Efesoarrei
1 Nik, Paulok —Jainkoaren borondatez Kristo Jesusen apostoluak—, Efeson dauden eta Kristo Jesusekin bat eginda leial diren santuei:
2 Egon daitezela zuekin Jainko gure Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna eta bakea.
3 Goretsia izan dadila gure Jaun Jesu Kristoren Jainkoa eta Aita, zeren zeruko tokietan bedeinkatu gaitu bedeinkapen espiritual guztiekin Kristorekin bat eginda gaudelako. 4 Izan ere, munduaren hasiera baino lehen aukeratu gintuen berarekin* bat eginda egoteko, bere aurrean santu eta akatsik gabeak izan gaitezen maitasunean. 5 Zeren, atsegin duenaren eta bere nahiaren arabera, aldez aurretik aukeratu gintuen Jesu Kristoren bidez bere seme-alaba bezala adoptatuak izateko, 6 horrela, aintzaz beteriko bere merezigabeko eskuzabaltasunarengatik —bihotz onez bere Seme maitearen bidez erakutsi zigunarengatik— goratua izan dadin. 7 Bere Semearen bidez askapena lortu dugu erreskatez. Bai, bere odolaren bitartez gure ofentsen barkamena lortu dugu, Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunaren aberastasunen arabera.
8 Jainkoak merezigabeko eskuzabaltasun hori barra-barra eman zigun jakinduria eta ulermen* osoz, 9 bere nahiaren sekretu sakratua guri ezagutzera emanez. Atsegin duenaren arabera, berak helburu bezala 10 administrazio bat ezartzea* erabaki zuen finkatutako garaiak betetzean, Kristoren bitartez gauza guztiak biltzeko, zeruko gauzak eta lurreko gauzak. Bai, Kristoren bitartez, 11 hau da, bat eginda gaudenaren bitartez eta berarekin heredero izendapena jaso genuenaren bitartez —zeren aldez aurretik aukeratuak izan ginen Jainkoaren helburuaren arabera, hau da, bere nahian oinarrituta erabakitako gauza guztiak betetzen dituenaren helburuaren arabera—, 12 horrela, Jainkoaren aintza gure bidez goratua izan dadin, Kristorengan esperantza jartzen lehenengoak izan garenon bidez. 13 Baina egiaren hitza entzun ondoren, hau da, zuen salbamenari buruzko berri onak entzun ondoren, zuek ere esperantza jarri zenuten berarengan. Sinetsi ondoren, beraren bidez zigiluz markatuak izan zineten promestutako espiritu santuaz. 14 Eta espiritu santu hori jasoko dugun herentziaren garantia* da, Jainkoaren jabetza erreskate baten bidez libre geratzeko, bere aintza eta gorespenerako.
15 Horregatik, nik ere Jesus Jaunarengan duzuen fedeari buruz eta santu guztiei erakusten diezuen maitasunari buruz entzun nuenetik, 16 zuengatik etengabe ematen dizkiot eskerrak Jainkoari. Beti aipatzen zaituztet nire otoitzetan 17 Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia duen Aitak, jakinduriazko eta errebelaziozko espiritu bat zuei emateko, berari buruzko ezagutza zehatza lortzen duzuen bitartean. 18 Zuen bihotzeko begiak argitu ditu, jakin dezazuen zein esperantzatara izan zineten deituak, zeintzuk diren santuentzat herentzia bezala gordetako aintzaz beteriko aberastasunak* 19 eta zein paregabea den sinestunoi erakusten digun boterearen handitasuna. Handitasun hori bere indar boteretsuaren ekintzetan ikusten da. 20 Eta indar hori Kristo hildakoen artetik berpiztu* eta zeruko tokietan bere eskuinean eseri zuenean erabili zuen. 21 Gobernu, autoritate, botere eta agintaritza guztien eta aipatu daitezkeen izen guztien gain-gainetik jarri zuen, ez sistema* honetan bakarrik, baita etorriko den sisteman ere. 22 Era berean, Jainkoak gauza guztiak menpean jarri zizkion oinen azpian, eta kongregazioarekin zerikusia duten gauza guztien buru egin zuen. 23 Kongregazioa bere gorputza da, gauza guztiak guztiongan betetzen dituenaren osotasuna.