1 Pedro
5 Beraz, zuen artean dauden adindunei, nik, beraiek bezala adindun naizen honek, Kristoren sufrimenduen lekuko den honek eta ezagutzera emana izango den aintzaren partaide den honek, hau erregutzen* diet: 2 artzainek bezala, zaindu zeuen esku dagoen Jainkoaren artaldea arduradun bezala zerbitzatuz*, ez behartuta, Jainkoaren aurrean gogo onez baizik; ez egin hori dirua eta ondasunak kodiziaz lortzeko asmoz, bihotz-bihotzez baizik; 3 ez egin hori Jainkoaren herentzia direnen jabeak izango bazinete bezala, artaldearentzat eredu izanez baizik. 4 Eta artzain nagusia agertzean, zimeltzen ez den aintzazko koroa jasoko duzue.
5 Era berean, zuek, gazteagoak zareten gizonok, adinekoagoak diren gizonen* autoritatea errespetatu*. Zuek guztiok, berriz, jantzi zaitezte apaltasunez bata bestearekin tratatzean, zeren Jainkoa harroputzen aurka dago, baina apalei merezigabeko eskuzabaltasuna erakusten die.
6 Beraz, apaldu zeuen buruak Jainkoaren esku boteretsuaren menpe jarriz, berak momentu egokian goratu zaitzaten, 7 zuen kezken zama* guztia beraren gainean botatzen duzuen bitartean, bera zuetaz arduratzen baita. 8 Mantendu zentzu ona eta egon erne! Zuen etsaia, Deabrua, zuen inguruan orroka dabilen lehoi bat bezalakoa da eta irensteko norbaiten bila* dabil. 9 Baina jarri zaitezte bere aurka, fedean sendo, mundu osoko anaiarte osoa zuen sufrimendu berbera jasaten ari dela jakinda. 10 Baina zuek denbora gutxiz sufritu ondoren, merezigabeko eskuzabaltasun osoaren Jainkoak berak —Kristorekin bat eginda bere betirako aintzara deitu zintuztenak— amaituko du zuen entrenamendua. Berak sendotuko zaituzte, berak indartuko zaituzte, berak oinarri sendo baten gainean jarriko zaituzte. 11 Jaso dezala berak boterea betirako. Amen.
12 Silbanoren* bidez —niretzat anaia leiala denaren bidez—, hitz gutxi batzuk idatzi dizkizuet zuek animatzeko asmoz eta Jainkoak benetako merezigabeko eskuzabaltasuna erakusten dizuela ziurtatzeko asmoz. Eutsi gogor eskuzabaltasun horri. 13 Babilonian dagoen emakumeak* —zuek bezala aukeratua izan denak— goraintziak bidaltzen dizkizue, baita Markosek ere, nire semeak. 14 Agurtu bata bestea anaiarteko* muxuz.
Izan dezazuela bakea zuek guztiok, Kristorekin bat eginda zaudetenok.