Apokalipsia
17 Zazpi ontziak zituzten zazpi aingeruetako bat etorri zen eta esan zidan: «Zatoz, ur askoren gainean esertzen den prostituta handiaren aurkako sententzia* erakutsiko dizut. 2 Berarekin lurreko erregeek sexu harreman moralgabeak* izan zituzten, eta lurreko biztanleak bere sexu moralgabekeriaren* ardoarekin mozkortu ziren».
3 Eta, espirituaren bidez, basamortura eraman ninduen. Orduan, emakume bat ikusi nuen eskarlata* koloreko basapiztia baten gainean eserita. Basapiztia Jainkoa blasfematzen duten izenez beteta zegoen, eta 7 buru eta 10 adar zituen. 4 Emakumea purpuraz eta eskarlataz zegoen jantzita, eta urrez, harribitxiz eta perlaz zegoen apainduta. Eskuan urrezko kopa bat zuen, eta kopa gauza nazkagarriz eta bere sexu moralgabekeriaren* zikinkeriez beteta zegoen. 5 Izen misteriotsu bat zuen kopetan idatzita: «Babilonia Handia, prostituten eta lurreko gauza nazkagarrien ama». 6 Eta emakumea santuen odolarekin eta Jesusen lekukoen odolarekin mozkortuta zegoela ikusi nuen.
Emakumea ikustean, zur eta lur geratu nintzen. 7 Beraz, aingeruak esan zidan: «Zergatik harritzen zara? Nik kontatuko dizut emakumearen eta emakumea gainean eramaten duen basapiztiaren —7 buru eta 10 adar dituenaren— misterioa: 8 Ikusi zenuen basapiztia izan zen, baina orain ez da, eta hala ere, leize zulotik igotzear dago, eta suntsipenerantz doa. Lurreko biztanleak —munduaren hasieratik beraien izenak biziaren erroiluan idatziak izan ez direnak— harritu egingo dira basapiztia izan zela, baina orain ez dela, eta hala ere, presente egongo dela ikustean.
9 «Honako hau ulertzeko inteligentzia eta jakinduria beharrezkoak dira: 7 buruek emakumea eserita dagoen 7 mendiak irudikatzen dituzte. 10 Zazpi errege daude: 5 erori dira, bat bada, eta bestea oraindik ez da iritsi; baina iristen denean, denbora apur batez geratu behar da. 11 Eta izan zen baina orain ez den basapiztia, bera ere zortzigarren errege bat da; zazpietatik ateratzen da eta suntsipenerantz doa.
12 «Ikusi zenituen 10 adarrek 10 errege irudikatzen dituzte; errege horiek oraindik ez dute erreinurik jaso, baina basapiztiarekin batera ordubetez errege bezala agintzeko autoritatea jasoko dute. 13 Denek helburu bera* dute, eta horregatik ematen diote basapiztiari beraien boterea eta autoritatea. 14 Bildotsaren aurka borroka egingo dute, baina Bildotsak, jaunen Jauna eta erregeen Erregea denez, garaitu egingo ditu. Eta berarekin daudenek ere —deituak, aukeratuak eta leialak direnek— garaitu egingo dute».
15 Aingeruak esan zidan: «Ikusi zenituen urek —ur horietan dago prostituta eserita— herriak, jendetzak, nazioak eta hizkuntzak irudikatzen dituzte. 16 Ikusi zenituen 10 adarrek eta basapiztiak prostituta gorrotatuko dute, eta ezer gabe eta biluzik utziko dute. Bere haragia jango dute eta sutan guztiz erreko dute. 17 Zeren Jainkoak bere pentsamendua bete behar dutela jarri die bihotzean, hau da, beraiek amankomunean duten helburua* bete behar dutela, beraien errege autoritatea basapiztiari emanez, Jainkoaren hitzak bete arte. 18 Eta ikusi zenuen emakumeak, lurreko erregeen gain erregina bezala agintzen duen hiri handia irudikatzen du».