Watchtower ONLINE LIBURUTEGIA
Watchtower
ONLINE LIBURUTEGIA
Euskara
  • BIBLIA
  • ARGITALPENAK
  • BILERAK
  • bt 3. kap. 20.- 27. or.
  • «Espiritu santuz bete ziren»

Ez dago bideorik aukeratutako testuan

Barkatu, akats bat gertatu da bideoa kargatzean.

  • «Espiritu santuz bete ziren»
  • «Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa»
  • Azpitituluak
  • Antzeko edukiak
  • «Denak toki berean zeuden bilduta» (Eginak 2:1-4)
  • «Bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten entzuten zien» (Eginak 2:5-13)
  • «Pedro [...] zutik jarri zen» (Eginak 2:14-37)
  • «Pedrok esan zien: “[...] bataiatu”» (Eginak 2:38-47)
  • Jesusen jarraitzaileek espiritu santua jaso zuten
    Bibliari buruzko nire liburua
«Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa»
bt 3. kap. 20.- 27. or.

3. KAPITULUA

«Espiritu santuz bete ziren»

Pentekostean, espiritu santua isuri zenean gertatu zena

Eginak 2:1-47 pasartean oinarrituta

1. Deskribatu Pentekoste jaiko giroa.

JERUSALEMEKO kaleetan zirrara handia dago.a Tenpluko aldarearen kea zerura igotzen ikusten da lebitarrek Hallel gorespen kanta abesten duten bitartean (Sal. 113-118). Kantu hau, ziurrenik, antifonala da, hau da, talde batek zati bat abesten du eta beste batek erantzun egiten dio. Kaleak bisitariz gainezka daude. Leku oso urrunetatik etorriak dira, esaterako, Elam, Mesopotamia, Kapadozia, Ponto, Egipto eta Erromatik.b Zer ari dira ospatzen? Pentekostea, «lehen fruituen egun[a]» izenarekin ere ezaguna dena (Zen. 28:26). Urtero garagarraren uztaren amaieran eta gariaren uztaren hasieran ospatzen da festa alai hau.

33. urteko Pentekostean berri onak entzun zituztenen jatorria erakusten duen mapa. 1. Lurraldeak: Libia, Egipto, Etiopia, Bitinia, Ponto, Kapadozia, Judea, Mesopotamia, Babilonia, Elam, Media eta Partia. 2. Hiriak: Erroma, Alexandria, Menfis, Siriako Antiokia, Jerusalem eta Babilonia. 3. Itsaso eta golkoak: Mediterraneo itsasoa, Itsaso Beltza, Itsaso Gorria, Kaspiar itsasoa eta Persiar golkoa.

JERUSALEM: JUDAISMOAREN ERDIGUNEA

Eginak liburuko lehenengo kapituluetako gauza gehienak Jerusalemen gertatzen dira. Hiri hau Judearen erdialdean dagoen mendikateko mendixken artean dago, Mediterraneo itsasotik ekialderuntz 55 kilometro ingurura. Kristo aurreko 1070. urtean, Dabid erregeak Sion mendiaren tontorrean zegoen gotorlekua konkistatu zuen, eta honen inguruan eratu zen hiria, antzinako Israelgo nazioaren hiriburua.

Sion menditik gertu Moria mendia dago. Juduen antzinako tradizioaren arabera, mendi honetan eraiki zuen Abrahamek Isaak eskaintzeko aldarea, Eginak liburuko gertakariak baino 1.900 bat urte lehenago. Salomonek Jehobari eskainitako lehenengo tenplua bertan eraiki zuenean, Moria mendia hiriaren parte izatera iritsi zen. Ordudanik, tenplua juduen adorazioaren eta eguneroko jardueren erdigunea izan zen.

Mundu osoko judu leialak maiz elkartzen ziren Jehobaren tenpluan sakrifizioak egiteko, Jehoba adoratzeko eta hainbat festa ospatzeko. Hala egiten zuten Jainkoaren honako agindua betetzeko: «Urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan» (Deu. 16:16). Jerusalemen, gainera, Sanedrin Handia zegoen. Auzitegi honek komunitatearen, gobernuaren eta erlijioaren gain boterea zuen.

2. Zer gauza harrigarri gertatzen da K.o. 33. urteko Pentekostean?

2 Kristo ondorengo 33. urteko udaberriko goiz bat da. Bederatziak aldera, mendeetan zehar oroituko den gauza harrigarri bat gertatzen da: Bat-batean «soinu handi bat» entzuten da zerutik, «haize-bolada zakar bat bezalakoa» (Eg. 2:2). Jesusen 120 dizipulu bilduta dauden etxe osoan entzuten da burrunba. Ondoren, txundigarria den zerbait gertatzen da: su antzeko mihiak ikusten dituzte eta, hauek, dizipulu bakoitzaren gainean kokatzen dira.c Gero, «den-denak espiritu santuz bete» eta atzerriko hizkuntzetan hitz egiten hasten dira! Dizipuluak etxetik ateratzen direnean, Jerusalemeko etxeetan dauden bisitariak zur eta lur geratzen dira dizipuluek beraiekin hitz egin dezaketelako. Izan ere, «bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten» entzuten die (Eg. 2:1-6).

3. a) Zergatik izan zen K.o. 33. urteko Pentekostea egun garrantzitsu bat egiazko adorazioan? b) Nola erabili zuen Pedrok Erreinuko giltzetako bat bere hitzaldia ematean?

3 Pasarte zirraragarri honek egiazko adorazioan gertakari garrantzitsu bat deskribatzen du: Israel espiritualaren, hau da, kristau gantzutuen kongregazioaren hasiera (Gal. 6:16). Baina hori ez da guztia. Egun hartan, Pedrok jendetza baten aurrean hitz egin zuenean, Erreinuko hiru giltzetako lehenengoa erabili zuen. Hiru giltza horietako bakoitzak bedeinkapen bereziak jasotzeko aukera ematen zien talde desberdini (Mat. 16:18, 19). Lehenengo giltza honek judu eta judu berriei berri onak onartzeko eta Jainkoaren espiritu santuz gantzutuak izateko aukera eman zien.d Horrela, Israel espiritualaren parte bihurtuko ziren eta, ondorioz, Erreinu Mesianikoaren errege eta apaiz izateko esperantza izango zuten (Ap. 5:9, 10). Denborarekin, aukera hori samariarrei eta, gero, jentilei zabalduko zitzaien. Zer ikasten dugu gaur egungo kristauok K.o. 33. urteko Pentekosteko gertakari garrantzitsuetatik?

«Denak toki berean zeuden bilduta» (Eginak 2:1-4)

4. Nola jarraitzen du gaur egungo kristau kongregazioak K.o. 33. urtean sortu zen kongregazioaren lana egiten?

4 Kristau kongregazioa 120 dizipulu ingururekin hasi zen. «Denak toki berean zeuden bilduta» goiko gela batean, eta espiritu santuz gantzutuak izan ziren (Eg. 2:1-4). Egunaren amaierarako, milaka lagun bataiatu ziren. Baina hori hasiera besterik ez zen izan, erakunde horrek hazten jarraitzen duelako. Hala da, gaur egun kristau kongregazioa Jainkoari errespetu sakona dioten gizon-emakumez osatuta dagoen erakundea da. Hauek dira «Erreinuaren berri onak lur osoan» predikatzen ari direnak, sistemaren azkena iritsi aurretik (Mat. 24:14).

5. Bai lehen mendean, bai gaur egun, zertaz gozatuko zuten kristau kongregazioaren parte zirenek?

5 Kristau kongregazioak honen parte zirenak laguntzen eta animatzen zituen, hau da, gantzutuak eta, denborarekin, «beste ardiak» (Joan 10:16). Paulok asko estimatzen zuen anai-arrebek batak besteari ematen zioten laguntza. Horregatik, honakoa idatzi zien Erromako kristauei: «Zuek ikusi nahian nago, sendogarri izango zaizuen espirituzko dohainen bat emateko, edo, hobeki esan, zuek eta nik batera dugun sinesmenean elkar adoretzeko» (Erm. 1:11, 12).

ERROMA: INPERIOAREN HIRIBURUA

Eginak liburuko pasarteek diotena gertatu zenean, Erroma zen garai hartako hiririk handi eta boteretsuena. Gaur egungo Britainia Handitik Afrikako iparralderaino eta Ozeano Atlantikotik Persiako golkoraino zabaltzera iritsi zen inperioaren hiriburua zen.

Erroman kultura, arraza, hizkuntza eta sinesmen askotako pertsonak bizi ziren. Erromatar galtzada sare bikainari esker, inperioko txoko guztietako bidaiari eta produktuak heltzen ziren hirira. Handik gertu, Ostiako portua zegoen. Portu hartara Erromako biztanleentzako janaria eta luxuzko artikuluak zeramatzaten ontziak iristen ziren.

Kristo ondorengo lehenengo menderako, Erromak milioi bat biztanle baino gehiago zituen. Seguruenik, biztanleriaren erdia esklaboa zen: kondenatutako gaizkileak, gurasoek saldu edo abandonatutako haurrak eta gerra presoak. Erromara eramandako esklabo batzuk juduak ziren. Izan ere, Ponpeio jeneral erromatarrak Jerusalem K.a. 63. urtean konkistatu ondoren eraman zituzten judu asko Erromara.

Esklabo ez ziren biztanle gehienak behartsuak ziren. Hainbat solairuko eraikinetan bizi ziren pilatuta eta gobernuaren diru laguntzak behar zituzten bizitzeko. Hala ere, enperadoreek eraikin publiko txundigarriak eraiki zituzten, historian zehar egon diren eraikinik zoragarrienetakoak. Horien artean, antzoki eta estadioak zeuden. Hauetan antzerkiak, gladiadoreen borrokak, gurdi lasterketak eta beste espektakulu asko egiten ziren, guztiak dohainik, jendea entretenitzeko.

6, 7. Nola ari da gaur egungo kristau kongregazioa herri guztietako jendeari predikatzeko eginkizuna betetzen?

6 Gaur egun, kristau kongregazioak lehen mendean zituen helburu berak ditu. Hasteko, Jesusek dizipuluei eman zien eginkizuna bete behar du. Lan hau zaila, baina zirraragarria izango zen: «Zoazte, ba, eta egin dizipuluak herri guztietako jendearen artetik, Aitaren eta Semearen eta espiritu santuaren izenean bataiatuz, eta agindu dizuedan guztia obeditzen irakatsiz» (Mat. 28:19, 20).

7 Jainkoa Jehobaren lekukoen kristau kongregazioa erabiltzen ari da eginkizun hori betetzeko. Noski, hizkuntza desberdinak hitz egiten dituzten pertsonengana iristea erronka handia da. Hala ere, Jehobaren lekukoek Biblian oinarritutako argitalpenak egiten dituzte mila hizkuntza baino gehiagotan. Dagoeneko bileretara joaten bazara eta predikatzeko eta dizipuluak egiteko lanean parte hartzen baduzu, pozik egon zaitezke. Izan ere, gutxi batzuk dira Jehobaren izenaren testigantza osoa emateko ohorea dutenak, eta zu, horietako bat zara!

8. Zer bedeinkapen jasotzen dituzu zuk kongregazioaren parte izateagatik?

8 Garai latz hauei poztasunez aurre egiteko, Jehobak mundu mailako anaiarte bat eman digu. Paulok ondorengoa idatzi zien kristau hebrearrei: «Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan» (Heb. 10:24, 25). Kristau kongregazioa Jehobak elkar adoretzeko eman digun oparia da. Beraz, egon anai-arrebengandik gertu, eta ez utzi bileretara joateari!

«Bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten entzuten zien» (Eginak 2:5-13)

Jesusen dizipuluak judu eta judu berriei jendez betetako kale batean predikatzen.

«Guztiok entzuten ditugu Jainkoaren gauza zoragarriei buruz gure hizkuntzetan hitz egiten». (Eginak 2:11)

9, 10. Zer egin dute anai-arreba batzuek hizkuntza desberdina hitz egiten duen jendeari predikatzeko?

9 Imajinatu zer-nolako zirrara sentituko zuten judu eta judu berriek K.o. 33. urteko Pentekostean. Gehienek, ziurrenik, hizkuntza amankomun bat zuten, agian grekoa edo hebreera. Baina orain, «bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten entzuten zien dizipuluei» (Eg. 2:6). Dudarik gabe, berri onak euren ama-hizkuntzan entzuteak bihotza ukituko zien. Noski, kristauok gaur egun ez dugu atzerriko hizkuntzetan hitz egiteko gaitasun miragarririk jaso. Hala ere, anai-arreba asko nazio guztietako pertsonei predikatzen ari zaie. Nola? Batzuek hizkuntza berri bat ikasi dute atzerriko hizkuntzako kongregazio batean edo atzerrian zerbitzatzeko. Askotan, egin dituzten ahaleginengatik euren entzuleak harrituta gelditzen direla ikusten dute.

10 Halaxe gertatu zitzaion Christine izeneko Lekuko bati. Berak Gujaratera ikasteko ikastaro bat egin zuen beste zazpi Lekukorekin batera. Gujaratera hitz egiten zuen lankide batekin aurkitu zenean, bere ama-hizkuntzan agurtu zuen. Emakumea harrituta geratu zen eta Christineri zergatik ari zen hizkuntza zail hori ikasteko ahalegina egiten galdetu zion. Beraz, Christinek testigantza bikaina eman ahal izan zuen, eta emakumeak honakoa esan zion: «Zuen mezuak oso garrantzitsua izan beharko du».

11. Zer egin dezakegu beste hizkuntzetako pertsonei predikatzeko?

11 Noski, guztiok ezin dugu hizkuntza berri bat ikasi. Baina beste hizkuntza bat hitz egiten duten pertsonei predikatzeko prestatu gaitezke. Nola? Adibidez, JW Language® aplikazioa erabiliz. Honekin zure eremuan hitz egiten den hizkuntzaren bateko agur bat ikasi dezakezu, baita jendearen interesa piztu dezakeen esaldiren bat ere. Erakutsi iezaiezu jw.org webgunea eta bertan bere hizkuntzan dauden bideo eta argitalpenak. Beraz, aprobetxatu ditzagun tresna hauek. Lehen mendean, atzerriko jendea txundituta gelditu zen berri onak «norberaren hizkuntzan» entzutean, eta honek asko poztu zituen lehen mendeko kristauak. Guk poztasun bera sentitu dezakegu.

JUDUAK MESOPOTAMIAN ETA EGIPTON

Emil Schürer historialariaren arabera, «Mesopotamia, Media eta Babilonian [Israelgo] 10 leinuko erreinuko eta Judako erreinuko biztanleen ondorengoak bizi ziren. Hauek asiriar eta babiloniarrek deportatu zituztenen ondorengoak ziren».g Esdras 2:64​aren arabera, Babilonian erbesteratuta zeuden 42.360 israeldar soilik itzuli ziren Jerusalemera K.a. 537. urtean. Kristo ondorengo lehenengo menderako, milaka eta milaka judutar bizi zirela Babiloniako lurraldean idatzi zuen Flavio Josefok. Kristo ondorengo hirugarren eta bosgarren mendeen artean, bertan bizi ziren judutarrek Talmud Babiloniarra izeneko ahozko legeen bilduma idatzi zuten.

Kristo aurreko seigarren menderako, Egipton judutarrak bizi zirela frogatzen duten dokumentuak daude. Garai hartan, Jeremiasek Egiptoko hainbat lekutan, esaterako Menfisen, bizi ziren juduei mezu bat zuzendu zien (Jer. 44:1). Mendeak geroago, K.a. 323 eta K.a. 30. urteen artean, seguruenik Egiptora judu asko joan ziren bizitzera. Izan ere, Josefok Alexandriako lehenengo biztanleetako batzuk juduak zirela esan zuen. Denborarekin, juduei hiriko zati bat kontrolatzeko eskubidea eman zitzaien. Kristo ondorengo lehen menderako, Filon historialari juduaren arabera, milioi bat israeldar bizi ziren Egipton, «Libiako mugatik Etiopiako mugetaraino».

g Geschichte des jüdischen Volkes im Zeitalter Jesu Christi (Juduen historia Jesu Kristoren garaian)

«Pedro [...] zutik jarri zen» (Eginak 2:14-37)

12. a) Nola aurresan zuen Joelek Pentekostean gertatu zena? b) Zergatik espero zuten Jesusen dizipuluek Joelen profezia lehen mendean betetzea?

12 «Pedro […] zutik jarri zen» hizkuntza desberdinak hitz egiten zituen talde horri hitz egiteko (Eg. 2:14). Jainkoak dizipuluei hizkuntza desberdinetan hitz egiteko gaitasuna eman ziela eta horrek Joelen honako profezia betetzen zuela azaldu zien: «Neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei» (Joel 3:1 [2:28, NWT]). Zerura igo aurretik, Jesusek honakoa esan zien bere dizipuluei: «Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue». Jesusek berak azaldu zien zein zen laguntzaile hori: espiritu santua (Joan 14:16, 17).

13, 14. Nola ukitu zituen Pedrok pertsonen bihotzak, eta nola imitatu dezakegu bere eredua?

13 Pedrok bere hitzaldia hitz sendo hauekin amaitu zuen: «Israel herriko inork ez dezala zalantzarik izan Jainkoak Jesus hau Jaun eta Kristo egin zuela, zuek zutoinean exekutatu duzuen Jesus hau» (Eg. 2:36). Noski, entzule gehienek ez zuten Jesus aurrez aurre zutoinean hiltzen ikusi. Baina Jesus hil zuen nazioaren parte zirenez, beraiek ere erantzule ziren. Hala ere, Pedrok errespetuz hitz egin zien eta euren bihotzak ukitzen saiatu zen. Pedroren helburua beraiek damutu zitezen zen, ez kondenatuak sentiaraztea. Haserretu al ziren? Ez. Horren ordez, «min-ziztada handia sentitu zuten bihotzean», eta galdetu zuten: «Zer egin behar dugu?». Ziurrenik, Pedrok hitz egiteko izan zuen moduak bihotzak ukitzen lagundu zion eta, horri esker, asko damutu egin ziren (Eg. 2:37).

14 Guk ere Pedroren eredua imitatu dezakegu pertsonen bihotzetara iristeko. Predikatzean ez ditugu aipatzen dizkiguten ideia oker guztiak zuzentzen. Horren ordez, ados gauden ideiei buruz hitz egiten dugu eta, horrela, Jainkoaren Hitzak dioena ulertzen lagundu ahal diegu. Predikatzean modu egokian hitz egiten badugu, errazagoa izango da bihotz oneko jendeak Bibliako egiak onartzea.

KRISTAUTASUNA PONTON

Kristo ondorengo 33. urteko Pentekostean, Pedroren hitzaldia entzun zutenen artean, Pontoko (Asia Txikiko iparraldeko eskualdea) juduak zeuden (Eg. 2:9). Badirudi, haietako batzuk berri onak euren lurraldean zabaldu zituztela. Izan ere, Pedrok bere lehen gutuna hainbat lurraldetan «sakabanaturik» zeuden kristauei idatzi zien, esate baterako, Ponton zeudenei (1 Ped. 1:1).h Gainera, kristau haiek euren fedearengatik «zenbait probaldi sufritu behar izan» zituztela idatzi zuen gutun horretan (1 Ped. 1:6). Ziurrenik aurkaritza eta pertsekuzioa jasan behar izan zituzten.

Trajano erromatar enperadorearen eta Pontoko gobernadorea zen Plinio Gaztearen arteko gutunek, Pontoko kristauak pertsegituak izan zirela erakusten dute. Kristo ondorengo 112. urte inguruan, Pliniok Trajanori Pontotik idatzi zion kristautasuna adin eta maila sozial guztietako gizon-emakumeak «kutsatzen» ari zela esanez. Pliniok kristau izateaz salatuak zirenei Kristo ukatzeko aukera ematen zien. Uko egiten ez bazioten, exekutatu egiten zituen. Trajanoren estatua edo jainkoak adoratu, edo Kristo madarikatzen zuena askatu egiten zuen. Plinioren arabera, «inork ezin zuen benetako kristauek horrelako gauzarik egitea lortu».

h «Sakabanaturik» itzuli den hitza «diasporakoak» esan nahi duen hitz grekotik dator, eta hitz hau juduen komunitateei buruz hitz egiteko erabiltzen zen. Honen arabera, kristau egin ziren lehen pertsonetako asko juduak ziren.

«Pedrok esan zien: “[...] bataiatu”» (Eginak 2:38-47)

15. a) Zer esan zien Pedrok judu eta judu berriei, eta nola erantzun zuten hauek? b) Zergatik esan dezakegu Pentekostean bataiatu zirenak hori egiteko prest zeudela?

15 33. urteko Pentekoste egun zirraragarri horretan, Pedrok honakoa esan zien judu eta judu berri haiei: «Damutu eta Jesu Kristoren izenean bataiatu» (Eg. 2:38). Ondorioz, 3.000 bat lagun bataiatu ziren, seguruenik Jerusalemen edo inguruan zeuden ur putzuetan.e Azkarregi bataiatu al ziren? Esan nahi al du pasarte honek Biblia ikasleak eta kristauen haurrak lehenbailehen bataiatu behar direla, nahiz eta horretarako prest ez egon? Ez, noski. Gogoratu: egun hartan bataiatu ziren judu eta judu berriak Jainkoaren Hitzaren ikasle onak ziren eta Jehobari eskainita egon zen nazioaren parte ziren. Gainera, Jainkoa adoratzeko gogo bizia erakutsi zuten. Izan ere, batzuek bidaia oso luzea egin zuten urteroko festa honetan egoteko. Jesu Kristok Jainkoaren helburuan duen eginkizunari buruzko oinarrizko egiak onartu ondoren, Jainkoa zerbitzatzen jarraitzeko prest zeuden, baina, orain, Jesu Kristoren jarraitzaile bataiatu bezala.

NORTZUK ZIREN JUDU BERRI EDO PROSELITOAK?

Bai juduek, baita judu berriek ere, 33. urteko Pentekosteko Pedroren hitzaldia entzun zuten (Eg. 2:10).

Egunero janaria banatzeaz arduratzen ziren izendatutako gizon leialen artean Nikolas zegoen, «Antiokiako judu berri bat» (Eg. 6:3-5). Judu berriak jentilak ziren. Izatez ez ziren juduak, baina judaismoa onartu zuten. Horretarako, Israelgo Jainkoa eta Legea onartu, eta beste jainkoak baztertzen zituzten. Gizonezkoak zirkunzidatu egiten ziren eta Israelgo nazioaren parte egiten ziren. Beraz, juduek arlo guztietan judutzat hartzen zituzten.

Kristo aurreko 537. urtean juduak Babiloniatik askatuak izan zirenean, hauetako asko Israeletik kanpo bizitzera joan eta judaismoa praktikatzen jarraitu zuten. Honen ondorioz, euren sinesmenak Ekialde Hurbilean, baita urrunago ere, ezagunak egin ziren. Antzinako idazle batzuen arabera, esaterako Horazio eta Senekaren arabera, juduengandik gertu bizi ziren pertsona asko juduen sinesmenek erakarri zituzten eta beraiek bezala bizitzen hasi ziren. Hauei judu berri edo proselito deitzen zieten.

16. Nola erakutsi zuten lehen mendeko kristauek eskuzabaltasuna?

16 Argi dago Jehoba talde hura bedeinkatzen ari zela. Izan ere, pasarteak dio: «Sinesten hasi ziren guztiak elkarrekin zeuden eta zeukaten guztia konpartitzen zuten. Beraien lur eta ondasunak saltzen zituzten, eta ateratako dirua bakoitzaren beharren arabera banatzen zuten» (Eg. 2:44, 45).f Zalantzarik gabe, gaur egungo kristauok beraien maitasuna eta eskuzabaltasuna imitatu nahi ditugu.

17. Zer pauso eman behar ditu norbaitek bataiatu ahal izateko?

17 Noski, Jehobari bere burua eskaini eta bataiatu nahi duenak Biblian agertzen diren urrats batzuk eman behar ditu. Lehenik, Jainkoaren Hitzak irakasten duena ikasi behar du (Joan 17:3). Gero, fedea erakutsi behar du, eta iraganean egindako akatsengatik damutu behar da, benetan atsekabetuta dagoela erakutsiz (Eg. 3:19). Ondoren, iraganeko jokabidetik itzuli eta Jainkoari atsegin zaizkion gauzak egiten hasi behar du (Erm. 12:2; Efe. 4:23, 24). Pauso hauek eman ondoren, Jehobari otoitzean bere burua eskaini ahalko dio eta, gero, bataiatu ahal izango da (Mat. 16:24; 1 Ped. 3:21).

18. Zer ohore dute bataiatutako kristauek?

18 Eta zu, dagoeneko Jehobari bere burua eskaini dion eta bataiatuta dagoen kristaua al zara? Hala bada, ohore zoragarria duzu. Jehobak, lehen mendeko kristauekin egin zuen bezala, bere espiritua emango dizu testigantza osoa emateko eta bere nahia egin ahal izateko!

a Ikusi «Jerusalem: Judaismoaren erdigunea» taula.

b Ikusi ondorengo taulak: «Erroma: Inperioaren hiriburua», «Juduak Mesopotamian eta Egipton» eta «Kristautasuna Ponton».

c Bibliak «su antzeko mihiak» ikusi zituztela dio. Beraz, espiritu santua dizipulu bakoitzaren gain isuria izan zenean, su itxura zuen, baina ez zen benetako sua.

d Ikusi «Nortzuk ziren judu berri edo proselitoak?» taula.

e Hura ez zen pertsona gehien bataiatu diren eguna izan. 1993​ko abuztuaren 7​an, Kieven (Ukraina) ospatu zen Jehobaren lekukoen nazioarteko biltzar batean, 7.402 pertsona bataiatu ziren sei piszinatan. Bi ordu eta 15 minutu behar izan ziren bataio guztiak egin ahal izateko.

f Bisitari asko Jerusalemen gelditu zirenez ikasten jarraitzeko, denbora batez neurri hau hartu zen beraien beharrak asetzeko. Euren ondasunak ez zituzten behartuta banatu, nahi izan zutelako baizik. Beraz, ez zen komunismo mota bat batzuek esan duten bezala (Eg. 5:1-4).

    Argitalpenak euskaraz (1993-2025)
    Amaitu saioa
    Hasi saioa
    • Euskara
    • Partekatu
    • Aukerak
    • Copyright © 2025 Watch Tower Bible and Tract Society of Pennsylvania
    • Erabiltzeko baldintzak
    • Pribatutasun politika
    • Pribatutasun konfigurazioa
    • JW.ORG
    • Hasi saioa
    Partekatu