Markos
7 Jerusalemetik etorritako fariseuak eta lege maisu batzuk Jesusen inguruan bildu ziren. 2 Eta bere dizipuluetako batzuk esku kutsatuekin, hau da, eskuak garbitu gabe* jaten ari zirela ikusi zuten. 3 (Fariseuek, baita beste judu guztiek ere, gogor eusten diete arbasoen tradizioei, eta ez dute jaten eskuak ukondoraino garbitu gabe. 4 Eta merkatutik etortzen direnean, ez dute jaten garbitu gabe. Badaude jaso dituzten beste tradizio asko, eta hauei ere gogor eusten diete, adibidez, kopak, pitxerrak eta kobrezko ontziak erabili baino lehen, uretan murgiltzen* dituzte.) 5 Beraz, fariseu eta lege maisu hauek galdetu zioten Jesusi: «Zergatik ez dituzte jarraitzen zure dizipuluek gure arbasoen tradizioak? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?». 6 Berak erantzun zien: «Isaiasek ederki aurresan zuen zuei buruz, hipokrita halakoak, idatzita dagoen hau: “Herri honek ezpainez ematen dit ohore, baina bihotza nigandik oso urrun dauka. 7 Adoratzen naute, bai, baina alferrik, zeren beraien irakaspenak* gizakien aginduetan oinarritzen dira”. 8 Zuek Jainkoaren aginduak alde batera utzi eta gogor eusten diezue gizonen tradizioei».
9 Gainera, esan zien: «A zer trebetasuna duzuen Jainkoaren agindua alde batera utziz, zuen tradizioa mantentzeko! 10 Adibidez, Moisesek esan zuen: “Ohore eman aitari eta amari”, eta “Aitari edo amari buruz mespretxuz hitz egiten* duenak hila izan behar du”. 11 Baina zuek diozue: “Norbaitek aitari edo amari esaten badio: ‘Zuri laguntzeko erabili nezakeen guztia korban da (hau da, Jainkoari eskainitako oparia)’”, 12 ez diozue bere aitaren edo amaren alde ezertxo ere egiten uzten. 13 Horrela, zuek transmititzen dituzuen tradizioekin Jainkoaren hitza baliogabetzen duzue, eta horrelako asko egiten dituzue». 14 Orduan, jendetzari berriro hurbiltzeko eskatu eta esan zion: «Entzun niri, zuek guztiok, eta ulertu nire hitzen esanahia. 15 Gizaki bat ezin da kutsatu kanpotik barrura sartzen zaion ezertxorekin; bere barrutik ateratzen diren gauzek kutsatzen dute». 16* ——
17 Jesusek jendetza utzi zuenean, etxe batean sartu zen eta dizipuluek konparaketaren esanahiari buruz galdetu zioten. 18 Beraz, berak erantzun zien: «Zuek ere ez duzue ulertzen? Ez al dakizue gizaki bat ezin dela kutsatu kanpotik sartzen zaion ezertxorekin? 19 Ez baita bihotzean sartzen, sabelean baizik, eta atera eta komunera joaten da». Hau esanik, Jesusek janari guztiak garbiak direla adierazi zuen. 20 Gainera, esan zien: «Gizakia kutsatzen duena berarengandik ateratzen dena da. 21 Zeren barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira arrazoiketa kaltegarriak: sexu moralgabekeria*, lapurretak, hilketak, 22 adulterioak, kodizia, gaiztakeriak, engainua, jokabide lotsagabea*, inbidia*, blasfemia, harrokeria eta zentzugabekeria. 23 Gauza txar guzti hauek barrutik ateratzen dira eta gizakia kutsatzen dute».
24 Handik atera ondoren, Tiro eta Sidongo lurraldera joan zen. Han zegoela inork jakiterik nahi ez zuenez, etxe batean sartu zen, baina ez zuen ezkutuan egoterik lortu. 25 Bera iritsi bezain pronto, alabatxoa espiritu gaizto* baten menpe zeukan emakume batek Jesusen berri izan zuen. Emakumea etorri eta Jesusen oinetara erori zen. 26 Emakume honek greziar jatorria zuen, Sirofeniziako herritarra* zen. Eta behin eta berriz erregutu zion bere alabatxoarengandik deabrua botatzeko. 27 Baina Jesusek esan zion: «Utzi lehenik seme-alabei asetzen, zeren ez dago ondo seme-alabei ogia kentzea eta txakurtxoei botatzea». 28 Hala ere, emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, baina mahai azpian dauden txakurtxoek ere haur txikien papurretatik jaten dute». 29 Orduan, Jesusek esan zion: «Zoaz lasai. Hau esan duzunez, atera da deabrua zure alabarengandik». 30 Beraz, emakumea etxera itzuli eta haurtxoa ohean etzanda aurkitu zuen; deabrua alde egina zen.
31 Jesus Tiroko lurraldetik Galileako itsasora itzuli zenean, Sidon eta Dekapolis* lurraldea zeharkatu zituen. 32 Gizon bat ekarri zioten. Gorra zen eta hitz egiteko zailtasunak zituen, eta bere gainean eskua jartzeko erregutu zioten. 33 Jesusek aparte eraman zuen, jendetzatik urrun. Orduan, behatzak* gizonaren belarrietan sartu zituen, eta txistua bota* ondoren, mihia ukitu zion. 34 Jesusek zerura begiratu eta, arnas sakona bota ondoren, esan zion: «Effata», hau da, «Ireki zaitez». 35 Segituan, belarriak ireki zitzaizkion, hitz egiteko zailtasuna desagertu eta normal hitz egiten hasi zen. 36 Jesusek inori ez kontatzeko agindu zion jendeari, baina zenbat eta gehiagotan agindu, orduan eta gehiago zabaltzen zuten Jesusek egindakoa. 37 Izan ere, harrituta, aho zabalik zeuden, eta esaten zuten: «Guztia ongi egiten du. Gorrek entzutea eta mutuek hitz egitea ere lortzen du!».