Filipoarrei
4 Beraz, ene kuttunok, esan dizuedan bezala, mantendu sendo Jaunaren dizipulu bezala. Ene anai-arreba maiteok, zuek ikusteko irrikaz nago. Zuek zarete nire poza eta koroa.
2 Ebodiari eta Sintikeri erregutzen diet Jaunarekin bat eginda modu berean pentsatzeko. 3 Eta zuri ere erregutzen dizut, benetako lankide* horri, emakume horiei laguntzen jarraitzeko, zeren, Klemente eta gainontzeko lankideekin batera, nire ondoan gogor egin dute lan* berri onen alde. Guzti hauen izenak biziaren liburuan daude idatzita.
4 Jauna dela eta, poztu zaitezte beti. Beste behin esaten dizuet: poztu zaitezte! 5 Jende guztiak jakin dezala arrazoitsuak zaretela. Hurbil da Jauna. 6 Ez zaitezte ezertaz larritu, baizik eta, edozein egoeratan, azaldu Jainkoari zeuen eskariak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez, 7 eta Jainkoaren bakeak, ulertu dezakeguna baino haratago doan bakeak, zuen bihotzak eta zuen pentsamenduak* babestuko ditu Kristo Jesusen bidez.
8 Azkenik, anai-arrebok, etengabe pentsatu* egiazkoak diren gauza guztietan, serioak diren gauza guztietan, justuak diren gauza guztietan, garbiak* diren gauza guztietan, maitasuna bultzatzen duten gauza guztietan, izen ona duten gauza guztietan, bertutetsuak diren gauza guztietan eta goraipamena merezi duten gauza guztietan. 9 Jarri praktikan niregandik ikasi eta onartu zenituzten gauzak, baita niri entzun eta egiten ikusi zenizkidaten gauzak ere, eta bakearen Jainkoa zuekin egongo da.
10 Asko pozten naiz eta Jaunari eskerrak ematen dizkiot azkenik berriro ere nitaz kezkatzen zaretelako. Nahiz eta nitaz kezkatuta egon, ez zenuten kezka hori erakusteko aukerarik izan. 11 Ez dut hori esaten beharrean nagoelako, zeren edozein egoeratan pozik egoten* ikasi dut. 12 Badakit zer den gutxi edukiz bizitzea eta zer den asko edukiz bizitzea. Edozertan eta edozein egoeratan pozik egotearen sekretua ikasi dut, asetuta egon nahiz gosez egon, asko eduki nahiz ezertxo ere ez eduki. 13 Gauza guztietarako indarrak ditut boterea ematen didan horri esker.
14 Hala ere, ederki egin zenuten momentu zailetan niri laguntzean. 15 Izan ere, filipoarrok, zuek ere badakizue, Mazedoniatik atera nintzenean —zuek berri onak lehen aldiz entzun ondoren—, kongregazio bakar batek ere ez zuela emateko eta jasotzeko kontuan nirekin parte hartu, zuek izan ezik; 16 zeren Tesalonikan nengoela, zerbait bidali zenidaten nire beharrak asetzeko, ez behin bakarrik, bitan baizik. 17 Ez naiz opari bila ari, baizik eta emateari esker lortzen den saria* lortu dezazuen nahi dut. 18 Hala ere, behar dudan guztia eta askoz gehiago dut. Ez zait ezer falta, Epafroditok zuek bidalitakoa eman baitzidan: usain goxoko sakrifizioa, Jainkoak atsegin handiz onartzen duena. 19 Nire Jainkoak, bere aldetik, Kristo Jesusen bidez, behar duzuen guztia emango dizue, aintzaz beteriko bere aberastasunak erabiliz. 20 Jaso dezala gure Jainko eta Aitak aintza beti-betirako. Amen.
21 Eman nire goraintziak Kristo Jesusekin bat eginda dauden santu guztiei. Nirekin dauden anaiek goraintziak bidaltzen dizkizuete. 22 Santu guztiek, baina bereziki Zesarren etxekoek, goraintziak bidaltzen dizkizuete.
23 Egon dadila Jesu Kristo Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna zuek erakusten duzuen espirituarekin.