1 Pedro
4 Kristok haragian sufritu zuenez, zuek ere armatu zaitezte pentsatzeko modu berberaz*; zeren haragian sufritu duenak bekatu egiteari utzi dio 2 haragian bizitzeko geratzen zaion denboran Jainkoaren nahia bete ahal izateko, eta ez gizakien desioak betetzeko. 3 Zeren nahiko denbora pasa duzue nazioen nahia betetzen, jokabide lotsagabean*, neurrigabeko pasiotan, mozkorkerian, kontrolik gabeko festatan, asko edateko festatan eta legez kanpoko idolatriatan murgilduta. 4 Zuek ez duzuenez beraiekin batera bizimodu zikin eta neurrigabe berberean korrika jarraitzen, harrituta daude eta zuetaz gaizki esaka dabiltza. 5 Baina pertsona horiek kontuak emango dizkiote biziak eta hildakoak epaitzeko prest dagoenari. 6 Izan ere, horregatik eman zitzaizkien berri onak hildakoei ere, nahiz eta giza ikuspuntutik haragian epaituak izan, Jainkoaren ikuspuntutik espirituarekin bat eginda bizi daitezen.
7 Baina gauza guztien azkena hurbildu da. Beraz, izan zentzudunak eta egon beti otoitz egiteko prest*. 8 Guztiaren gainetik, maitatu bata bestea bihotz-bihotzez, maitasunak bekatu asko estaltzen ditu eta. 9 Erakutsi hospitalitatea bata besteari kexatu gabe. 10 Zuetako bakoitzak erabili dezala jaso duen dohaina besteak zerbitzatzeko, hainbat modutan adierazten den Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunaren etxezain on bezala. 11 Norbaitek hitz egiten badu, Jainkoaren mezuak transmititzen dituenak bezala hitz egin dezala; norbaitek besteak zerbitzatzen baditu, Jainkoak ematen duen indarraren esku dagoenak bezala zerbitzatu dezala; horrela, Jainkoak gauza guztietan aintza jasoko du Jesu Kristoren bidez. Jainkoarenak dira aintza eta boterea beti-betirako. Amen.
12 Anai-arreba maiteok, ez harritu sufritzen ari zareten proba latzengatik*, zerbait arraroa gertatzen ariko balitzaizue bezala. 13 Horren ordez, segi pozten Kristok izandako sufrimendu berberak sufritzen dituzuelako zuek ere. Horrela, bere aintza ezagutzera ematen denean ere, pozez eta zoriontasun handiz beteko zarete. 14 Eta Kristoren izenagatik iraintzen bazaituztete ere, zoriontsuak zarete aintzaren espiritua, bai, Jainkoaren espiritua, zuengan baitago.
15 Hala ere, zuetako inork ez dezala sufritu hiltzaile, lapur edo gaizkile izateagatik, edota besteen kontuetan muturra sartzeagatik. 16 Baina norbaitek kristau izateagatik sufritzen badu, ez dadila lotsatu; horren ordez, jarraitu dezala Jainkoari aintza ematen izen hori eramaten duen bitartean. 17 Zeren iritsi da epaia hasteko finkatutako garaia, eta Jainkoaren etxetik hasiko da. Noski, epaia gurekin hasten bada, zer gertatuko ote zaie Jainkoaren berri onak obeditzen ez dituztenei? 18 «Eta justua den pertsona nekez baldin bada salbatua, zer gertatuko ote zaie Jainkoa errespetatzen ez dutenei eta bekatariei?». 19 Beraz, Jainkoaren nahia egiteagatik sufritzen ari direnek jarraitu dezatela euren buruak Sortzaile leialaren eskuetan jartzen, ondo dagoena egiten duten bitartean.