Santiago
4 Nondik datoz zuen artean dituzuen gerrak eta eztabaidak? Ez al dira zuen barrenean* borrokan dauden haragiaren desioetatik sortzen? 2 Zuek desiratzen duzue, baina, hala ere, ez daukazue. Hiltzen* eta kodiziatzen jarraitzen duzue, baina ezin duzue nahi duzuena lortu. Eztabaidatzen eta gerra egiten jarraitzen duzue. Ez daukazue, eskatzen ez duzuelako. 3 Eta eskatzen duzuenean, ez duzue jasotzen, zeren motibazio txarrarekin eskatzen duzue, zuen haragiaren desioak asetzeko.
4 Desleial halakook*! Ez al dakizue munduaren laguna izatea Jainkoaren etsaia izatea dela? Beraz, munduaren laguna izan nahi duena Jainkoaren etsaia egiten da. 5 Edo Idazkiek ondorengoa arrazoirik gabe diotela uste al duzue: «Gure barnean ezarri den espirituak inbidiaz desiratzen jarraitzen du»? 6 Hala ere, Jainkoak erakusten duen merezigabeko eskuzabaltasuna handiagoa da. Horregatik, Idazkiek diote: «Jainkoa harroputzen aurka dago, baina apalei merezigabeko eskuzabaltasuna erakusten die».
7 Beraz, jarri zaitezte Jainkoaren menpe; baina egin ezazue Deabruaren aurka, eta berak zuengandik ihes egingo du. 8 Hurbildu Jainkoarengana, eta bera zuengana hurbilduko da. Bekatariok, garbitu zuen eskuak, eta zalantzan zaudetenok, garbitu zuen bihotza. 9 Egon oso triste, sentitu pena eta egin negar. Bihurtu dadila zuen barrea pena, eta zuen poztasuna desesperazio. 10 Apaldu zeuen burua Jehobaren* aurrean, eta berak goratuko zaituzte.
11 Anai-arrebok, utzi bata bestearen aurka gaizki esaka aritzeari. Anaia baten aurka gaizki esaka dabilena edo bere anaia epaitzen duena, legearen aurka gaizki esaka dabil eta legea epaitzen du. Eta legea epaitzen baduzu, dagoeneko ez zara legea obeditzen duen norbait, epaile bat baizik. 12 Legegile eta Epaile bakarra dago; berak bakarrik du salbatzeko eta suntsitzeko gaitasuna. Zu, ordea, nor zara zu besteak epaitzeko?
13 Entzun orain zuek, honakoa esaten duzuenok: «Gaur edo bihar hiri hartara joango gara. Bertan, urtebete pasako dugu, negozioak egingo ditugu eta dirua irabaziko dugu». 14 Nahiz eta hori esaten duzuen, berez ez dakizue bihar zer gertatuko zaizuen. Zeren une batez agertzen eta gero desagertzen den behe-lainoa bezalakoak zarete. 15 Horren ordez, honakoa esan beharko zenukete: «Jehobak* nahi badu, biziko gara eta hau edo bestea egingo dugu». 16 Baina orain zeuen asmo handiez harrotzen zarete. Harrokeria guzti hori txarra da. 17 Beraz, norbaitek zuzena dena egiten baldin badaki, baina ez badu egiten, bekatu egiten ari da.