2 Pedro
1 Nik, Simon Pedrok —Jesu Kristoren apostolu eta morroiak—, Jesu Kristo Salbatzailearen eta gure Jainkoaren justiziaren bidez gurea bezain baliotsua den fedea lortu dutenei:
2 Jaso dezazuela gero eta merezigabeko eskuzabaltasun eta bake handiagoa, Jainkoaren eta Jesus gure Jaunaren ezagutza zehatzaren bitartez. 3 Izan ere, Jainkoaren botereak eman* digu Jainkoari debozioa izanez bizitzeko behar dugun guztia, zeren deitu gintuenaren ezagutza zehatza lortzera iritsi gara bere aintza eta bertutearen* bitartez. 4 Gauza horien bidez, promes baliotsu eta bikainak eman* dizkigu, promes horiei esker Jainkoari dagokion berezko izaeraren partaide izan zaitezten. Horregatik egin du hori, desio* txarrek sortzen duten munduko ustelkeriatik ihes egin dugulako.
5 Horrexegatik, ahal duzuen guztia egin zeuen fedeari bertutea* gehitzeko; zeuen bertuteari, ezagutza; 6 zeuen ezagutzari, autokontrola; zeuen autokontrolari, iraupena; zeuen iraupenari, Jainkoari debozioa; 7 Jainkoari diozuen debozioari, anaiarteko maitasuna; eta anaiarteko maitasunari, jende guztiarenganako maitasuna. 8 Zeren ezaugarri horiek zuengan badaude eta gainezka egiten badute, gure Jaun Jesu Kristoren ezagutza zehatzaren arabera jokatuko duzue, eta ez zarete inaktiboak edo fruitugabeak* izango.
9 Baina ezaugarri horiek ez dituena itsua da, begiak ixten baititu argia ez ikusteko*, eta aspaldi egin zituen bekatuak garbituak izan zirela ahaztu zaio. 10 Beraz, anai-arrebok, esfortzu handiagoa egin Jainkoak deitu eta aukeratu dituenen artean zaudetela ziurtatzeko, zeren gauza hauek egiten jarraitzen baduzue, ez duzue sekula huts egingo. 11 Izan ere, modu horretan, bedeinkapen paregabea izango duzue: gure Jaun eta Salbatzaile den Jesu Kristoren betirako Erreinuan sartzea.
12 Horregatik, gauza guzti hauek zuei behin eta berriz gogorarazteko helburua jarri dut, nahiz eta dagoeneko ezagutzen dituzuen eta ikasitako egian sendo ezarriak zaudeten. 13 Baina, tabernakulu* honetan jarraitzen dudan bitartean, egokia iruditzen zait gauza hauek gogoratuz zuek esnatzea, 14 zeren badakit nire tabernakulua laster kendua izango zaidala, Jesu Kristo gure Jaunak argi eta garbi jakinarazi zidan bezalaxe. 15 Ahal dudan guztia egingo dut beti, ni joan* ondoren, zeuen kabuz gauza horiek gogoratu* ahal ditzazuen.
16 Gure Jaun Jesu Kristoren boterea eta presentzia ezagutarazi genizuenean, ez genuen maltzurkeriaz asmatutako kontu faltsuetan oinarrituta egin, baizik eta bere handitasuna geure begiekin ikusi genuelako egin genuen. 17 Zeren bere Jainko Aitarengandik ohorea eta aintza jaso zituen, aintza zoragarriak honelako hitzak* transmititu zizkionean: «Hau da nire Seme kuttuna, oso pozik nago berarekin*». 18 Bai, guk geuk entzun genituen hitz horiek zerutik etortzen, berarekin mendi santuan geunden bitartean.
19 Beraz, hitz profetikoetan dugun konfiantza handiagotu egin da*, eta zuen bihotzetan distira egingo dute, toki ilunean distira egiten duen lanpara batek bezala. Zuek ondo egiten duzue hitz horiei adi-adi egonez eguna argitu eta goizeko izarra altxatu arte. 20 Baina, lehenik eta behin, zuek badakizue Idazkietako profezia bakar bat ere ez dela interpretazio pertsonalean oinarritzen. 21 Zeren profeziak ez ziren inoiz gizakien iniziatibagatik sortu, baizik eta gizakiek Jainkoaren partetik hitz egin zuten espiritu santuak gidatuta*.