Watchtower ONLINE LIBURUTEGIA
Watchtower
ONLINE LIBURUTEGIA
Euskara
  • BIBLIA
  • ARGITALPENAK
  • BILERAK
  • bt 4. kap. 28.- 35. or.
  • «Eskola gutxikoak eta gizon arruntak»

Ez dago bideorik aukeratutako testuan

Barkatu, akats bat gertatu da bideoa kargatzean.

  • «Eskola gutxikoak eta gizon arruntak»
  • «Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa»
  • Azpitituluak
  • Antzeko edukiak
  • Ez «geure ahalmenagatik» (Eginak 3:11-26)
  • «Ezin diogu ikusi eta entzundakoari buruz hitz egiteari utzi» (Eginak 4:1-22)
  • «Otoitz egin zioten Jainkoari ozenki» (Eginak 4:23-31)
  • «Gezurra ez diezu gizakiei esan, Jainkoari baizik» (Eginak 4:32-5:11)
  • Pedrok bezala, ez etsi!
    Talaia Jehobaren Erreinuaren berri ematen (Ikasketarako edizioa) 2023
«Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa»
bt 4. kap. 28.- 35. or.

4. KAPITULUA

«Eskola gutxikoak eta gizon arruntak»

Apostoluek ausardiaz jokatzen dute eta Jehobak bedeinkatu egiten ditu

Eginak 3:1-5:11 pasartean oinarrituta

1, 2. Zer mirari egin zuten Pedro eta Joanek tenpluko atetik gertu?

ARRATSALDEKO eguzkiak dir-dir egiten du jendetzaren artean. Judu leialak eta Jesu Kristoren dizipuluak tenplura iristen ari dira. Laster, «otoitz ordua» izango da (Eg. 2:46; 3:1).a Jendetzaren artetik, Pedro eta Joan tenpluko «Ederra» izeneko aterantz doaz. Jendetzaren joan-etorriak eta iskanbilak ez du eskale baten ahotsa estaltzen. 40 urte baino gehiago dituen gizon hau jaiotzez elbarria da eta diru eske dabil (Eg. 3:2; 4:22).

2 Pedro eta Joan gerturatzen diren heinean, eskalea dirua erregutzen hasten zaie. Apostoluak bere ondoan geratzen direnean, behartsuak zerbait emango diotela pentsatzen du. Baina Pedrok esaten dio: «Ez dut ez zilarrik, ez urrerik, baina daukadana emango dizut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, ibili!». Jendetza zur eta lur gelditzen da Pedrok elbarriari eskutik heltzen dionean eta bere bizitzan lehen aldiz zutik jartzen denean! (Eg. 3:6, 7). Imajinatu al dezakezu nola sentituko zen gizon hura hankak sendatuta ikustean eta lehen pausoak ematean? Nola ez zen, ba, saltoka jarriko eta Jainkoa goresten hasiko!

3. Zer opari zoragarri eskaini zien Pedrok jendetzari eta elbarri izandako gizonari?

3 Poz-pozik dagoen jendetza dagoeneko Salomonen Arkupean dauden Pedro eta Joanengana joaten da korrika. Behin Jesus irakasten egon zen toki horretan, Pedrok gertatu denaren benetako esanahia azaltzen die (Joan 10:23). Jendetzari eta elbarria izandako gizonari urrea edo zilarra baino askoz ere hobea den zerbait eskaintzen die, sendatua izatea baino askoz ere baliotsuagoa dena. Opari hau damutzeko, euren bekatuak ezabatzeko eta Jesu Kristoren jarraitzaileak izateko aukera da. Izan ere, Jesu Kristo da Jehobak «biziaren Buruzagi Nagusia» izateko izendatu duena (Eg. 3:15).

4. a) Pedro eta Joanek gizona sendatu ondoren, zer egiten saiatuko ziren agintariak? b) Zer bi galdera erantzungo ditugu?

4 Hura bai aparteko eguna! Alde batetik, pertsona bat fisikoki sendatua izan zen ibiltzeko gai izanez. Bestetik, milaka pertsonari espiritualki sendatuak izateko aukera eman zitzaien Jainkoari atsegin zaion moduan ibili ahal izateko (Kol. 1:9, 10). Baina, gertakari hauen ondorioz, agintariak Jesusek bere jarraitzaileei agindutako eginkizuna geldiarazten saiatuko ziren (Eg. 1:8). Agintari haiek Pedro eta Joan «eskola gutxikoak eta gizon arruntak» zirela pentsatzen zuten (Eg. 4:13).b Baina, zer ikasi dezakegu bi gizon hauen testigantza emateko modutik? Eta nola imitatu dezakegu Pedro, Joan eta gainontzeko dizipuluek oposizioari aurre egin zioten modua?

Ez «geure ahalmenagatik» (Eginak 3:11-26)

5. Zer ikasten dugu Pedrok jendetzari hitz egin zion modutik?

5 Pedrok eta Joanek jendetzaren aurrean hitz egin zuten, nahiz eta bazekiten haien artean Jesus exekutatua izatea eskatu zutenen batzuk egon zitezkeela (Mar. 15:8-15; Eg. 3:13-15). A zer-nolako ausardia erakutsi zuen Pedrok gizon hura Jesusen izenean sendatu zuela esan zienean! Pedrok ez zuen egia leundu. Argi eta garbi esan zuen jendetza hura, neurri batean, Jesusen heriotzaren erantzule zela. Baina, ez zien haserre hitz egin. Horren ordez, esan zien: «Badakit ez zenekitela zertan ari zineten» (Eg. 3:17). Are gehiago, anaia deitu zien eta Erreinuko mezuaren alderdi positiboez hitz egin zien. Damutu eta Jesu Kristorengan fedea jartzen bazuten, Jehobak «indarberritzeko garaia» ekarriko zien (Eg. 3:19). Guk ere ausardiaz eta argi eta garbi hitz egin behar dugu laster etorriko den Jainkoaren epaiari buruz. Baina, aldi berean, ez dugu gogorrak izan behar, jendea epaitzen ariko bagina bezala. Horren ordez, egia onartuko duten anai-arrebak bezala ikusi behar ditugu eta, Pedroren antzera, Erreinuko mezuaren alderdi positiboei buruz hitz egin behar diegu.

6. Nola erakutsi zuten Pedro eta Joanek apaltasuna?

6 Apostoluak gizon apalak ziren. Beraz, ez zuten eskatu ohorerik egindako mirariarengatik. Pedrok honakoa esan zion jendetzari: «Zer uste duzue, geure ahalmenagatik edo Jainkoari diogun debozioagatik jarri dugula ibiltzen, ala?» (Eg. 3:12). Pedrok eta beste apostoluek bazekiten Jehobaren zerbitzuan lortzen zuten guztia ez zela euren ahalmenarengatik, baizik eta Jainkoaren botereari esker. Ondorioz, lortutako guztiaren ohorea Jehoba eta Jesusi eman zioten apaltasunez.

7, 8. a) Zer opari eman ahal diogu jendeari? b) Nola ari da betetzen «Jainkoak gauza guztiak zaharberrituko dituen» promesa?

7 Guk ere apalak izan behar dugu predikatzen dugunean. Egia da gaur egun Jainkoaren espirituak ez digula jendea sendatzeko botere miragarririk ematen. Hala ere, beste zerbait egin dezakegu jendearen alde. Zer? Jainkoarengan eta Jesu Kristorengan fedea garatzen lagundu. Ondorioz, Pedrok eman zuen opari bera emango diegu: bekatuen barkamena lortzeko eta Jehobak indarberritzeko aukera izatea. Urtero, milaka eta milaka lagunek onartzen dute eskaintza hau eta Jesu Kristoren dizipulu izateko bataiatzen dira.

8 Pedrok aipatutako garaian bizi gara: «Jainkoak gauza guztiak zaharberrituko dituen garaia». Zaharberritze hau 1914​an hasi zen, Jainkoak bere Erreinua zeruan ezarri zuenean, «antzinako profeta santuen bidez» aurresandakoa betez (Eg. 3:21; Sal. 110:1-3; Dan. 4:13, 14 [4:16, 17, NWT]). Handik gutxira, Jesu Kristok lurrean egiazko adorazioa berrezartzen lagundu zien bere jarraitzaileei. Ondorioz, milioika lagun Jainkoaren Erreinuaren zerbitzari bihurtu dira, eta Jehoba bakean eta batasunean adoratzen dute orain. Hondatzen doan izaera zaharra erantzi eta «giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua» jantzi dute (Efe. 4:22-24). Eskale elbarria Jainkoaren botereari esker sendatu zen bezala, jendeak espiritu santuaren bidez aldatzea lortzen du, ez giza ahaleginen bidez. Pedroren antzera, ausardiaz eta trebetasunez erabili behar dugu Jainkoaren Hitza jendeari irakasteko. Dizipuluak egiteko lanean lortzen dugun guztia ez da gure botereari esker, Jehobaren botereari esker baizik.

«Ezin diogu ikusi eta entzundakoari buruz hitz egiteari utzi» (Eginak 4:1-22)

9-11. a) Nola erantzun zuten erlijioburu juduek Pedro eta Joanen mezuaren aurrean? b) Zer egitea erabaki zuten apostoluek?

9 Pedroren hitzaldiaren eta sendatutako eskalearen jauzi eta oihuen ondorioz, iskanbila handia sortu zen. Horregatik, segurtasunaz arduratzen zen tenpluko kapitaina eta apaizburuak korrika joan ziren gertatzen zena ikusteko. Ziurrenik gizon horiek saduzearrak ziren. Sekta honek diru eta botere politiko handia zuen eta Erromaren alde zegoen. Fariseuek legea zehatz-mehatz obeditzen zuten; saduzearrek, aldiz, ahozko legea baztertu eta ez zuten berpizkundean sinesten.c Zein amorratuta sentituko ziren gizon hauek Pedro eta Joan tenpluan Jesusen berpizkundeari buruz irakasten ari zirela ikustean!

10 Gizon horiek, haserreturik, Pedro eta Joan kartzelaratu zituzten eta, hurrengo egunean, juduen auzitegi gorenaren epaileengana eraman zituzten. Buruzagi harroputz horientzat Pedro eta Joan «eskola gutxikoak eta gizon arruntak» ziren. Beraien ustez, ez zutenez eskola erlijioso ezagun batean ikasi, ez zuten tenpluan irakasteko eskubiderik. Baina, argi eta garbi eta segurtasunez hitz egiten zutenez, epaileak harrituta gelditu ziren. Zergatik zen beraien hitz egiteko modua hain boteretsua? Arrazoi bat «Jesusekin ibili zirela» da (Eg. 4:13). Euren Maisuak benetako autoritatearekin irakatsi zien, ez lege maisuek bezala (Mat. 7:28, 29).

11 Auzitegiak apostoluei predikatzeari uzteko agindu zien. Gizarte horretan, auzitegi horren erabakiek pisu handia zuten. Izan ere, aste batzuk lehenago, auzitegi berberak Jesus aurrean izan zuenean, honako epaia eman zuen: «Hiltzea merezi du!» (Mat. 26:59-66). Baina, Pedro eta Joan ez ziren kikildu. Horren ordez, eskola handiko gizon boteretsu eta aberats horien aurrean, beldurrik gabe baina errespetuz, honakoa erantzun zuten: «Jainkoaren ikuspuntutik zuei obeditzea berari obeditzea baino hobea dela iruditzen bazaizue, zuek ikusi. Baina guk, ezin diogu ikusi eta entzundakoari buruz hitz egiteari utzi» (Eg. 4:19, 20).

APAIZ NAGUSIA ETA APAIZBURUAK

Apaiz nagusiak herria Jainkoaren aurrean ordezkatzen zuen. Kristo ondorengo lehenengo mendean, Sanedrinaren buru ere bazen. Apaiz nagusiaz gain, apaizburuak ere juduen buru ziren. Apaizburuen artean apaiz nagusiak izandakoak egoten ziren, esaterako Anas, baita familia berezi batzuetako gizon batzuk ere. Familia hauetatik aukeratzen ziren apaiz nagusiak eta, agian, horrelako lauzpabost familia besterik ez zeuden. Emil Schürer historialariaren arabera, familia horietako gizonei beste gizonei baino errespetu handiagoa izaten zitzaien, familia horietakoak izateagatik soilik.

Apaiz nagusiak bere eginkizunean hil arte zerbitzatzen zuela dio Bibliak (Zen. 35:25). Baina Eginak liburuko pasarteetako garaian, erromatar gobernariek eta Erromak aukeratzen zituen erregeek euren nahiaren arabera ezartzen eta kentzen zituzten apaiz nagusiak. Hala ere, badirudi, gobernari haiek apaiz nagusiak Aaronen leinutik aukeratzen jarraitzen zutela.

12. Zerk lagundu gaitzake ausardia eta konbentzimendua garatzen?

12 Gai al zara ausardia bera erakusteko? Nola sentitzen zara aberats, eskola handiko edo boteretsuak diren pertsonei predikatzeko aukera duzunean? Beldurtu egiten al zara familiakideek, eskolakideek edo lankideek zure sinesmenengatik burla egiten dizutenean? Hala bada, sentimendu horiek gainditu ditzakezu. Lurrean egon zenean, Jesusek apostoluei euren sinesmenak errespetuz eta segurtasunez defendatzen irakatsi zien (Mat. 10:11-18). Eta, berpiztu ondoren, Jesusek honakoa promestu zien bere dizipuluei: «Zuekin egongo naiz egunero sistemaren amaiera arte» (Mat. 28:20). Gaur egun, Jesusen gidaritzapean, «morroi leial eta zentzuduna» gure sinesmenak defendatzen irakasten ari zaigu (Mat. 24:45-47; 1 Ped. 3:15). Nola? Bileren bitartez, esaterako Kristauon zerbitzu eta bizimodua bilera. Biblian oinarritutako argitalpenen bidez ere laguntzen digu, horien artean jw.org webguneko «Bibliari buruzko galderak» ataleko artikuluak. Probetxurik handiena ateratzen ari al zara laguntza hauetatik? Hala egiten baduzu, zure ausardia eta konbentzimendua handituko dira eta, apostoluek bezala, ezerk ez dizu ikusi eta entzun dituzun egia espiritual zoragarriei buruz hitz egitea oztopatuko.

Arreba batek testigantza ematen dio lankide bati hamaiketakoa egitean.

Ez utzi ezerk ikasi dituzun egia espiritual zoragarriei buruz hitz egitea oztopatu zaitzan

«Otoitz egin zioten Jainkoari ozenki» (Eginak 4:23-31)

13, 14. Aurkaritzari aurre egin behar badiogu, zer egin beharko genuke eta zergatik?

13 Askatuak izan bezain pronto, Pedro eta Joan kongregazioarekin elkartu ziren. Orduan, «denek aho batez otoitz egin zioten Jainkoari ozenki» eta predikatzen jarraitzeko ausardia eskatu zioten (Eg. 4:24). Pedrok ondo zekien norbaitek Jehobaren nahia egin nahi duenean, ezin duela norberaren ahalmenean konfiantza jarri. Izan ere, aste batzuk lehenago bere buruan konfiantza gehiegi erakutsi zuen Jesusi honakoa esatean: «Nahiz eta gertatuko zaizunaren ondorioz beste guztiek huts egin, nik ez dut sekula huts egingo!». Baina, Jesusek aurresan zuen bezala, Pedrok gizakiari zion beldurrarengatik bere lagun eta maisua ukatu zuen. Eskerrak bere akatsetik ikasi zuen! (Mat. 26:33, 34, 69-75).

14 Beraz, Jesusi buruz testigantza ematen jarraitzeko, ez da nahikoa nahi izatea. Aurkariak Jehoba zerbitzatzeari edo predikatzeari utz diezaiozun saiatzen badira, jarraitu Pedro eta Joanen eredua. Otoitz egin Jehobari indarra eskatuz, bilatu laguntza kongregazioan, kontatu adindunei edo beste anai-arreba helduei pasatzen ari zaren zailtasunak eta ez ahaztu besteen otoitzek eragin boteretsua dutela (Efe. 6:18; St. 5:16).

15. Zergatik ez zara adoregabetu behar noizbait predikatzeari utzi badiozu?

15 Besteen presioarengatik noizbait predikatzeari utzi badiozu, ez adoregabetu. Gogoratu Jesus hil ondoren apostoluek ere denbora batez predikatzeari utzi ziotela. Baina segituan hasi ziren berriro eginkizun horretan (Mat. 26:56; 28:10, 16-20). Ez utzi iraganeko akatsek zapaldu zaitzaten. Horren ordez, zure akatsetatik ikasi eta ikasitakoa besteei laguntzeko erabili.

16, 17. Zer ikasi dezakegu guk Jesu Kristoren jarraitzaileek Jerusalemen egindako otoitzetik?

16 Zer eskatu beharko genioke Jainkoari otoitzean agintariek pertsegitzen bagaituzte? Apostoluek ez zioten pertsekuzioa kentzeko eskatu. Ondo gogoratzen zuten Jesusek esan zuena: «Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete» (Joan 15:20). Horren ordez, Jehobari honakoa erregutu zioten: «Entzun beraien mehatxuak» (Eg. 4:29). Dizipulu leial horiek egoera osotasunean ikusten zuten, pertsekuzioak profeziak betetzen zituela ulertuz. Bazekiten agintariek zer zioten axola gabe, Jainkoaren nahia lurrean beteko zela. Izan ere, Jesusek horixe eskatzen irakatsi zien otoitzean (Mat. 6:9, 10).

17 Jainkoaren nahia egiteko, dizipuluek honakoa eskatu zioten Jehobari: «Emaguzu zure morroiak garenoi zure hitzari buruz ausardia osoz hitz egiten jarraitzeko laguntza». Eta Jehobak berehala erantzun zien: «Elkartuta zeuden tokiak dar-dar egin zuen. Eta den-denak espiritu santuz bete ziren eta Jainkoaren hitzari buruz ausardiaz hitz egiten hasi ziren» (Eg. 4:29-31). Ezerk ezin du Jainkoaren nahia betetzea oztopatu (Is. 55:11). Oztopoak zein handiak diren edo etsaiak zein boteretsuak diren axola gabe, Jainkoari laguntza eskatzen badiogu, behar dugun indarra emango digu ausardiaz bere hitzari buruz hitz egiten jarraitzeko.

«Gezurra ez diezu gizakiei esan, Jainkoari baizik» (Eginak 4:32-5:11)

18. Zer egin zuten Jerusalemgo kongregazioko anai-arrebek bata besteari laguntzeko?

18 Denbora gutxian, Jerusalemgo kongregazio berria 5.000 lagunek baino gehiagok osatzen zuten.d Nahiz eta jatorri desberdinetakoak izan, dizipuluek «bihotz eta gogo bakarra» zuten, hau da, ikuspegi eta pentsatzeko era bera zuten (Eg. 4:32; 1 Ko. 1:10). Dizipuluek Jehobari euren ahaleginak bedeinkatzeko eskatzea baino gehiago egin zuten. Elkarri espiritualki eta, beharrezkoa izan zenean, materialki lagundu zioten (1 Joan 3:16-18). Adibidez, Jose izeneko dizipuluak, apostoluek Bernabe ere deitzen zutenak, lursail bat saldu eta ateratako dirua apostoluen esku utzi zuen urrutitik Jerusalemera etorritako anai-arrebei laguntzeko. Era horretara, dizipulu berriak Jerusalemen denbora gehiago gelditu ahalko ziren gehiago ikasteko eta euren fedea sendotzeko.

19. Zergatik hil zituen Jehobak Ananias eta Safira?

19 Ananias eta Safira izeneko bikote batek ere euren lursail bat saldu eta lortutako dirua apostoluei eman zieten. Diru guztia eman zuten itxurak egin zituzten. Baina diruaren zati bat beraientzat gorde zuten isilpean (Eg. 5:2). Jehobak bikote honen biziarekin amaitu zuen, ez nahikoa eman ez zutelako, baizik eta euren motibazioa gaiztoa zelako eta gezurtiak zirelako. Gezurra ez zieten gizakiei esan, Jainkoari baizik (Eg. 5:4). Jesusek kondenatu zituen hipokritek bezala, Ananias eta Safirak jendearen txaloak jaso nahi zituzten Jainkoaren onespena baino (Mat. 6:1-3).

20. Zer ikasten dugu Jehobari emateari buruz?

20 Apostoluen garaian, Jerusalemgo dizipulu leialak oso eskuzabalak ziren. Gaur egun, milioika Jehobaren lekuko ere eskuzabalak dira eta mundu mailako predikatze lanaren alde dohaintzak egiten dituzte gogo onez. Inork ez ditu euren denbora eta dirua ematera behartzen. Izan ere, Jehobak ez du inork bera «gogo txarrez eta behartuta bezala» zerbitzatzerik nahi (2 Ko. 9:7). Zenbat ematen diogun ere ez zaio axola, zergatik egiten dugun baizik (Mar. 12:41-44). Ez dugu inoiz Ananias eta Safira bezalakoak izan nahi. Ez dugu Jainkoa interesagatik edo besteen txaloak jasotzeko zerbitzatu nahi. Horren ordez, izan gaitezen Pedro, Joan eta Bernabe bezalakoak; egin dezagun guztia Jainkoari eta lagun hurkoari diegun maitasunak bultzatuta (Mat. 22:37-40).

PEDRO: ARRANTZALE IZATETIK APOSTOLU SUTSUA IZATERA

Biblian apostolu honi bost izenekin deitzen zaio: Simeon, hebreeratik hartua; Simon, baliokide grekoa; Zefas, arameeraz; Pedro, Zefasen baliokide grekoa; eta Simon Pedro, izen konposatua (Mat. 10:2; 16:16; Joan 1:42, NWT; Eg. 15:14).

Pedro apostoluak arrainez beteriko saski bat darama.

Pedro ezkonduta zegoen eta bere amaginarrebarekin eta anaiarekin bizi zen (Mar. 1:29-31). Pedro arrantzalea zen, Galileako itsasoaren iparraldean zegoen Betsaida herrikoa (Joan 1:44). Beranduago, Kapernaumetik gertu bizi izan zen (Luk. 4:31, 38). Behin, Jesus Pedroren ontzian eseri eta Galileako itsasertzean elkartuta zegoen jendeari irakasten hasi zitzaion. Gero, Jesusek Pedrori itsasora sareak botatzeko esan zion, eta mirariz arrain pila bat harrapatu zuen. Beldurtuta, Jesusen oinetara erori zen. Hori ikusita, Jesusek honakoa esan zion: «Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara» (Luk. 5:1-11). Pedro bere anaia Andresekin, Santiagorekin eta Joanekin ibiltzen zen arrantzan. Jesusen jarraitzaile izateko gonbidapena onartu zutenean, laurek euren arrantza negozioa utzi zuten (Mat. 4:18-22; Mar. 1:16-18). Urtebete bat beranduago, Jesusek bere 12 apostoluetako bat izateko aukeratu zuen. «Apostolu» hitzak «bidalitakoa» esan nahi du (Mar. 3:13-16, NWT).

Jesusek Pedro, Santiago eta Joan une berezietan berarekin egoteko aukeratu zituen. Adibidez, Jesus itxuraldatzen, Jairoren alaba berpizten eta Getsemanin izan zuen larritasuna ikusi zuten (Mat. 17:1, 2; 26:36-46; Mar. 5:22-24, 35-42; Luk. 22:39-46). Hiru horiek izan ziren, Andresekin batera, Jesusi bere presentziaren seinaleari buruz galdetu ziotenak (Mar. 13:1-4).

Pedrok pentsatzen zuena esaten zuen eta sutsua zen. Batzuetan inpultsiboa ere bazen. Badirudi, askotan, beste apostoluek baino lehenago ematen zuela bere iritzia. Izan ere, ebanjelioetan Pedroren hitzak beste 11 apostoluen hitzak elkartuta baino gehiago dira. Askotan, Pedrok galderak egiten zituen besteak isilik zeuden bitartean (Mat. 15:15; 18:21; 19:27-29; Luk. 12:41; Joan 13:36-38). Pedro izan zen Jesusi oinak ez garbitzeko esan zion bakarra. Baina gero, Jesusek zuzendu zuenean, burua eta eskuak garbitzeko ere eskatu zion! (Joan 13:5-10).

Pedrok Jesus asko maite zuenez, ez zuela sufritu eta hil beharrik esan zion. Baina Jesusek zuzendu egin behar izan zuen, oker zegoela azalduz (Mat. 16:21-23). Jesus hil aurreko gauean, Pedrok beste guztiek abandonatuko balute ere, berak ez zuela abandonatuko esan zion. Izan ere, Jesus atxilotu zutenean, ausardiak bultzatuta, Pedrok Jesus ezpatarekin defendatu zuen eta, ondoren, apaiz nagusiaren patioraino jarraitu zuen. Hala ere, gau horretan bertan, hiru aldiz ukatu zuen eta egin zuenaz konturatu zenean, saminki negar egin zuen (Mat. 26:31-35, 51, 52, 69-75).

Jesus berpiztu ondoren, Galilean lehen aldiz agertu baino lehentxeago, Pedrok arrantzatzera zihoala esan zuen, eta beste apostolu batzuk berarekin joan ziren. Pedrok Jesus hondartzan zegoela ikustean, segituan ontzitik uretara salto egin eta igerian joan zen hondartzaraino. Jesus gosaltzeko arrainak prestatzen ari zen apostoluentzat. Jaten ari ziren bitartean, Pedrori «hauek» bera baino gehiago maite ote zituen galdetu zion, arrainei buruz hitz eginez. Modu horretara, arrantza negozioan edo beste lanbideren batean zentratu beharrean, denbora osoz bera jarraitzera animatu zuen (Joan 21:1-22).

Pedrori «juduen apostolu» izateko boterea eman zitzaion (Gal. 2:8, 9). Beraz, K.o. 62-64 inguruan, berri onak Babilonian, gaur egungo Iraken, bizi ziren judu askori predikatu zizkion (1 Ped. 5:13). Han idatzi zuen bere lehenengo gutuna. Bigarrena ere agian bertan idatziko zuen. Zalantzarik gabe, Pedro sutsua eta errukiorra izan zen bere eginkizuna betetzean.

JOAN: JESUSEK MAITE ZUEN DIZIPULUA

Joan apostolua Zebedeoren semea eta Santiago apostoluaren anaia zen. Dirudienez bere amaren izena Salome zen, beharbada Mariaren, Jesusen amaren, ahizpa (Mat. 10:2; 27:55, 56; Mar. 15:40; Luk. 5:9, 10). Beraz, baliteke Joan eta Jesus lehengusuak izatea. Zebedeoren arrantza negozioa handia zen, gizonak kontratatuta baitzituzten. Horregatik, badirudi Joanen familia diruduna izango zela (Mar. 1:20). Litekeena da Joanek etxe propioa izatea (Joan 19:26, 27). Jesusek predikatzen zuen bitartean, Salome berarekin zihoan, eta Jesus Galileara joaten zenean, lagundu egiten zion. Beranduago, Jesus hiltzean, ukenduak erosi zituen bere gorpua hilobiratu aurretik prestatzeko (Mar. 16:1; Joan 19:40).

Joan apostoluak erroilu bat du eskutan.

Joan Bataiatzaileak Jesusi begiratuz «hona hemen Jainkoaren Bildotsa» esan zuenean, Andresekin batera zegoen Joan Bataiatzailearen beste dizipulua ziurrenik Joan izan zen (Joan 1:35, 36, 40). Ondoren, Joan, Zebedeoren semea, seguruenik Jesusekin batera joan zen Kanara. Horrela izan balitz, Jesusen lehen mirariaren lekuko izango zen (Joan 2:1-11). Baliteke ere Jesus Jerusalem, Samaria eta Galilean egon zenean, Joan berarekin egon izana, berak idatzitako Ebanjelioak toki hauetan gertatutakoa xehetasun handiz deskribatzen baitu. Bestalde, Joan fede handiko gizona izan zen. Izan ere, Jesusek bere jarraitzaile izatera gonbidatu zuenean, Santiago, Pedro eta Andresen antzera, arrantza sareak, ontzia eta ogibidea utzi zituen, eta Jesusen dizipulu egin zen (Mat. 4:18-22).

Ebanjelioek Joan Pedro bezainbeste aipatzen ez duten arren, Joanek ere izaera bizia zuen. Horregatik, Jesusek berari eta bere anaia Santiagori Boanerges, hau da, «Trumoikume» izenordea jarri zien (Mar. 3:17). Hasiera batean, Joanek postu inportante bat izateari gehiegizko garrantzia ematen zion. Horregatik, anbizioak jota, Joan eta bere anaiak ama Jesusengana bidali zuten Erreinuan postu garrantzitsu bat eskatzeko. Egia da eskaera hura berekoia izan zela. Baina beraientzat Erreinua erreala zela erakutsi zuen. Bestalde, egoera hura aprobetxatuz, Jesusek apalak izatearen garrantzia azpimarratu ahal izan zien apostoluei (Mat. 20:20-28).

Joanek izaera bizia zuela erakutsi zuen. Behin, Jesusen jarraitzailea ez zen gizon bat deabruak Jesusen izenean botatzen ari zela ikustean, gizon horrek hau egitea eragozten saiatu zen Joan. Beste batean, Samariako herri bateko biztanleek Jesusi eta bere dizipuluei ongietorria eman ez zietenean, bere burua eskaini zuen sua zerutik jaistea eskatzeko. Bi kasu hauetan, Jesusek errieta egin zion Joani. Baina argi dago, denborarekin, Joan arrazoitsuagoa eta errukitsuagoa izatera iritsi zela (Luk. 9:49-56). Akatsak egin arren, Jesusek «maite zuen ikaslea» izan zen Joan. Izan ere, Jesus hiltzear zegoenean, Joani bere ama, Maria, zaintzeko ardura eman zion (Joan 19:26, 27; 21:7, 20, 24).

Jesusek aurresan bezala, Joan beste apostoluak baino gehiago bizi izan zen (Joan 21:20-22). Joanek leialki zerbitzatu zuen Jehoba 70 urte inguruz. Bere bizitzaren amaiera aldera, Domiziano erromatar enperadorearen garaian, Patmos uhartera erbesteratua izan zen «Jainkoaren hitzarengatik eta Jesusen testigantza egiteagatik». Bertan, K.o. 96. urte inguruan, Joanek Apokalipsia liburuan irakurtzen ditugun ikuskariak jaso zituen (Ap. 1:1, 2, 9). Antza denez, askatua izan zenean, Efesora joan, bere izena daraman Ebanjelioa eta bere hiru gutunak idatzi, eta 100. urte inguruan hil egin zen.

a Tenpluan otoitzak egiten ziren goizeko eta arratsaldeko sakrifizioak egiten ziren aldi berean. Arratsaldeko sakrifizioa «hirurak aldera» egiten zen.

b Ikusi ondorengo taulak: «Pedro: Arrantzale izatetik apostolu sutsua izatera» eta «Joan: Jesusek maite zuen dizipulua».

c Ikusi «Apaiz nagusia eta apaizburuak» taula.

d Kristo ondorengo 33. urtean, beharbada 6.000 fariseu inguru bakarrik eta are saduzear gutxiago zegoen Jerusalemen. Agian hau zen Jesusen irakaspenengatik mehatxatuak sentitzeko zuten arrazoietako bat.

    Argitalpenak euskaraz (1993-2025)
    Amaitu saioa
    Hasi saioa
    • Euskara
    • Partekatu
    • Aukerak
    • Copyright © 2025 Watch Tower Bible and Tract Society of Pennsylvania
    • Erabiltzeko baldintzak
    • Pribatutasun politika
    • Pribatutasun konfigurazioa
    • JW.ORG
    • Hasi saioa
    Partekatu