Kolosarrei
3 Baina zuek Kristorekin batera berpiztuak* izan bazineten, segi goiko gauzak bilatzen; bertan dago Kristo Jainkoaren eskuinean eserita. 2 Pentsatu etengabe goiko gauzetan, ez lurreko gauzetan. 3 Zeren zuek hil egin zineten, eta zuen bizia Kristorekin —Jainkoarekin bat eginda dagoenarekin— ezkutatuta dago. 4 Kristok, gure bizia denak, bere boterea erakusten duenean*, orduan zuek ere bere aintza duzuela agerian geratuko da.
5 Beraz, hilarazi itzazue lurrean dauden zeuen gorputzeko atalak, hurrengoetan ez erortzeko: sexu moralgabekeria*, zikinkeria, kontrolik gabeko sexu pasioak, desio txarrak eta kodizia, idolatria dena. 6 Gauza horiengatik dator Jainkoaren haserrea. 7 Zuek ere horrela portatzen* zineten zuen aurreko bizimoduan*. 8 Baina orain ondorengo gauza guztiak baztertu behar dituzue: amorrua, haserrea, gaiztakeria eta hitz mingarriak, eta ez dadila zuen ahotik hitz lizunik atera. 9 Ez esan gezurrik bata besteari. Kendu izaera* zaharra eta bere ekintzak, 10 eta jantzi izaera berria. Izaera berri hori, ezagutza zehatzaren bidez, sortu zuenaren irudiaren arabera berritzen doa. 11 Horretan, ez dago ez greziarrik eta ez judurik, ez zirkunzidaturik eta ez zirkunzidatu gaberik, ez atzerritarrik eta ez eszitiarrik*, ez esklaborik eta ez gizon librerik, baizik eta Kristo guztia da eta guztiengan dago.
12 Beraz, Jainkoaren aukeratuak zaretenez, santu eta maiteak, jantzi zaitezte erruki goxoz, izan atseginak, apalak eta lasaiak*, eta erakutsi pazientzia. 13 Segi bata bestea jasaten eta elkarri eskuzabaltasunez barkatzen, baita norbaitek beste baten aurka kexatzeko arrazoirik badu ere. Jehobak* eskuzabaltasunez barkatu zizuen; beraz, egin zuek ere gauza bera. 14 Baina, gauza guzti horiez gain, jantzi zaitezte maitasunez, batasun lotura perfektua baita.
15 Gainera, agindu* dezala Kristoren bakeak zuen bihotzetan, zeren zuek bake horretara deituak izan zineten gorputz bakar bat osatzeko. Horretaz gain, erakutsi zuen esker ona. 16 Kristoren hitzak jakinduria osoz erabat bete zaitzatela. Segi elkarri irakasten eta bata bestea animatzen* salmoekin, Jainkoari zuzendutako gorespenekin eta esker onez abestutako kanta espiritualekin. Kantatu Jehobari bihotz-bihotzez*. 17 Egiten duzuen edozein gauza, hitzez edo ekintzez egiten duzuela ere, egin dena Jesus Jaunaren izenean eta, beraren bidez, eman eskerrak Jainko Aitari.
18 Zuek, emazteok, errespetatu zeuen senarren autoritatea*, Jaunaren dizipulu batengandik espero den bezala. 19 Zuek, senarrok, segi zeuen emazteak maitatzen eta ez izan zakarrak* beraiekin. 20 Zuek, seme-alabok, obeditu zeuen gurasoak gauza guztietan, horrek Jauna pozten baitu. 21 Zuek, aitok*, ez haserrearazi* zeuen seme-alabak, desanimatu ez daitezen. 22 Zuek, esklabook, obeditu zeuen giza* jabeak gauza guztietan. Ez egin hori zuei begira daudenean* bakarrik, gizakiak pozteko asmoz, baizik eta bihotz zintzoa izanez eta Jehobari errespetu handia* erakutsiz. 23 Edozein gauza egiten ari zaretela ere, egin gogo* osoz, Jehobarentzat* izango balitz bezala, eta ez gizakientzat; 24 zeren badakizue Jehobarengandik jasoko duzuela herentzia sari bezala. Izan Jabearen, Kristoren, esklabo. 25 Gaizki dagoen zerbait egiten duena, zalantzarik gabe, egindakoagatik ordaintzera behartua izango da, eta Jainkoak ez du bereizketarik egiten*.