1 Tesalonikarrei
4 Azkenik, anai-arrebok, Jainkoa pozteko nola bizi behar duzuen irakatsi dizuegu, eta horixe da egiten ari zaretena. Baina, orain, Jesus Jaunaren izenean eskatzen eta erregutzen dizuegu gauza horiek neurri handiagoan egiten jarraitzeko. 2 Zeren ezagutzen dituzue Jesus Jaunaren partez eman genizkizuen instrukzioak*.
3 Hau da Jainkoaren nahia: zuek santu izatea eta sexu moralgabekeria* baztertzea. 4 Zuetako bakoitzak bere gorputza kontrolatzen jakin behar du santu eta duin mantentzeko, 5 inoiz asetzen ez den kontrolik gabeko sexu pasiorik gabe, Jainkoa ezagutzen ez duten nazioetako pertsonek dutena bezalakoa. 6 Inork ez luke aproposa dena baino haratago joan behar eta kontu honetan bere anaia edo arrebaz aprobetxatu. Zeren, dagoeneko esan eta zorroztasunez abisatu genizuen bezala, Jehobak gauza guzti horiek zigortzen ditu. 7 Izan ere, Jainkoak ez gintuen zikinak izateko deitu, santuak izateko baizik. 8 Beraz, abisu horiek baztertzen dituena ez da gizakia baztertzen ari, Jainkoa baizik, espiritu santua ematen dizuena.
9 Bestalde, ez duzue guk zuei anaiarteko maitasunari buruz idazterik behar, zeren Jainkoak berak irakasten dizue elkar maitatzen. 10 Izan ere, dagoeneko hori egiten ari zarete Mazedoniako anai-arreba guztiekin. Baina animatzen zaituztegu, anai-arrebok, hori oraindik gehiago egiten jarraitzera. 11 Gogor saiatu bakean bizitzen, bakoitza bere kontuez arduratzen eta zuen eskuekin lan egiten, eman genizkizuen instrukzioak jarraituz. 12 Horrela, kanpokoek behar bezala jokatzen duzuela* ikusiko dute, eta zuek ez duzue ezeren beharrik izango.
13 Gainera, anai-arrebok, heriotzan lotan daudenei zer gertatuko zaien jakin dezazuen nahi dugu, esperantza ez dutenen antzera zuek triste ez egoteko. 14 Zeren Jesus hil eta berpiztua izan* zela sinesten badugu, Jesusen bitartez Jainkoak heriotzan lotan daudenak berarekin eramango dituela ere sinesten dugu. 15 Jehobaren* hitzean oinarrituta, honakoa esaten dizuegu: guk, bizirik egongo garenok eta Jaunaren presentzia arte biziraungo dugunok, ez ditugula inolaz ere heriotzan lo hartu dutenak aurreratuko. 16 Zeren Jauna bera zerutik jaitsiko da agindu* batekin, goiaingeru ahotsarekin eta Jainkoaren tronpetarekin, eta Kristorekin bat eginda dauden hildakoak berpiztuko* dira lehenengo. 17 Ondoren, gu, bizirik egongo garenok eta biziraungo dugunok, beraiekin batera lainoetan gora eramanak izango gara Jaunarekin airean elkartzeko; eta, era horretara, beti Jaunarekin egongo gara. 18 Beraz, segi elkar kontsolatzen hitz horiekin.