Hebrearrei
4 Beraz, bere atsedenean sartzeko promesak indarrean jarraitzen duenez, kontuz ibili* behar dugu, zuetakoren batek promes hori galdu ez dezan. 2 Izan ere, beraiek bezala, guk ere berri onak jaso genituen; baina entzun zuten mezua ez zen lagungarria izan beraientzat, zeren ez zeuden obeditu zutenekin fedean elkartuta. 3 Baina gu, fedea erakutsi dugunok, atsedenean sartzen gara. Beraiei buruz, aldiz, honakoa esan zuen: «Orduan, zin egin nuen haserre: “Ez dira nire atsedenean sartuko”», nahiz eta bere ekintzak munduaren hasieratik bukatuta zeuden. 4 Zeren pasarte batean berak honakoa esan zuen zazpigarren egunari buruz: «Eta zazpigarren egunean, Jainkoak atseden hartu zuen bere ekintza guztietatik». 5 Eta ondorengoa ere esaten du: «Ez dira nire atsedenean sartuko».
6 Berri onak lehenengo jaso zituztenak, beraien desobedientziagatik, ez ziren atsedenean sartu. Baina batzuk oraindik bertan sartuko dira. 7 Hori dela eta, Jainkoak berriro ere egun bat finkatzen du Dabiden salmoan, denbora luze baten ondoren, «gaur» esatean; oraintxe bertan esan den bezala: «Gaur bere ahotsa entzuten baduzue, ez gogortu zeuen bihotza». 8 Zeren, Josuek atseden leku batera eraman izan balitu, Jainkoak ez zuen beranduago beste egun bati buruz hitz egingo. 9 Beraz, oraindik ere Larunbata bezalako atseden bat geratzen da Jainkoaren herriarentzat. 10 Zeren Jainkoaren atsedenean sartu denak bere ekintzetatik ere atseden hartu du, Jainkoak bere ekintzetatik atsedena hartu zuen bezala.
11 Horregatik, egin dezagun ahal dugun guztia atseden horretan sartzeko; horrela, inork ez du jarraituko desobedientzia patroi berbera. 12 Zeren Jainkoaren hitza bizirik dago eta boteretsua da. Bi ahoko edozein ezpata baino zorrotzagoa da, eta arima* espiritutik* eta artikulazioak hezur-muinetik banatzera arte sartzen da, eta pentsamenduak eta bihotzeko asmoak bereizteko gai da. 13 Eta ez dago Jainkoarengandik ezkutatuta dagoen sorkuntzarik, baizik eta gauza guztiak biluzik eta guztiz agerian daude kontuak eman behar dizkiogunaren aurrean.
14 Beraz, zeruan sartu den* apaiz nagusi handi bat dugunez —Jesus, Jainkoaren Semea—, eutsi diezaiogun sendo berari buruz ematen dugun deklarazio publikoari. 15 Zeren ez dugu gure ahultasunez errukitu ezin den apaiz nagusi bat, baizik eta zentzu guztietan gu bezala proban jarria izan den apaiz nagusi bat, baina bekaturik gabea. 16 Hurbil gaitezen, beraz, konfiantza* osoz merezigabeko eskuzabaltasunaren tronura; horrela, laguntza behar dugun momentuan bertan, errukia jasoko dugu eta merezigabeko eskuzabaltasuna aurkituko dugu.