Watchtower ONLINE LIBURUTEGIA
Watchtower
ONLINE LIBURUTEGIA
Euskara
  • BIBLIA
  • ARGITALPENAK
  • BILERAK
  • w23 Urria 12.- 17. or.
  • Jehobak «sendo egingo zaituzte»

Ez dago bideorik aukeratutako testuan

Barkatu, akats bat gertatu da bideoa kargatzean.

  • Jehobak «sendo egingo zaituzte»
  • Talaia Jehobaren Erreinuaren berri ematen (Ikasketarako edizioa) 2023
  • Azpitituluak
  • Antzeko edukiak
  • OTOITZAK ETA IKASKETA PERTSONALAK SENDOTU AHAL ZAITUZTE
  • ANAI-ARREBEK SENDOTU AHAL ZAITUZTE
  • ETORKIZUNEKO ITXAROPENAK SENDOTU AHAL ZAITU
  • Jehobak pazientzia izan zuen Jonasekin
    Bibliari buruzko nire liburua
  • Jehobak indarra emango dizu
    Talaia Jehobaren Erreinuaren berri ematen (Ikasketarako edizioa) 2021
Talaia Jehobaren Erreinuaren berri ematen (Ikasketarako edizioa) 2023
w23 Urria 12.- 17. or.

43. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak «sendo egingo zaituzte»

«[Jehobak] tinko egingo zaituzte, sendo egingo zaituzte, oinarri sendo batean finkatuko zaituzte» (1 P 5:10, NWT).

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

ZER AZTERTUKO DUGU?a

1. Nola indartu zituen Jainkoak bere zerbitzari leialak iraganean?

GIZON leial asko indartsuak izan zirela irakurtzen dugu Biblian. Baina, indartsuena izan zena ere, ez zen beti indartsu sentitu. Esaterako, Dabid erregeak batzuetan «mendia bezain tinko» zela sentitu zuen. Beste batzuetan, aldiz, «larritu egin» zen (Sal 30:8 [30:7, NWT]). Jainkoaren espiritu santuari esker, Samsonek izugarrizko indar fisikoa jaso zuen. Hala ere, Jainkoaren indarrik gabe honakoa gertatuko zitzaiola onartu zuen: «Ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango» (Ep 14:5, 6; 16:17). Jehoba izan zen zerbitzari leial hauei indarra eman ziena.

2. Zergatik esan zuen Paulo apostoluak ahul eta aldi berean indartsu zela? (2 Korintoarrei 12:9, 10)

2 Paulo apostoluak bazekien berak ere Jehobaren indarra behar zuela (Irakurri 2 Korintoarrei 12:9, 10). Gutako askok bezala, Paulok osasun arazoei egin behar izan zien aurre (Ga 4:13, 14). Batzuetan, zaila egin zitzaion ondo zegoena egitea (Erm 7:18, 19). Eta, noizbehinka, larrituta sentitu zen gertatu ahal zitzaizkion gauzetan pentsatzean (2 Ko 1:8, 9). Hala ere, Paulo ahul zenean, indartsu egin zen. Zergatik? Jehobak eman ziolako behar zuen indarra, bera sendotuz.

3. Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?

3 Jehobak gu ere sendotuko gaituela promestu du (1 P 5:10, NWT). Baina, ezin dugu indar hau jasotzea espero ezer egiten ez badugu. Jarri dezagun adibide bat. Motore batek autoa mugiarazi dezake, baina horretarako gidariak azeleragailua zapaldu behar du. Antzera, Jehoba behar dugun indarra emateko prest dago. Baina, zerbait egin behar dugu probetxua ateratzeko. Zer laguntza ematen digu Jehobak gu sendotzeko? Eta zer egin behar dugu indar hori jasotzeko? Galdera hauek erantzuteko, Jehobak Jonas profeta, Jesusen ama Maria eta Paulo apostolua nola sendotu zituen aztertuko dugu. Gainera, Jehobak gaur egun ere bere zerbitzariak antzeko moduetan sendotzen dituela ikusiko dugu.

OTOITZAK ETA IKASKETA PERTSONALAK SENDOTU AHAL ZAITUZTE

4. Nola jaso dezakegu Jehobaren indarra?

4 Jehobaren indarra jasotzeko modu bat otoitz egitea da. Otoitz egiten dugunean, Jehobak «normala dena baino handiagoa den indarra» emanez erantzuten digu (2 Ko 4:7, NWT). Biblia irakurtzean eta honetan hausnartzean ere indarra jaso dezakegu (Sal 86:11). Jainkoaren Hitza «eragin handikoa» da guretzat (Heb 4:12). Jehobari otoitz egiten diozunean eta bere Hitza irakurtzen duzunean, zailtasunen aurrean irauteko, poza mantentzeko edo eginkizun zail bat betetzeko indarra jasoko duzu. Ikus dezagun nola sendotu zuen Jehobak Jonas profeta.

5. Zergatik behar izan zuen Jonas profetak ausardia?

5 Jonas profetak ausardia behar izan zuen. Jehobak eman zion eginkizuna bete beharrean, ihes egin zuen. Ondorioz, ekaitz bortitz baten eraginez, bere bizia ia galdu zuen eta beste marinelak arriskuan jarri zituen. Marinelek Jonas itsasora bota zutenean, arrain erraldoi batek irentsi zuen. Ondorioz, toki ilun eta beldurgarri batean amaitu zuen: arrainaren sabelean. Nola uste duzu sentituko zela Jonas? Hasiera batean, agian, bertan hilko zela espero edota Jehobak baztertu zuela pentsatuko zuen. Jonasek ziurrenik larritasun handia sentituko zuen.

Irudi multzoa: 1) Jonasek sutsuki otoitz egiten du arrainaren sabeletik. 2) Anaia batek sutsuki egiten du otoitz bere logelan. Bere ondoan, Biblia bat eta mugikor bat aurikularrekin daude.

Jonas profetaren antzera, nola jaso dezakegu indarra zailtasun baten aurrean gaudenean? (Ikusi 6-9 paragrafoak)

6. ​Jonas 2:2, 3, 8 (2:1, 2, 7, NWT)​ aipuen arabera, zerk indartu zuen Jonas arrainaren sabelean egon zen bitartean?

6 Zer egin zuen Jonasek toki ilun eta isolatu hartan indarra jasotzeko? Otoitz egin zuen (Irakurri Jonas 2:2, 3, 8 [2:1, 2, 7, NWT]). Jehobari desobeditu arren, Jonas damutu egin zen. Ondorioz, ziur egon zen Jehobak bere otoitz apala entzungo zuela. Gainera, Jonasek iraganean Idazkietan irakurritakoan hausnartu zuen. Nola dakigu hau? Jonas liburuko 2. kapituluan irakurtzen dugun otoitzean, Salmoetan azaltzen diren esaldi eta hitz asko agertzen direlako (Adibidez, konparatu Jonas 2:3, 6 [2:2, 5, NWT] aipua 69. Salmoa 2 [69:1, NWT] eta 86. Salmoa 7 aipuekin). Argi dago Jonasek primeran ezagutzen zituela pasarte haiek. Momentu latz hartan zehar pasarte horietan hausnartzeak Jehobak lagunduko zion konfiantza eman zion. Jehobak Jonas salbatu zuen eta, beranduago, bere eginkizun berria betetzeko prest egon zen (Jns 2:11-3:4 [2:10-3:4, NWT]).

7, 8. Nola jaso du indarra Taiwaneko anaia batek bere zailtasunetan zehar?

7 Jonasen eredua oso lagungarria izan daiteke zailtasun bati aurre egiten ari bagara. Adibidez, Zhi-mingb izeneko Taiwaneko anaia batek osasun arazo larriak ditu. Honetaz gain, Lekuko izateagatik bere familiarengandik oposizio biolentoa jasan behar du. Baina, otoitzaren eta ikasketa pertsonalaren bitartez, Jehobak indarrak ematen dizkio. Berak dio: «Batzuetan, arazoak azaltzen direnean, asko larritzen naiz. Ondorioz, ezin naizenez lasaitu, ikasketa pertsonala egitea ezinezkoa egiten zait». Baina, ez du amore ematen. Honakoa ere esaten du: «Hasteko, Jehobari otoitz egiten diot. Ondoren, aurikularrak jarri eta Erreinuaren kantak entzuten ditut. Noizbehinka, kanta hauek baxu abesten ditut lasaitzen naizen arte, eta gero ikasten hasten naiz».

8 Ikasketa pertsonalak espero gabeko moduetan sendotu du Zhi-ming anaia. Adibidez, ebakuntza larri batetik errekuperatzen ari zela, erizain batek globulu gorri gutxiegi zituela eta, ondorioz, odol transfusio bat beharko zuela esan zion. Ebakuntzaren aurreko gauean, operazio berdina izan zuen arreba baten bizipena irakurri zuen Zhi-ming anaiak. Arreba honek oraindik globulu gorri gutxiago izan arren, ez zuen odol transfusiorik onartu eta sendatu ahal izan zen. Bizipen honek Zhi-ming anaiari leial mantentzeko behar zuen indarra eman zion.

9. Zer egin dezakezu zailtasun batengatik larrituta sentitzen bazara? (Ikusi irudiak ere)

9 Zailtasun baten aurrean larritasuna sentitzeagatik, kostatu al zaizu inoiz Jehobari otoitz egitea? Edo ikasteko indarrik ez duzula sentitu al duzu noizbait? Gogoratu Jehobak zure egoera primeran ulertzen duela. Beraz, otoitz sinple bat bakarrik egin arren, ziur egon zaitezke Jehobak zehazki behar duzuna emango dizula (Ef 3:20). Gaixorik, nekatuta edo larrituta sentitzeagatik zaila egiten bazaizu Biblia irakurtzea eta aztertzea, Bibliaren edo gure argitalpenen audio grabaketak entzun ditzakezu. Gure kantetako bat entzun edo jw.org webguneko bideo bat ere ikusi dezakezu. Jehoba gu sendotzeko irrikan dago. Baina, horretarako, Berari otoitz egin eta ematen dizkigun laguntza espiritualetan bilatu behar dugu bere erantzuna.

ANAI-ARREBEK SENDOTU AHAL ZAITUZTE

10. Nola sendotzen gaituzte anai-arrebek?

10 Jehobak anai-arrebak erabili ditzake gu sendotzeko. Anai-arrebak «oso kontsolagarri[ak]» izan daitezke zailtasun bati aurre egitean edo jaso dugun eginkizun bat betetzea zaila egiten zaigunean (Kol 4:10, 11). Lagunak bereziki larrialdietan behar ditugu (Es 17:17). Ahul sentitzen garenean, gure anai-arreba maiteek fisikoki, emozionalki eta espiritualki lagundu gaitzakete. Azter dezagun nola sendotu zuten besteek Jesusen ama, Maria.

11. Zergatik behar izan zuen Mariak indarra?

11 Mariak Jehobaren nahia betetzeko indarra behar izan zuen. Gabriel aingeruak emandako eginkizun zaila jaso ondoren, ziur oso kezkatuta egongo zela. Nahiz eta Maria ezkonduta ez egon, haurdun geratuko zen. Eta bere kabuz haurrak hezteko esperientziarik ez izan arren, Mesias izango zen haurra zaindu behar izango zuen. Gainera, ez zituen inoiz sexu harremanik izan. Orduan, nola azalduko zion Joseri haurdun zegoela? (Lk 1:26-33).

12. ​Lukas 1:39-45​ pasartearen arabera, nola jaso zuen Mariak behar zuen indarra?

12 Nola jaso zuen Mariak indarra ohikoa ez zen eginkizun zail hau betetzeko? Besteen laguntza bilatuz. Adibidez, Gabriel aingeruari bere eginkizunari buruz informazio gehiago eskatu zion (Lk 1:34). Handik gutxira, Judako «mendialdeko hiri» bateraino joan zen bere senidea zen Elisabet bisitatzera. Eta bisita honek merezi izan zuen. Izan ere, Elisabetek Maria zoriondu eta, inspirazioz, Mariaren haur jaio gabeari buruzko profezia animagarri bat aipatu zuen (Irakurri Lukas 1:39-45). Jehobak «Bere indar guztiaz jokatu» zuela esan zuen Mariak (Lk 1:46-51). Jehobak Gabriel eta Elisabeten bitartez Maria sendotu zuen.

13. Zer emaitza on jaso zituen arreba batek anai-arrebei laguntza eskatu zienean?

13 Mariaren antzera, zuk ere anai-arreba maiteengandik indarra jaso dezakezu. Dasuri izeneko Boliviako arreba batek horrelako indarra behar izan zuen. Bere aitari gaixotasun terminal bat diagnostikatu zioten eta ospitalera eraman behar izan zuten. Momentu hartan, Dasurik bere aita zaintzeko ardura pozik hartu zuen (1 Tm 5:4). Baina ez zen beti erraza izan. Berak honakoa onartzen du: «Askotan ezin nuela aurrera jarraitu sentitzen nuen». Laguntzarik eskatu al zuen? Hasiera batean ez. Berak dio: «Ez nituen anai-arrebak molestatu nahi. Honakoa pentsatzen nuen: “Jehobak emango dit behar dudan laguntza”. Baina, orduan, besteengandik isolatzean, arazoak ni bakarrik konpontzen saiatzen ari nintzela konturatu nintzen» (Es 18:1, NWT). Orduan, Dasurik lagun batzuei idaztea eta bere egoera azaltzea erabaki zuen. Berak dio: «Ezin dut hitzez azaldu zenbat sendotu ninduten nire anai-arreba maiteek. Ospitalera janaria eraman zidaten eta Bibliako aipu kontsolagarriak irakurri zizkidaten. Bakarrik ez gaudela jakitea sentimendu zoragarria da. Denok gara Jehobaren familiaren parte, eta anai-arrebak gure beharrak asetzen laguntzeko eta sufritzen gaudenean gurekin batera negar egiteko prest daude. Gainera, Jehoba zerbitzatzen jarraitzera animatu nahi gaituzte».

14. Zergatik onartu beharko genuke adindunen laguntza?

14 Jehobak gu sendotzeko erabiltzen duen moduetako bat adindunak dira. Jehobak anaia hauek erabiltzen ditu gu indarberritzeko (Is 32:1, 2). Beraz, larrituta sentitzen zarenean, kontatu adindun bati zure kezkak. Eta laguntza eskaintzen dizutenean, esker onez onartu. Jehobak beraien bitartez sendotu zaitzake.

ETORKIZUNEKO ITXAROPENAK SENDOTU AHAL ZAITU

15. Zer esperantza estimatzen dugu kristauok?

15 Bibliako promesek esperantza eta Jehoba zerbitzatzen jarraitzeko indarra eman ahal digute (Erm 4:3, 18-20). Kristau batzuek zeruan betirako bizitzeko itxaropena dute. Beste batzuek, ordea, lurrean paradisu zoragarri batean bizitzeko itxaropena dute. Gure esperantzak zailtasunen aurrean irauteko, berri onak predikatzeko eta kongregazioan eginkizun ezberdinak betetzeko indarrak ematen dizkigu (1 Ts 1:2-3 [1:3, NWT]). Esperantza honek Paulo apostolua ere sendotu zuen.

16. Zergatik behar izan zuen indarra Paulo apostoluak?

16 Paulok indarra behar izan zuen. Korintoarrei idatzitako gutunean, bere burua buztinezko ontzi hauskor batekin konparatu zuen. «Estu», «larri» eta «erasopean» egoteaz gain, «lurrera bota» zuten. Batzuetan, bere bizia ere arriskuan egon zen (2 Ko 4:8-10). Paulok bere hirugarren bidaia misiolarian zegoela idatzi zituen hitz hauek. Baina, oraindik egoera zail gehiagori egin behar izan zion aurre. Jende taldeen partetik biolentzia, atxiloketak, naufragioak eta espetxeraketak sufrituko zituen etorkizunean.

17. ​2 Korintoarrei 4:16-18​ pasartearen arabera, nondik atera zuen indarra Paulok zailtasunen aurrean irauteko?

17 Paulok irauteko indarra lortu zuen bere itxaropenean arreta jarriz (Irakurri 2 Korintoarrei 4:16-18). Bere gorputz fisikoa «hondatzen» ari zen arren, ez zuela horrek bera desanimatzen utziko aipatu zuen. Zergatik esan zuen hori? Bere esperantzan zentratu zelako. Zeruan betirako bizitzeko zuen esperantza «paregabea» zenez, hau lortzeko edozein zailtasunen aurrean irauteko prest egon zen. Paulok itxaropen honetan hausnartzen zuen eta, ondorioz, egunetik egunera indarberrituta sentitu zen.

18. Nola indartu ditu esperantzak Tihomir eta bere familia?

18 Bulgariako Tihomir izeneko anaia bati etorkizuneko esperantzak indarrak eman dizkio. Duela urte batzuk, Zdravko izeneko bere anaia gaztea istripu batean hil egin zen. Ondorioz, Tihomirrek izugarrizko mina eta tristura sentitu zituen. Honi aurre egiteko, bera eta bere familiak berpizkundea nolakoa izango den imajinatzen dute. Berak dio: «Adibidez, gauza hauei buruz hitz egiten dugu: Zdravkorekin non elkartuko garen, zer janari prestatuko diogun, nor gonbidatuko dugun berari ongietorria emateko festara eta zer kontatuko diogun azken egunei buruz». Esperantzan zentratzea Tihomir eta bere familiarentzat oso lagungarria izaten ari da irauten jarraitzeko eta berpizkundearen eguna iritsi arte itxaroteko.

Arreba gor batek «Han, mundu berrian» bideoa zeinu hizkuntzan ikusten du eta mundu berrian izango duen bizitzan hausnartzen du. Bere burua imajinatzen du biolontxeloa jotzen beste musikari batzuekin batera.

Nola imajinatzen duzu zeure burua mundu berrian? (Ikusi 19. paragrafoa)c

19. Zer egin dezakezu zure esperantza sendotzeko? (Ikusi irudia ere)

19 Nola sendotu dezakezu zure esperantza? Adibidez, lurrean betirako bizitzeko esperantza baldin baduzu, irakurri paradisua deskribatzen duten Bibliako pasarteak eta hausnartu hauetan (Is 25:8; 32:16-18). Imajinatu nolakoa izango den bizitza mundu berrian. Irudikatu zeure burua bertan. Nor ikusten ari zara? Zer soinu entzuten dituzu? Nola sentitzen zara? Paradisua nolakoa izango den imajinatzen laguntzeko, begiratu gure argitalpenetako irudiak edo ikusi, Azkenik bakea!, Imajinatu mundu berria edo Han, mundu berrian bezalako bideo musikal bat. Erregularki honetan hausnartzeko denbora hartzen badugu, gure arazoak «une batekoak eta arinak» izango dira (2 Ko 4:17). Jehobak eman dizun esperantzaren bidez sendotuko zaitu.

20. Ahul sentitzen garenean ere, nola jaso dezakegu indarra?

20 Ahul sentitzen garenean ere, «Jainkoaren bitartez indarra jasoko dugu» (Sal 108:13, NWT). Jehobak dagoeneko behar duguna eman digu guk bere indarra jaso dezagun. Beraz, eginkizun bat betetzeko, zailtasun baten aurrean irauteko edo poztasuna mantentzeko laguntza behar badugu, egin diezaiogun otoitz Jehobari eta bilatu dezagun bere gida ikasketa pertsonalaren bidez. Gainera, onartu dezagun gure anai-arreben laguntza. Hartu dezagun erregularki denbora gure etorkizuneko esperantzan hausnartzeko. Horrela, ondorengo hitzak gugan ere beteko dira: «Jainkoaren ahalmen aintzatsuak indar zaitzatela, dena jasateko eroapena eta pazientzia izan ditzazuen» (Kol 1:11).

NOLA JASO DEZAKEZU INDARRA…

  • otoitza eta ikasketa pertsonaletik?

  • anai-arrebengandik?

  • etorkizuneko esperantzatik?

sn 38. KANTA Jarri Jehobaren eskutan

a Agian estututa sentitu gaitezke zailtasun baten aurrean irautea edo jaso dugun eginkizun bat betetzea zailegia dela pentsatzen dugulako. Artikulu honetan, Jehobak nola sendotu ahal gaituen eta bere laguntza jasotzeko zer egin behar dugun ikusiko dugu.

b Izen batzuk aldatu egin dira.

c IRUDIAREN AZALPENA.: Gorra den arreba bat Bibliako promesetan hausnartzen eta mundu berrian bere bizitza nolakoa izango den imajinatzen laguntzen dion bideo bat ikusten ari da.

    Argitalpenak euskaraz (1993-2025)
    Amaitu saioa
    Hasi saioa
    • Euskara
    • Partekatu
    • Aukerak
    • Copyright © 2025 Watch Tower Bible and Tract Society of Pennsylvania
    • Erabiltzeko baldintzak
    • Pribatutasun politika
    • Pribatutasun konfigurazioa
    • JW.ORG
    • Hasi saioa
    Partekatu