Santiago
1 Nik, Santiagok —Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren morroiak—, sakabanatuta dauden 12 tribuei:
Jaso nire agurrak!
2 Ene anai-arrebok, proba desberdinei aurre egitean, egon pozez gainezka, 3 zeren badakizue zuen fedeak, probatua izan ondoren eta bere kalitatea erakusten duenean, iraupena sortzen duela. 4 Baina utzi iraupenak bere lana bukatu dezan. Horrela, zentzu guztietan pertsona beteak eta osasuntsuak izango zarete, eta ez zaizue ezer faltako.
5 Beraz, zuetakoren bati jakinduria falta bazaio, segi dezala Jainkoari eskatzen eta jasoko du, zeren guztiei eskuzabaltasunez eta aurpegira ezer bota gabe ematen die. 6 Baina segi dezala fedez eskatzen, zalantzarik egin gabe; zeren zalantza egiten duena itsasoko olatu bat bezalakoa da, haizeak alde batetik bestera eramaten duena. 7 Izan ere, pertsona horrek ez luke pentsatu beharko Jehobarengandik* ezer jasoko duenik; 8 horrelako pertsona beti zalantzaz beteta dago eta bere bideak etengabe aldatzen ditu.
9 Poztu* dadila anaia pobrea goratua izan delako, 10 eta poztu dadila aberatsa umiliatua izan delako; izan ere, aberatsa zelaiko lore bat bezala desagertuko da. 11 Zeren eguzkia ateratzen da eta, bere bero kiskalgarriarekin, landarea zimeltzen du; orduan, lorea erortzen da eta landareak bere edertasun osoa galtzen du. Modu berean desagertuko da aberatsa bere helburuen atzetik doan bitartean.
12 Zoriontsua proba garaian irauten jarraitzen duena. Izan ere, aprobazioa jasotzen duenean, biziaren koroa jasoko du, Jehobak bera maitatzen jarraitzen dutenei promestutakoa. 13 Probapean egotean, inork ez dezala esan: «Jainkoa ni proban jartzen ari da». Zeren inork ezin du Jainkoa gauza txarrekin proban jarri, eta berak ere ez du inor proban jartzen. 14 Horren ordez, bakoitza norberaren desioengatik da proban jarria horiek erakartzen eta liluratzen* dutenean. 15 Orduan, desioa elikatua izan* denean, bekatua sortzen* du; eta bekatua burutzen denean, heriotza sortzen du.
16 Ene anai-arreba maiteok, ez engainatu zeuen burua*. 17 Opari on eta dohain perfektu guztiak goitik datoz, eta zeruko argien Aitarengandik jaisten dira. Bera ez da aldatzen, itzalak aldatzen diren bezala. 18 Bere nahia guri bizia ematea izan zen egiaren hitzaren bitartez, berak sortutakoen artean lehen fruituak izan gaitezen.
19 Ene anai-arreba maiteok, zuek honakoa jakitea nahi dut: denok entzuteko bizkorrak, hitz egiteko motelak eta haserretzeko motelak izan behar duzue, 20 zeren gizakiaren haserrearen emaitza ez da Jainkoaren justizia. 21 Beraz, kendu zikinkeria guztia eta gaiztakeria arrasto guztiak*, eta onartu lasaitasunez* Jainkoaren hitza —zuek salbatzeko gaitasuna duena— zuengan errotzea*.
22 Hala ere, praktikan jarri ezazue hitza, eta ez entzun bakarrik, zeuen burua arrazoiketa faltsuekin engainatuz. 23 Zeren norbaitek hitza entzun arren praktikan jartzen ez badu, ispilu aurrean bere aurpegiari begiratzen dion gizon bat bezalakoa da: 24 bere buruari begiratu ondoren, joan egiten da eta segituan ahazten du nolakoa den. 25 Askatasuna ekartzen duen lege perfektuari arreta handiz begiratzen dionak eta lege hori betetzen jarraitzen duenak, aldiz, ez du entzuten eta ahazten, baizik eta praktikan jartzen du; eta hori egiten duena zoriontsua izango da.
26 Norbaitek Jainkoaren adoratzailea* dela pentsatzen badu, baina ez badu bere mingaina kontrolpean mantentzen*, bere bihotza engainatzen ari da eta bere adorazioak ez du ezertarako balio. 27 Gure Jainko eta Aitaren ikuspuntutik, honakoa da adoratzeko modu* garbia eta kutsatu gabea: umezurtzei eta emakume alargunei beraien zailtasunetan laguntzea, eta munduko zikinkeriatik garbi mantentzea.