakarrik izaten jarraitzen du; baina hiltzen bada, fruitu asko ematen du. 25 Bere bizia maite duenak galdu* egingo du, baina mundu honetan bere bizia gorrotatzen duenak betirako bizitzeko gordeko du. 26 Norbaitek zerbitzatu nahi banau, jarraitu diezadala; eta ni non, nire zerbitzaria ere han. Norbaitek zerbitzatu nahi banau, Aitak ohore emango dio. 27 Orain larrituta nago, eta zer esan dezaket? Aita, libra nazazu ordu zail honetatik. Hala ere, honetarako iritsi naiz ordu honetara. 28 Aita, aintza eman zure izenari». Orduan, ahots bat atera zen zerutik, esanez: «Aintza eman diot eta berriro ere emango diot».
29 Han zegoen jendetzak hori entzun zuen eta trumoia izan zela esaten hasi ziren. Beste batzuek esan zuten: «Aingeru batek hitz egin dio». 30 Orduan, Jesusek esan zuen: «Ahots hau ez da niregatik entzun, zuengatik baizik. 31 Orain mundu hau epaitua izaten ari da; orain mundu honetako agintaria kanpora jaurtia izango da. 32 Baina nik, lurretik altxatua izatean*, mota guztietako pertsonak erakarriko ditut nigana». 33 Hitz hauek esan zituen nolako heriotza izango zuen adierazteko. 34 Orduan, jendetzak erantzun zion: «Legearengatik dakigu Kristo betirako existituko dela. Nolatan esan dezakezu Gizonaren Semea lurretik altxatua izango dela? Nor da Gizonaren Seme hori?». 35 Beraz, Jesusek esan zien: «Argia pixka bat gehiago egongo da zuen artean. Ibili argia duzuen bitartean, iluntasunak harrapatu ez zaitzaten; iluntasunean dabilenak ez daki nora doan. 36 Argia duzuen bitartean, erakutsi fedea argiarengan eta, horrela, argiaren semeak izatera iritsiko zarete».
Gauza hauek esan ondoren, Jesusek alde egin eta beraiengandik ezkutatu zen. 37 Nahiz eta beraien aurrean hainbeste mirari* egin, ez zuten berarengan federik jartzen. 38 Horrela, Isaias profetak esandako hitz hauek bete ziren: «Jehoba, nork jarri du fedea gure mezuan*? Eta nori eman zaio ezagutzera Jehobaren besoa?». 39 Isaiasek ere esan zuen zergatik ezin zuten sinetsi: 40 «Begiak itsutu dizkie eta bihotza gogortu. Horrela, ez dute begiekin ikusiko, ez dute bihotzarekin ulertuko eta ez dira niregana itzuliko nik sendatzeko». 41 Isaiasek hori esan zuen bere aintza ikusi zuelako, eta berari buruz hitz egin zuen. 42 Hala eta guztiz ere, juduen agintarietako askok berarengan fedea jarri zuten. Baina ez zuten hori argi eta garbi aitortzen fariseuen beldur zirelako, ez baitzuten sinagogatik kanporatuak izan nahi. 43 Zeren gehiago maite zuten jendearen aprobazioa*, Jainkoaren aprobazioa baino.
44 Baina Jesusek ahots ozenez esan zuen: «Nigan fedea jartzen duenak ez du fedea nigan bakarrik jartzen, bidali nauenarengan ere jartzen du; 45 eta ikusten nauenak bidali nauena ere ikusten du. 46 Argia bezala etorri naiz mundura, nigan fedea jartzen duenak iluntasunean jarraitu ez dezan. 47 Baina norbaitek nire hitzak entzun eta ez baditu obeditzen, nik ez dut epaitzen; ez bainaiz mundua epaitzera etorri, salbatzera baizik. 48 Ni baztertu eta nire hitzak onartzen ez dituenak badu nork epaitu: esan ditudan hitzek epaituko dute azken egunean. 49 Nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta bidali nauen Aita izan da zer esan eta zer hitz egin agindu didana. 50 Eta badakit bere aginduak betirako bizia esan nahi duela. Beraz, esaten dudan guztia Aitak esan didan bezalaxe esaten dut».