1 Joan
4 Maiteok, ez sinetsi mezu inspiratu* guztiak; horren ordez, egiaztatu Jainkoarengandik datozen ala ez, zeren profeta faltsu asko agertu dira munduan.
2 Honela jakin dezakezue mezu inspiratua Jainkoarena den ala ez: Jesu Kristo gizaki moduan* etorri zela onartzen duten mezu inspiratu guztiak Jainkoarengandik datoz, 3 baina Jesus onartzen ez duten mezu inspiratuak ez datoz Jainkoarengandik. Hori antikristoaren mezu inspiratua da, etorriko zela entzun zenutena eta dagoeneko munduan dagoena.
4 Seme-alabatxook, zuek Jainkoarengandik zatozte eta profeta faltsuak garaitu dituzue, zeren zuekin bat eginda dagoena munduarekin bat eginda dagoena baino handiagoa da. 5 Mundutik datoz horiek; horregatik hitz egiten dute mundutik datozen gauzei buruz, eta munduak entzun egiten die. 6 Gu Jainkoarengandik gatoz. Jainkoa ezagutzen duenak guri entzuten digu; Jainkoarengandik ez datorrenak ez digu guri entzuten. Horrela bereizi dezakegu zein mezu inspiratu den egia eta zein gezurra.
7 Maiteok, jarrai dezagun elkar maitatzen, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen edonor Jainkoarengandik jaio da eta Jainkoa ezagutzen du. 8 Maitatzen ez duenak ez du Jainkoa ezagutzen, zeren Jainkoa maitasuna da. 9 Honela erakutsi zen Jainkoaren maitasuna gure kasuan: Jainkoak bere Seme bakarra* mundura bidali zuen beraren bidez bizia lortu dezagun. 10 Maitasunak ez du esan nahi guk Jainkoa maitatu dugula, baizik eta Jainkoak gu maitatu gintuela eta bere Semea gure bekatuengatik errekontziliazio sakrifizio* moduan bidali zuela.
11 Maiteok, Jainkoak horrela maitatu bagintuen, gu ere elkar maitatzera behartuta gaude. 12 Inork ez du Jainkoa inoiz ikusi. Bata bestea maitatzen jarraitzen badugu, Jainkoak gugan jarraitzen du eta bere maitasuna gugan perfektu izatera iristen da. 13 Honela dakigu berarekin bat eginda jarraitzen dugula eta berak gurekin bat eginda jarraitzen duela: bere espiritua eman digulako. 14 Gainera, guk geuk ikusi dugu Aitak bere Semea munduaren salbatzaile bezala bidali zuela, eta horri buruzko testigantza ematen dugu. 15 Pertsona batek Jesus Jainkoaren Semea dela onartzen badu, Jainkoak pertsona horrekin bat eginda jarraitzen du eta pertsona horrek Jainkoarekin. 16 Eta guk Jainkoak digun maitasuna ezagutu dugu eta maitasun horretan sinesten dugu.
Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean jarraitzen duenak Jainkoarekin bat eginda jarraitzen du eta Jainkoak berarekin. 17 Modu horretan iritsi da maitasuna gugan perfektu izatera, horrela, epai egunean, askatasun* osoz hitz egin ahal izango dugu, zeren bera* bezalakoak gara gu ere mundu honetan. 18 Maitasunean ez dago beldurrarentzat tokirik; horren ordez, maitasun perfektuak kanpora botatzen* du beldurra, beldurrak mugatu egiten baikaitu. Hala da, bai, beldurra duen pertsona ez da maitasunean perfekzionatua izan. 19 Guk maitasuna erakusten dugu Jainkoak maitatu gintuelako lehenik.
20 Norbaitek «Jainkoa maite dut» esaten badu, baina bere anaia gorrotatzen badu, gezurtia da; izan ere, ikusten duen bere anaia maitatzen ez badu, nola maitatuko du ikusten ez duen Jainkoa? 21 Eta hauxe da berarengandik jaso genuen agindua: Jainkoa maite duenak maitatu dezala bere anaia ere.