Hebrearrei
3 Horregatik, anai-arreba santuok —zerura joateko gonbidapena* jaso duen taldearen partaide zaretenok—, hausnartu Jesusen ereduan, apostolu eta apaiz nagusi bezala onartzen dugunaren ereduan. 2 Jesus leiala izan zitzaion bera izendatu zuenari, Moises Jainkoaren etxe osoan leiala izan zen bezalaxe. 3 Izan ere, berak* Moisesek baino aintza handiagoa merezi du, zeren etxe bat egiten duenak etxeak berak baino ohore handiagoa du. 4 Noski, etxe guztiek dute beraien egilea, baina gauza guztien egilea Jainkoa da. 5 Moises Jainkoaren etxe osoaren zerbitzari bezala leiala izan zen, eta horrek gero esango ziren gauzak irudikatu zituen*. 6 Baina Kristo Jainkoaren etxearen kargu dagoen seme bezala izan zen leiala. Eta gu bere etxea gara, baldin eta hitz egiteko dugun askatasunari* eta harrotzen gaituen esperantzari amaiera arte gogor eusten badiegu.
7 Horregatik, espiritu santuak dioen bezala: «Gaur bere ahotsa entzuten baduzue, 8 ez gogortu zeuen bihotza, zuen arbasoek basamortuko proba egunean nire haserre bizia piztu zutenean egin zuten bezala. 9 Bertan, 40 urtez nire ekintzak ikusi arren, ni proban jarri eta desafiatu ninduten. 10 Horregatik, belaunaldi horrekin nazkatuta amaitu nuen, eta honakoa esan nuen: “Beti desbideratzen dira beraien bihotzean, eta ez dira nire bideak ezagutzera iritsi”. 11 Orduan, zin egin nuen haserre: “Ez dira nire atsedenean sartuko”».
12 Kontuz ibili, anai-arrebok, zeren zuetako norbait Jainko biziarengandik urruntzen bada, bihotz gaizto eta fedegabea edukitzera iritsi daiteke. 13 Horren ordez, segi bata bestea animatzen egunero, «gaur» deitzen den egunak irauten duen bitartean; horrela, bekatuaren botere engainagarriak ez du zuetako inor gogortuko. 14 Zeren, berez, Kristoren partaide izatera iristeko* modu bakarra dago: hasieran genuen konfiantzari amaiera arte gogor eustea. 15 Esaten den bezala: «Gaur bere ahotsa entzuten baduzue, ez gogortu zeuen bihotza, zuen arbasoek nire haserre bizia piztu zutenean egin zuten bezala».
16 Zeren nortzuk izan ziren Jainkoaren ahotsa entzun eta, hala ere, bere haserre bizia piztu zutenak? Ez al ziren Moisesek gidatuta Egiptotik atera ziren guztiak izan? 17 Are gehiago, norekin egon zen nazkatuta Jainkoa 40 urtez? Ez al zen izan bekatu egin zutenekin, basamortuan hilda erori zirenekin? 18 Eta nori zin egin zien ez zirela bere atsedenean sartuko? Ez al zen izan desobeditu zutenei? 19 Ikusten dugu, beraz, ezin izan zirela Jainkoaren atsedenean sartu fedea falta zitzaielako.