Titori
1 Nik, Paulok, Jainkoaren morroiak eta Jesu Kristoren apostoluak, Jainkoaren aukeratuen fedearen arabera eta egiaren ezagutza zehatzaren arabera, idazten dizut. Egia hori Jainkoari debozioa izatearekin bat dator 2 eta betirako biziaren esperantzan oinarrituta dago. Jainkoak, gezurrik esan ezin duenak, esperantza hori duela denbora asko promestu zuen 3 —baina berak, zehaztutako garaian, bere hitza ezagutzera eman zuen predikazioaren bidez, nire esku utzi zena gure Salbatzailearen, Jainkoaren, aginduz—. 4 Titori, konpartitzen dugun fedean nire benetako semea denari:
Egon daitezela zurekin Jainko Aitaren eta Kristo Jesus gure Salbatzailearen merezigabeko eskuzabaltasuna eta bakea.
5 Kretan utzi zintudan oker zeuden* gauzak zuzentzeko eta, eman nizkizun instrukzioen arabera, hiriz hiri adindunak izendatzeko: 6 adindunak akusaziorik gabekoa eta emazte bakarreko senarra izan behar du, neurririk gabe* eta errebeldiaz portatzeaz salatu ezin diren seme-alaba sinestedunak dituena. 7 Izan ere, Jainkoaren etxezain bezala, arduradunak akusaziorik gabekoa izan behar du; ez du burugogorra izan behar, ezta erraz haserretu behar ere; ez du mozkorra izan behar, ezta biolentoa* ere; eta ez ditu dirua eta ondasunak kodiziaz bilatu behar. 8 Horren ordez, hospitalitatea erakutsi eta ona dena maitatu behar du; zentzuduna*, justua eta leiala izan behar du, baita autokontrola eduki ere. 9 Irakastean*, hitz leialari* tinko eutsi behar dio. Horrela, irakaskuntza osasuntsuaren* bidez, besteak animatu* eta irakaskuntza horren kontra hitz egiten dutenak zentsuratu ahalko ditu.
10 Zeren badaude errebeldeak diren, zentzurik gabe hitz egiten duten eta besteak engainatzen dituzten gizon asko, bereziki zirkunzisioari gogor eusten diotenak. 11 Gizon horiei ahoa itxi egin behar zaie, zeren, dirua eta ondasunak lortzeko asmoarekin, familia osoen fedea suntsitzen ari dira, irakatsi behar ez dituzten gauzak irakatsiz. 12 Are gehiago, beraien arteko profeta batek honakoa esan zuen: «Kretarrak beti gezurtiak, piztia basatiak eta tripontzi alferrak dira».
13 Testigantza hori egia da. Horregatik, segi beraiek zorrotz zentsuratzen. Horrela, fedean osasuntsu egongo dira, 14 eta ez diete juduen kondairei eta egiatik aldentzen diren gizonen aginduei kasurik egingo. 15 Pertsona garbientzat gauza guztiak garbiak dira. Baina federik ez duten kutsatuentzat ezer ez da garbia, bai adimena, baita kontzientzia ere kutsatuta dutelako. 16 Publikoki Jainkoa ezagutzen dutela esaten dute, baina beraien ekintzekin Jainkoa baztertzen dutela erakusten dute, zeren nazkagarriak eta desobedienteak dira, eta ez dira onartuak izan inolako ekintza onik egiteko.