2 Pedro
2 Hala ere, herrian profeta faltsuak egon ziren bezala, zuen artean ere irakasle faltsuak egongo dira. Sekta suntsitzaileak sortuko dituzte ezkutuan, eta beraiek erosi zituen jabea ere baztertuko dute eta, horrela jokatzeagatik, euren gain berehala ekarriko dute suntsipena. 2 Gainera, pertsona askok imitatuko dute beraien jokabide lotsagabea* eta, beraien erruz, egiaren bideari buruz modu iraingarrian hitz egingo da. 3 Eta kodiziotsuak direnez, hitz faltsuak erabiliz zuetaz aprobetxatuko dira. Baina beraien kondena —aspaldi erabaki zena— ez da atzeratuko; beraien suntsipena ziurtasun osoz iritsiko da*.
4 Jainkoak, hain zuzen ere, bekatu egin zuten aingeruak zigortu, Tartarora* bota eta iluntasun sakonean katez lotu* zituen beraien epaiketa iritsi arte. 5 Antzinako mundu bat ere zigortu zuen, Jainkoa errespetatzen ez zuen munduaren gain uholde bat ekarri zuenean; baina Noe —justiziaren predikatzaile zena— eta beste zazpi pertsona salbatu egin zituen. 6 Eta Sodoma eta Gomorrako hiriak errauts bihurtuz kondenatu egin zituen eta, horrela, Jainkoa errespetatzen ez dutenei gertatuko zaiena erakutsi zien. 7 Lot justua ere —gaiztoen* jokabide lotsagabeagatik* oso triste zegoena— salbatu egin zuen, 8 zeren, beraien artean bizi zen bitartean, gizon justu hark egunero-egunero bere arima* atsekabetuta zuen, ikusten eta entzuten zituen gauza txarrengatik. 9 Beraz, Jehobak* badaki berari debozioa dioten pertsonak probetatik salbatzen, baina badaki pertsona injustuak gordetzen ere epai egunean suntsituak izan daitezen, 10 batez ere besteen gorputza kutsatu nahian dabiltzanak eta autoritatea mespretxatzen dutenak.
Lotsagabe eta burugogorrak direnez, ez dute beldurrik aintzaz beterikoez modu iraingarrian hitz egiteko. 11 Aingeruek, aldiz, beraiek baino indar eta botere handiagoa izan arren, ez dituzte hitz iraingarriekin salatzen Jehoba errespetatzen dutelako*. 12 Baina gizon horiek —instintiboki jokatzen duten, eta harrapatuak eta suntsituak izateko jaiotzen diren animalia zentzugabeak bezalakoak direnek— modu iraingarrian hitz egiten dute ez dakizkiten gauzei buruz. Beraien jokaera gaiztoarengatik suntsituak izango dira, 13 eta jokaera kaltegarria izateagatik kaltea sufritzea izango da beraien saria.
Plazer bat da beraientzat gehiegikeriatan aritzea, baita egun-argiz ere. Beraiek, zuen artean, mantxak eta akatsak bezalakoak dira; zuekin banketeak ospatzen dituzten bitartean, beraien irakaspen faltsuekin besteak engainatzeaz gozatzen* dute. 14 Beraien begiak adulterioz josita daude eta ezin diote bekatu egiteari utzi, eta kili-kolo dabiltzanak* erakartzen dituzte. Kodizian entrenatutako bihotza dute eta seme-alaba madarikatuak dira. 15 Bide zuzenetik ibiltzeari utzi diote eta desbideratu egin dira. Balaamen —Beorren semearen— bidea jarraitu dute. Hark gaiztakeriaren saria maitatu zuen, 16 baina bere desobedientzia agerian utzi zen. Zamak eramateko animalia batek —hitz egin ezin zuenak— giza ahotsarekin hitz egin eta profetaren jokabide zoroa geldiarazi zuen.
17 Gizon horiek urik gabeko iturriak bezalakoak dira, ekaitz zakar batek eramandako behe-lainoak bezalakoak; iluntasunik sakonena dago gordeta beraientzat. 18 Hitzaldi ponposoak egiten dituzte, baina ez dute baliorik. Haragiaren desioak bultzatuz eta jokabide lotsagabearen* bitartez, gaizki dagoena egiten dutenengandik ihes egin berri dutenak erakartzen dituzte. 19 Askatasuna promesten dieten arren, ustelkeriaren esklaboak dira; zeren norbaitek* garaitzen bazaitu, haren esklabo bihurtzen zara. 20 Hala da, Jaun eta Salbatzaile den Jesu Kristoren ezagutza zehatzari esker, mundu honetako kutsaduratik ihes egin ondoren berriz ere gauza berberetan murgiltzen badira eta kutsadurak garaitzen baditu, amaieran izango duten egoera hasierakoa baino okerragoa izango da. 21 Hobe izango zen beraientzat justiziaren bidea zehaztasunez ez ezagutzea, ezagutu eta gero, jaso zuten agindu santutik aldentzea baino. 22 Esaera zahar honek hain egoki dioena gertatu zaie: «Txakurrak botaka egin du eta botatakora itzuli da, eta garbitu berria izan den txerria lokatzetara itzuli da».