Efesoarrei
4 Beraz, nik —Jaunarengatik preso naizen honek— erregutzen dizuet: erakutsi ezazue zeuen portaeraren bidez, jaso zenuten deia merezi duzuela. 2 Izan guztiz umilak eta lasaiak*, eta izan pazientzia; jasan bata bestea maitasunez; 3 egin ahal duzuen guztia, bakearen loturaren bidez, espirituaren batasuna mantentzeko. 4 Gorputz bakar bat dago eta espiritu bakar bat, deituak izan zareten esperantza bakar bat dagoen bezalaxe. 5 Jaun bakar bat dago, fede bakar bat eta bataio bakar bat. 6 Guztion Jainko eta Aita bakar bat dago, guztion gainetik dagoena, eta guztion bidez eta guztiongan eragina duena.
7 Baina gutako bakoitzak merezigabeko eskuzabaltasuna jaso du, Kristok opari* hori banatu duen neurrian. 8 Zeren Idazkiek esaten dute: «Gora igo zenean, preso batzuk eraman zituen; gizonak eman zituen opari bezala». 9 Baina zer esan nahi dute «igo zen» hitzek? Ez al dute esan nahi lehenago behera jaitsi zela, hau da, lurrera? 10 Jaitsi zena da zeru guztien gain-gainetik igo zena, horrela, gauza guztiei osotasuna emateko.
11 Eta batzuk apostolu bezala eman zituen, beste batzuk profeta bezala, beste batzuk ebanjelizatzaile* bezala, eta beste batzuk artzain eta irakasle bezala. 12 Santuak zuzentzeko*, zerbitzu lanerako eta Kristoren gorputza sendotzeko* eman zituen, 13 gu guztiok fedean eta Jainkoaren Semearen ezagutza zehatzean bat eginda egon arte, gizon heldu baten heldutasuna izan arte eta Kristo bezala guztiz helduak izatera iritsi arte. 14 Beraz, ez gaitezen gehiago haur izan; ez gaitzatela olatuek astindu eta ez gaitzala edozein motatako irakaspenen haizeak hara eta hona eraman ere tranpetan dabiltzan gizonen bidez, maltzurkeriaz engainatzen dutenen bidez. 15 Horren ordez, egia esanez, maitasunak bultzatu gaitzala gauza guztietan haztera burua den, Kristoren, antza izateko. 16 Beraren bidez, gorputzeko atal guztiak harmoniaz elkarturik daude eta, beharrezkoa dena ematen duten artikulazioei esker, elkarlanean dabiltza. Atal bakoitzak ondo funtzionatzen duenean, gorputza hazten doa maitasunean sendotzen* den bitartean.
17 Horregatik, Jaunaren izenean esan eta erregutzen* dizuet ez jarraitzeko nazioetako jendea bezala bizitzen*, horiek beraien alferrikako pentsamenduen* arabera bizi baitira. 18 Mentalki iluntasunean daude eta Jainkoari dagokion bizitzatik urrun, beraien ezjakintasuna eta bihotz-gogortasuna dela eta. 19 Zentzu moral guztia galdu dutenez, jokabide lotsagabean* murgiltzen dira eta mota guztietako zikinkeria praktikatzen dute asetu gabe.
20 Baina zuek ez zenuten Kristo horrelakoa zenik ikasi, 21 berari entzun bazenioten eta beraren bidez irakatsiak izan bazineten behintzat, egia Jesusengan baitago. 22 Zuek izaera zaharra kendu behar duzuela ikasi zenuten, zuen aurreko portaerarekin bat datorren izaera eta bere desio engainagarrien bidez usteltzen joaten dena. 23 Zuen pentsatzeko modua* berritzen jarraitu behar duzue, 24 eta izaera berria jantzi behar duzue, Jainkoaren borondatearen arabera sortua izan zena, eta benetako justizia eta leialtasuna ezaugarri nagusi bezala dituena.
25 Beraz, orain, mota guztietako engainuak abandonatu dituzuenez, esan egia zuetako bakoitzak bere lagun hurkoari*, zeren guztiok bata besteari elkartuta gauden atalak gara. 26 Haserretzen zaretenean, ez egin bekaturik. Ez dadila eguzkia sartu haserre zaudeten bitartean. 27 Ez eman inongo aukerarik Deabruari*. 28 Lapurtzen duenak ez dezala gehiago lapurtu, baizik eta gogor lan egin dezala, bere eskuekin lan ona eginez. Horrela, beharra duenarekin konpartitzeko zerbait izango du. 29 Ez dadila zuen ahotik hitz ustelik atera. Horren ordez, izan dadila esaten duzuen guztia besteak beharraren arabera sendotzeko eta entzuten dutenen onerako. 30 Gainera, ez tristetu Jainkoaren espiritu santua. Izan ere, espiritu santu horrekin zigiluz markatuak izan zarete erreskatez askatuak izango zareten egunerako.
31 Kendu zuengandik edozein motatako erresumin bizi, haserre, amorru, garrasi eta hitz mingarri, baita gaiztakeria guztia ere. 32 Horren ordez, izan zaitezte bata bestearekin onak, tratatu ezazue elkar goxotasunez eta errukiz, eta barkatu elkarri eskuzabaltasunez, Jainkoak Kristoren bidez eskuzabaltasunez barkatu zizuen bezalaxe.