1 Tesalonikarrei
5 Anai-arrebok, denbora eta garaiei buruz, ez duzue inork zuei ezer idazterik behar. 2 Zeren zuek oso ongi dakizue Jehobaren* eguna gauez datorren lapur bat bezalaxe etorriko dela. 3 «Bakea eta segurtasuna!» esaten ariko direnean, orduan etorriko da suntsipena bat-batean beraien gainera, haurdun dagoen emakume bati erdiminak bezala, eta ez dute inolaz ere ihes egingo. 4 Baina zuek, anai-arrebok, ez zaudete ilunpetan, egun horrek zuek ustekabean harrapatzeko moduan, egunaren argiak lapurrak ustekabean harrapatzen dituen bezalaxe. 5 Zeren zuek guztiok argiaren seme-alabak eta egunaren seme-alabak zarete. Gu ez gara gauaren seme-alabak, ezta iluntasunarenak ere.
6 Beraz, ez dezagun lo hartu gainontzekoek egiten duten bezala, baizik eta egon gaitezen esna eta mantendu dezagun gure zentzu ona. 7 Izan ere, lo egiten dutenek, gauez egiten dute lo, eta mozkortzen direnak, gauez mozkortzen dira. 8 Baina guk, egunaren seme-alabak garenok, mantendu dezagun gure zentzu ona, jarri dezagun fedearen eta maitasunaren koraza, baita salbamenaren esperantzaren kaskoa ere; 9 zeren Jainkoak ez gintuen haserrea sufritzeko aukeratu, baizik eta Jesu Kristo gure Jaunaren bidez salbamena lortzeko. 10 Bera guregatik hil zen, esna edo lotan* gauden axola gabe, berarekin batera bizi gaitezen. 11 Beraz, segi elkar animatzen* eta bata bestea sendotzen*, dagoeneko egiten ari zareten bezala.
12 Orain, anai-arrebok, honakoa eskatzen dizuegu: erakutsi errespetua zuen artean gogor lan egiten dutenei, Jaunaren lanean zuzentzen eta aholkatzen zaituztetenei; 13 eta, egiten duten lanagatik, estimu handia diezuela erakutsi, beraiek maitasunez tratatuz. Gainera, izan baketsuak bata bestearekin. 14 Bestalde, anai-arrebok, honakoa erregutzen dizuegu: aholkatu diziplinarik gabekoak*, kontsolatu deprimituak*, lagundu ahulak eta izan pazientzia guztiekin. 15 Ziurtatu inork ez duela gaizkia gaizkiaren orde itzultzen. Kontrara, saiatu beti ongi dagoena egiten elkarri eta beste guztiei.
16 Egon beti pozik. 17 Egin otoitz etengabe. 18 Eman eskerrak guztiarengatik. Hori da Jainkoaren nahia zuentzat, Kristo Jesusekin bat eginda zaudetenontzat. 19 Ez itzali espirituaren sua. 20 Ez mespretxatu profeziak. 21 Ziurtatu gauza guztiez eta eutsi tinko ondo dagoenari. 22 Baztertu mota guztietako gaiztakeria.
23 Bakearen Jainkoak berak guztiz santifikatu zaitzatela. Eta, Jesu Kristo gure Jaunaren presentzian zehar, zuen espiritua, arima* eta gorputza akatsik gabe eta zentzu guztietan osasuntsu mantendu daitezela. 24 Deitzen zaituztena leiala da eta, dudarik gabe, horixe egingo du.
25 Anai-arrebok, segi gure alde otoitz egiten.
26 Agurtu anai-arreba guztiak muxu santuz.
27 Jaunaren izenean, seriotasun osoz agintzen dizuet eskutitz hau anai-arreba guztiei irakurtzeko.
28 Egon dadila zuekin Jesu Kristo gure Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna.