Lukas
11 Behin, Jesus otoitz egiten ari zen toki jakin batean. Bukatu zuenean, bere dizipuluetako batek esan zion: «Jauna, irakatsiguzu otoitz egiten, Joanek bere dizipuluei irakatsi zien bezalaxe».
2 Orduan, esan zien: «Otoitz egiten duzuenean esan: “Aita, santu izan dadila zure izena. Etorri dadila zure Erreinua. 3 Emaguzu egun bakoitzean, egun horretarako behar dugun ogia. 4 Eta barkatu gure bekatuak, zeren guk geuk ere gurekin zorretan dauden guztiei barkatzen diegu. Eta ez utzi gu tentazioan erortzen*”».
5 Orduan, esan zien: «Pentsa zuetako batek lagun bat daukala eta gauerdian berarengana joaten dela eta esaten diola: “Hi, lagun, utzizkidak hiru ogi, 6 zeren lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez diat ezer hari eskaintzeko”. 7 Baina honek barrutik esaten dio: “Utzi nazak bakean. Atea giltzaz itxita zegok eta nire haurrak eta ni ohean gaituk. Ezin diat jaiki ezer ematera”. 8 Nik esaten dizuet: jaiki eta lagunari behar duen guztia emango dio, ez bere laguna izateagatik, atrebentziaz behin eta berriz eskatzen diolako baizik. 9 Beraz, nik esaten dizuet: segi eskatzen eta jasoko duzue; segi bilatzen eta aurkituko duzue; segi atea jotzen eta irekiko zaizue. 10 Hala da! Eskatzen duenak jasoko du, bilatzen duenak aurkituko du, eta atea jotzen duenari irekiko zaio. 11 Izan ere, ba al da zuen artean aitarik bere semeak arraina eskatzen badio, arrainaren ordez, sugea emango dionik? 12 Edo arrautza eskatzen badio, eskorpioia emango dionik? 13 Nahiz eta zuek gaiztoak izan, badakizue zuen seme-alabei gauza onak ematen. Orduan, zeruko Aitak nola ez die, ba, eskatzen diotenei espiritu santua emango?».
14 Beranduago, Jesusek gizon batengandik deabru bat bota zuen. Deabru honek gizona mutu uzten zuen eta, honengandik atera ondoren, mutua hizketan hasi zen. Orduan, jendetza zur eta lur geratu zen. 15 Baina batzuek esan zuten: «Beeltzebuben* bidez, hau da, deabruen agintariaren bidez, botatzen ditu deabruak». 16 Eta beste batzuek, bera probatu nahian, zeruko seinale bat exijitu zioten. 17 Zer pentsatzen ari ziren bazekienez, Jesusek esan zien: «Bere buruaren aurka zatituta dagoen edozein erreinu hondatu egiten da, eta bere buruaren aurka zatituta dagoen etxea erori egiten da. 18 Modu berean, Satanas bere buruaren aurka zatituta baldin badago, nola jarraituko du zutik bere erreinuak? Zeren zuek, deabruak Beeltzebuben bidez botatzen ditudala esaten duzue. 19 Nik deabruak Beeltzebuben bidez botatzen baditut, noren bidez botatzen dituzte zuen dizipuluek*? Horrexegatik, zuen dizipuluak izango dira oker zabiltzatela erakutsiko dutenak*. 20 Baina nik deabruak Jainkoaren behatzaren* bidez botatzen baditut, Jainkoaren Erreinuak ustekabean harrapatu zaituzte. 21 Gizon indartsu batek, ondo armaturik, bere jauregia zaintzen duenean, bere ondasunak seguru daude. 22 Baina bera baino indartsuagoa den norbaitek erasotzen eta garaitzen duenean, konfiantza ematen zioten arma guztiak kentzen dizkio eta harrapatutako ondasunak banatzen ditu. 23 Nire alde ez dagoena, nire aurka dago; eta nirekin biltzen ez duenak, sakabanatu egiten du.
24 «Espiritu gaizto* bat pertsona batengandik ateratzen denean, desertutik pasatzen da atseden hartzeko toki baten bila, baina aurkitzen ez duenean, esaten du: “Atera nintzeneko etxera bueltatuko naiz”. 25 Eta iristean, etxea eskobatuta eta apainduta aurkitzen du. 26 Orduan, joan egiten da eta bera baino gaiztoagoak diren beste zazpi espiriturekin bueltatzen da. Barruan sartu ondoren, bertan jartzen dira bizitzen. Beraz, pertsona horrek amaieran duen egoera, hasieran zuena baino okerragoa da».
27 Gauza hauek esaten ari zela, jende artetik emakume batek ozen esan zion: «Zoriontsua sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!». 28 Baina Jesusek esan zion: «Ez, hobeto esan, zoriontsuak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!».
29 Jendetza bere inguruan pilatzen ari zela, Jesusek esan zuen: «Belaunaldi hau belaunaldi gaiztoa da. Seinale baten bila dabil, baina emango zaion seinale bakarra Jonasena da. 30 Izan ere, Jonas ninivetarrentzako seinale bat izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea belaunaldi honentzat. 31 Hegoaldeko erregina, lurraren beste puntatik Salomonen jakinduria entzutera etorri zenez, Epai Egunean belaunaldi honetako gizonekin altxatuko da eta kondenatu egingo ditu. Baina, begira! Salomon baino inportanteagoa den norbait dago hemen. 32 Jonasek predikatu zienean damutu egin zirenez, ninivetarrak Epai Egunean belaunaldi honekin altxatu eta kondenatu egingo dute. Baina, begira! Jonas baino inportanteagoa den norbait dago hemen. 33 Olio lanpara bat piztean, inork ez du ezkutatzen edo saski* baten azpian jartzen, mahai gainean baizik, etortzen diren guztiek argia ikusteko. 34 Begiak gorputzeko lanpara dira. Zure begiak ongi enfokatuta daudenean*, zure gorputz osoak ere distira egiten du*. Baina inbidiaz beterik daudenean*, zure gorputza ere ilunpetan dago. 35 Kontuz ibili, ba, zuregan dagoen argia iluntasuna ez izateko. 36 Beraz, zure gorputz osoak parte ilunik izan gabe distira egiten badu, guztiak distira egingo du, lanpara batek bere izpiez argitzen zaituenean bezala».
37 Hau esan ondoren, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen. Orduan, honen etxera sartu eta mahaian eseri* zen. 38 Fariseua harrituta geratu zen jan aurretik eskuak garbitzen* ez zituela ikustean. 39 Baina Jaunak esan zion: «Begira, zuek, fariseuek, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, baina barrutik kodiziaz eta gaiztakeriaz beteta zaudete. 40 Zentzugabe halakoak! Kanpokoa egin zuenak, ez al zuen barrukoa ere egin? 41 Beraz, behartsuei laguntzean*, eman barrutik ateratzen diren gauzak, eta begira!, zuekin zerikusia duen guztia garbia izango da. 42 Baina ai, zuek, fariseuak, zeren mendaren, errudaren eta beste belar* guztien hamarrena ematen duzue, baina ez zarete Jainkoaren justiziaz eta maitasunaz arduratzen! Gauza hauen hamarrena ematea beharrezkoa zen, baina beste gauza inportante horiek ahaztu gabe. 43 Ai, zuek, fariseuak, zeren sinagogetan aurreko eserlekuetan* jartzea eta plazetan* jendeak agurtzea maite duzue! 44 Ai, zuek, zeren ia-ia ikusten ez diren hilobiak* bezalakoak zarete: jendea gainetik pasatzen da eta ez da konturatzen!».
45 Legean aditua zen batek erantzun zion: «Maisu, gauza hauek esanda gu ere iraintzen gaituzu». 46 Jesusek, orduan, esan zion: «Ai, zuek ere, legean adituak, zeren eramateko zailak diren zamak jartzen dizkiozue jendeari, baina zuek ez dituzue behatz bakar batekin ere ukitzen!
47 «Ai, zuek, zeren profeten hilobiak* eraikitzen dituzue, baina zuen arbasoek hil zituzten profeta haiek! 48 Argi dago zuen arbasoek egindakoaren lekuko zaretela eta horrekin ados zaudetela, zeren beraiek profetak hil zituzten, baina zuek haien hilobiak eraikitzen dituzue. 49 Horregatik esan zuen Jainkoaren jakinduriak: “Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet, baina batzuk hil eta pertsegituko dituzte. 50 Ondorioz, munduaren hasieratik isuri den profeta guztien odolaren kontuak eskatuko zaizkio belaunaldi honi. 51 Abelen odoletik hasi, eta aldarearen eta etxearen* artean hil zuten Zakariasen odoleraino”. Bai, nik esaten dizuet: belaunaldi honi eskatuko zaizkio honen kontuak.
52 «Ai, zuek, legean adituak, zeren jendeari jakinduriaren giltza kendu diozue. Zuek ez zarete sartu, eta sartzen ari direnei oztopoak jartzen dizkiezue!».
53 Handik atera ondoren, lege maisu eta fariseuak Jesusi izugarrizko presioa egiten hasi ziren, eta askoz galdera gehiago eginez eraso zuten, 54 esaten zuen zerbaitetan harrapatzeko asmoz.