41. IKASKETARAKO ARTIKULUA
108. KANTA Jainkoaren maitasun leiala
Jainkoaren maitasunak betirako irauten du
«Eskerrak eman Jehobari, bera ona baita; bere maitasun leialak betirako irauten du» (SAL. 136:1, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Nola lagundu gaitzake Jehobaren maitasuna oinarrizko Biblia irakaspen bat dela gogoratzeak zailtasun baten aurrean?
1, 2. Zer erronkari aurre egin behar diote kristau askok?
IMAJINATU barku bat ekaitz bortitz baten erdian. Olatu erraldoiek itsasontzia gora eta behera astintzen dute. Norbaitek aingura botatzen ez badu, olatuek barkua eramango dute. Aingurak itsasontzia egonkor mantenduko du eta barkua noraezean joatea saihestuko du.
2 Arazo larri bati aurre egitean, barku hori bezala sentitu zaitezke. Zure emozioek gora eta behera egin dezakete. Beharbada, egun batean, ziur zaude Jehobak maite zaituela eta laguntzen ari zaizula. Baina hurrengo egunean, gertatzen ari zaizuna ikusten ote duen galdetzen diozu zeure buruari (Sal. 10:1; 13:2 [13:1, NWT]). Orduan, agian, lagun batek hitz atseginak esaten dizkizu eta, denbora batez, hobeto sentitzen zara (Esa. 17:17, NWT; 25:11). Baina beranduago, zalantzak itzultzen dira eta Jehobak ezin zaituela maite eta berarentzat ez duzula ezer balio pentsatzen hasten zara. Horrela sentitzen bazara, nola bota dezakezu aingura, nolabait esateko, arazo bati aurre egitean? Hau da, zer egin dezakezu Jehobak maite zaituen eta lagunduko dizun ziurtasuna izateko eta ziurtasun hori mantentzeko?
3. a) Zer esan nahi du 31. Salmoa 7 eta 136. Salmoa 1 bertsetetan agertzen den «maitasun leiala» terminoak? b) Zergatik esan dezakegu Jehoba ezaugarri horren eredurik bikainena dela? (Ikusi irudia ere)
3 Arazo baten aurrean egonkor mantentzen lagunduko dizun gauza bat Jehobaren maitasun leiala gogoratzea da (Irakurri 31. Salmoa 7; 136:1, NWTa). «Maitasun leiala» terminoak pertsona batek beste batengatik sentitzen duen lotura sakona eta iraunkorra adierazten du. Jehoba da maitasun leialaren eredurik bikainena. Izan ere, Bibliak Jehoba «maitasun leialez [...] betea» dagoela dio (Irt. 34:6, 7, NWT). Bibliak hurrengoa ere esaten du Jehobari buruz: «Zure maitasun leiala deitzen dizuten guztien alde izugarria da» (Sal. 86:5, NWT). Pentsa ezazu zer esan nahi duen horrek: Jehobak ez dituela inoiz bere zerbitzari leialak uzten! Egoera larri bati aurre egitean Jehoba leiala dela gogoratzeak arazoen aurrean tinko mantentzen lagunduko dizu (Sal. 23:4).
Ekaitz bortitz batean, aingurak itsasontzia noraezean joatea saihesten du. Era berean, Jehobarengan dugun konfiantzak tinko mantenduko gaitu zailtasunen aurrean (Ikusi 3. paragrafoa)
GOGORATU JEHOBAREN MAITASUNA OINARRIZKO BIBLIA IRAKASPEN BAT DELA
4. Aipatu oinarrizko Biblia irakaspen batzuk eta azaldu zergatik den zaila norbaitek gu kontrakoaz konbentzitzea.
4 Jehobaren maitasuna oinarrizko Biblia irakaspen bat bezala ikusteak Jehobaren maitasunean dugun konfiantza sendotzen lagunduko digu. Zer etortzen zaizu burura «oinarrizko Biblia irakaspen» entzuten duzunean? Agian, Jainkoaren Hitzean ikasi zenituen egietan pentsatzen duzu. Egia horien artean hurrengoak daude: Jainkoaren izena Jehoba dela, Jesus Jainkoaren Seme Bakarra dela, hildakoak inkontziente daudela eta gizakiak lurreko paradisu batean betirako biziko direla (Sal. 83:18, NWT; Ekl. [Koh.] 9:5; Joan 3:16; Ap. 21:3, 4). Irakaspen horiek onartu ondoren, zaila zen norbaitek zu kontrakoaz konbentzitzea. Zergatik? Sinesmen horiek frogetan oinarrituta daudela konturatu zinelako. Era berean, Jehobaren maitasuna oinarrizko Biblia irakaspen bat bezala ikusteak Jehobak zure egoera ikusten duela eta zainduko zaituela zalantzan ez jartzen lagunduko dizu. Ikus dezagun nola.
5. Deskribatu nola utzi ditzakegun atzean irakaspen faltsuak.
5 Biblia aztertzen hasi zinenean, zerk lagundu zizun sinesmen faltsuak atzean uzten? Ziurrenik, zure sinesmenak Bibliak esaten duenarekin konparatzeak lagundu zizun. Ikus dezagun adibide bat. Imajinatu Jesus Jainko Ahalguztiduna zela sinesten zenuela. Baina Biblia aztertzen hasi zinenean, hurrengoa galdetu zenion zeure buruari: «Egia al da irakaspen hori?». Bibliak gai horren inguruan dioena aztertu ondoren, Jesus Jainkoa ez dela ikasi zenuen. Ondoren, lehen zenuen sinesmen faltsua hurrengo Bibliako egiarekin ordezkatu zenuen: Jesus «izaki guztietan lehen-sortua» eta «Jainkoaren Seme bakarra» dela (Kol. 1:15; Joan 3:18). Noski, sinesmen faltsuak «sakonki errotuta» egon daitezke eta zaila izan daiteke horiek aldatzea (2 Ko. 10:4, 5). Baina hori egitea lortu zenuenean, ez zinen berriro atzean utzitako sinesmen faltsu horietara bueltatu (Flp. 3:13).
6. Zergatik errepikatzen da hainbeste aldiz «bere maitasun leialak betirako irauten du» esamoldea 136. Salmoan?
6 Antzeko zerbait egin dezakezu Bibliak Jehobaren maitasunari buruz irakasten duenarekin. Egoera zail bati aurre egiten ari zarenean Jehobak maite zaituela zalantzan jartzen hasten bazara, galdetu zeure buruari: «Zuzena al da nire pentsatzeko modua?». Konparatu Jehobaren maitasunari buruz dituzun zalantzak 136. Salmoa 1 (NWT) bertsetarekin —artikulu honetako aipu nagusiarekin—. Zergatik deskribatzen du Jehobak bere maitasuna «leiala» bezala? Zergatik errepikatzen da «bere maitasun leialak betirako irauten du» esamoldea 26 aldiz salmo horretan? Jehobak bere zerbitzariengatik sentitzen duen maitasun leiala oinarrizko Biblia irakaspen bat delako, onartzeko prest egon zinen beste oinarrizko Biblia irakaspen batzuk bezalakoa. Jehobarentzat baliorik ez duzula eta bere maitasuna ez duzula merezi gezurra da. Beraz, baztertu sinesmen hori beste edozein sinesmen faltsu baztertuko zenukeen tinkotasun berberarekin!
7. Aipatu Jehobak maite gaituela frogatzen duten aipu batzuk.
7 Biblian, Jehobak maite gaituen beste froga asko daude. Adibidez, Jesusek hurrengoa esan zien bere jarraitzaileei: «Txori askok baino gehiago balio duzue» (Mat. 10:31). Eta Jehobak berak honakoa esan zion bere herriari: «Nik emango dizkizut indarrak, bai, nik lagunduko zaitut. Nire eskuineko eskuarekin, justizia egiten duen eskuarekin, tinko helduko dizut» (Is. 41:10, NWT). Konturatu zara zein argiak diren esaldi horiek? Jesusek ez zuen esan: «Beharbada, gehiago balio duzue». Eta Jehobak ez zuen esan: «agian, lagunduko zaitut». Horren ordez, honakoa esan zuten: «Gehiago balio duzue» eta «lagunduko zaitut». Arazo bati aurre egitean noizbait Jehobak maite zaituela zalantzan jartzen baduzu, bertset horiek zu hobeto sentiarazteaz gain, Jehobak maite zaituela konbentzituko zaituzte. Aipu horiek egiatan oinarrituta daude. Zure zalantzei buruz Jehobari otoitz egiten badiozu eta bertset horietan hausnartzen baduzu, 1 Joan 4:16ko hitzak esan ahalko dituzu: «Guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak digun maitasuna».b
8. Zer egin dezakezu oraindik, batzuetan, Jehobak maite zaituen zalantzak badituzu?
8 Baina zer egin dezakezu oraindik, batzuetan, Jehobak maite zaituen zalantzak badituzu? Konparatu sentitzen duzuna Jehobari buruz dakizunarekin. Sentimenduak ez dira egiak bezain fidagarriak; eta Jehobak maite gaituela Bibliako egia bat da. Jehobak maite gaituela sinesten ez badugu, bere ezaugarririk garrantzitsuena, maitasuna, baztertzen arituko ginateke (1 Joan 4:8).
HAUSNARTU JEHOBAK ZUGATIK SENTITZEN DUEN LOTURA SAKONEAN
9, 10. Zeri buruz hitz egiten ari zen Jesus Joan 16:26, 27an agertzen diren «Aitak maite zaituzte» hitzak esatean? (Ikusi irudia ere)
9 Jehobaren maitasunari buruz gehiago ikasteko, Jesusek bere jarraitzaileei esan ziena aztertu dezakegu. Berak honakoa esan zien: «Aitak maite zaituzte» (Irakurri Joan 16:26, 27). «Maite» itzuli den jatorrizko termino grekoak Jehobak Jesusen dizipuluengatik sentitzen duen lotura sakona deskribatzen du. Zergatik esan zuen Jesusek hori? Bere dizipuluak animatzeko bakarrik? Ez. Testuinguruak argi uzten du Jesus otoitzari buruz ari zela.
10 Jesusek, aurretik, honakoa esan zien: otoitzak beraren bitartez egin behar zituztela, baina ez berari (Joan 16:23, 24). Bere dizipuluentzat garrantzitsua zen hori jakitea. Zergatik? Berpiztu ondoren, beharbada, dizipuluek Jesusi otoitz egin nahiko ziotelako. Azken finean, Jesus beraien laguna izatera iritsi zen. Dizipuluek honakoa arrazoitu zezaketen: Jesusek hainbeste maite zituenez, prest egongo zela beraiei entzuteko eta, ondoren, Jehobari beraien alde laguntza eskatzeko. Baina Jesusek ez zutela horrela pentsatu behar esan zien, horregatik gogorarazi zien: «Aitak maite zaituzte». Jesus, nolabait esanda, honakoa esaten ari zitzaien: «Otoitz egin nire Aitari, zuengatik ere lotura sakona sentitzen duelako». Zer esan nahi du horrek zuretzat? Biblia aztertzean, Jesus ezagutzera eta maitatzera iritsi zara. Ondorioz, bere dizipulua izatera iritsi zara (Joan 14:21). Beraz, lehen mendeko dizipuluek bezala, zuk ere Jehobak maite zaituen konfiantza izan dezakezu. Hori jakiteak Jehobak zure otoitzak entzuten dituela ziurtatzen dizu (1 Joan 5:14).
Jehobari konfiantza osoz otoitz egin ahal diozu, «Aitak maite zaitu[ela]» dakizulako (Ikusi 9 eta 10. paragrafoak)c
ULERTU NONDIK DATOZEN ZALANTZAK
11. Zergatik poztuko litzateke Satanas Jehobak maite gaituen zalantzak izango bagenitu?
11 Nondik etorri daitezke Jehobaren maitasunari buruzko zalantzak? Bibliaren arabera, Satanas gu irensten saiatzen ari da eta guk Jehobak maite gaituen zalantzak izatea nahi du (1 Ped. 5:8). Jehobak maitasunak bultzatuta eskaini zuen erreskatea, baina Satanasek bekatariegiak garela eta, ondorioz, erreskatea merezi ez dugula sinestarazi nahi digu (Heb. 2:9). Orduan, nor poztuko da Jehobak maite gaituen zalantzak baditugu? Satanas. Eta nor poztuko da arazoen aurrean desanimatzen bagara eta Jehoba zerbitzatzeari uzten badiogu? Satanas. Berak Jehobak ez gaituela maite sinestarazi nahi digu; baina, berez, bera da Jehobaren maitasuna galdu duena. Bere tranpa maltzurrenetako bat Jehobaren maitasuna galdu dutenak eta kondenatuak izan direnak gu garela sinestaraztea da (Efe. 6:11). Deabruaren taktika hori ezagutzeak bere aurka egiten jarraitzeko indarrak ematen dizkigu (St. 4:7).
12, 13. Nola sortu ditzake heredatu dugun bekatuak Jehobak maite gaituen zalantzak?
12 Jehobak maite gaituen zalantzek beste jatorri bat ere izan dezakete. Zein? Heredatu dugun bekatua —hau da, inperfekzioa edo bekatu egiteko dugun joera— (Sal. 51:7 [51:5, NWT]; Erm. 5:12). Bekatuak gizakiaren eta Jainkoaren arteko harremana kaltetu du. Ez hori bakarrik, ondorio mentalak, emozionalak eta fisikoak ere eragin dizkio gizakiari.
13 Bekatuak ondorio kaltegarriak izan ditu gure emozioetan. Ondorioz, errudun, larrituta, inseguru eta lotsatuta sentitzen gara. Egia da bekatu bat egiten dugunean horrela sentitu gaitezkeela. Baina heredatu dugun bekatuak ere horrelako sentimenduak eragin ahal dizkigu. Izan ere, inperfektuak garenez, ez gara hasiera batean Jehobak sortu gintuen modukoak (Erm. 8:20, 21). Hau hobeto ulertzeko, jarri dezagun adibide bat. Zulatutako gurpila duen ibilgailu batek ezin du hasiera batean diseinatua izan zen moduan funtzionatu. Guri ere gauza bera gertatzen zaigu: inperfekzioaren ondorioz, ezin dugu diseinatuak izan ginen potentzialarekin funtzionatu. Beraz, ez da harritzekoa batzuetan Jehobaren maitasunaren zalantzak izatea. Hori gertatzen bazaigu, gogoratu dezagun Jehoba «Jainko handi eta ikaragarria» dela eta «bera maite dutenei eta bere arauak obeditzen dituztenei maitasun leiala erakusten die[la]» (Neh. 1:5, NWT).
14. Nola laguntzen digu erreskatean hausnartzeak Jehobak maite gaituen ziurtasuna izaten? (Erromatarrei 5:8) (Ikusi «Erne egon “bekatuaren botere engainagarria[ren]” aurrean» taula ere)
14 Hala ere, batzuetan, Jehobaren maitasuna merezi ez dugula pentsatu dezakegu. Eta, berez, hala da; ez dugu merezi. Horrek egiten du maitasun hori hain berezia. Ez dugu ezer egin maitasun hori merezi izateko. Hala ere, maitasunagatik, Jehobak erreskatea eman zuen gure bekatuak barkatzeko (1 Joan 4:10). Gogoratu dezagun ere Jesus bekatariak salbatzera etorri zela, ez pertsona perfektuak (Irakurri Erromatarrei 5:8). Gutako inork ezin ditu gauzak modu perfektuan egin, eta Jehobak ez du hori espero. Heredatu dugun bekatuak Jehobak maite gaituen zalantzak sortu ditzakeela ulertzeak pentsamendu horien aurka egitera bultzatuko gaitu (Erm. 7:24, 25).
ERABAKI JEHOBARI LEIAL IZATEA
15, 16. Jehobari leial mantentzen bagara, zertaz egon gaitezke ziur, eta zergatik? (2 Samuel 22:26)
15 Jehobak guk erabaki zuzena hartzea nahi du, hau da, «berari atxikiak» bizitzea (Deu. 30:19, 20). Hori egiten badugu, ziur egon gaitezke bera leial izango zaigula (Irakurri 2 Samuel 22:26). Jehobari leial mantentzen bagara, berak edozein egoeraren aurrean irauten lagunduko digu.
16 Ikusi dugun bezala, zailtasunen aurrean tinko mantentzeko arrazoi asko ditugu. Badakigu Jehobak maite gaituela eta lagundu egingo digula. Horixe da Bibliak irakasten duena. Beraz, inoiz Jehobak maite gaituen zalantzak baditugu, gogoratu dezagun Jehobaren maitasunari buruz dakiguna eta ez gaitezen fidatu momentu horretan sentitzen dugunaz. Bibliak Jehobaren maitasun leialak betirako iraungo duela frogatzen du. Mantendu dezagun egia horretan dugun konfiantza!
159. KANTA Jehobarentzat aintza guztia!
a 31. Salmoa 7, NWT: «Poztasun izugarria sentituko dut zure maitasun leialarengatik, zuk nire sufrimendua ikusi duzulako, nire larritasun handia kontuan duzu». 136. Salmoa 1, NWT: «Eskerrak eman Jehobari, bera ona baita; bere maitasun leialak betirako irauten du».
b Beste adibide batzuk: Deuteronomioa 31:8; 94. Salmoa 14 (NWT); Isaias 49:15.
c IRUDIAREN AZALPENA: Anaia batek laguntza eskatzen du otoitzean gaixo dagoen bere emaztea zaintzeko, diru kontuetan erabaki onak hartzeko eta bere alabari Jehoba maitatzen irakasteko.