1 Joan
5 Jesus bera Kristo dela sinesten duena Jainkoarengandik jaio da. Eta jaiotza eragin zuen Jainkoa maite duenak, berarengandik jaio den hori maite du. 2 Jainkoa maitatzen badugu eta bere aginduak betetzen baditugu, badakigu Jainkoaren seme-alabak maite ditugula. 3 Zeren Jainkoa maitatzeak hau esan nahi du: bere aginduak obeditzea. Eta bere aginduak ez dira astunak. 4 Jainkoarengandik jaio diren pertsona* guztiek mundua garaitzen dute. Eta hau da munduaren gain garaipena eman diguna: gure fedea.
5 Nork garaitu dezake mundua? Ez al da honetan fedea duenak: Jesus Jainkoaren Semea dela? 6 Hau da uraren eta odolaren bitartez etorri zena: Jesu Kristo. Eta ez zen urarekin bakarrik etorri, urarekin eta odolarekin baizik. Eta espirituak testigantza ematen du, espiritua egia baita. 7 Zeren hiru dira testigantza ematen dutenak: 8 espiritua, ura eta odola; eta hirurak ados daude.
9 Guk gizakien testigantza onartzen dugu, baina Jainkoaren testigantza handiagoa da. Zeren hau da Jainkoak ematen duen testigantza: bere Semeari buruz eman duen testigantza. 10 Jainkoaren Semearengan fedea jartzen duenak testigantza bere barnean darama. Jainkoarengan federik ez duenak Jainkoa gezurti bezala uzten du, ez duelako federik jarri Jainkoak bere Semeari buruz eman zuen testigantzan. 11 Eta hauxe da testigantza: Jainkoak betirako bizia eman zigun, eta bizi hori bere Semearengan dago. 12 Semea duenak bizi hori dauka; Jainkoaren Semea ez duenak, berriz, ez dauka bizi hori.
13 Zuei, Jainkoaren Semearen izenean fedea jartzen duzuenoi, gauza hauek idazten dizkizuet betirako bizia duzuela jakin dezazuen. 14 Honako konfiantza dugu Jainkoarengan*: bere nahiarekin bat datorren edozer gauza eskatzen badiogu, berak entzun egiten digula. 15 Eta zerbait eskatzen diogun bakoitzean entzun egiten digula dakigunez, ziur gaude eskatzen duguna jasoko dugula, berari eskatu baitiogu.
16 Norbaitek bere anaia heriotzara ez daraman bekaturen bat egiten ikusten badu, egin dezala otoitz bere alde eta Jainkoak bizia emango dio. Heriotzara daraman bekaturen bat egiten ez dutenentzat esaten dut hau. Baina badago heriotzara daraman bekatu bat. Eta ez diot inori bekatu mota horri buruz otoitz egiteko eskatzen. 17 Injustizia guztia bekatu da, baina badago heriotzara ez daraman bekatu bat.
18 Badakigu Jainkoarengandik jaio denak ez duela bekatua praktikatzen, baizik eta Jainkoarengandik jaio zen hark* babestu egiten duela, eta Gaiztoak ezin dio minik egin. 19 Badakigu gu Jainkoarengandik gatozela, baina mundu osoa Gaiztoaren menpe dago. 20 Eta badakigu Jainkoaren Semea etorri dela, eta egiazkoa den Jainkoa ezagutzeko ulermena* eman digu. Eta bere Seme Jesu Kristoren bidez, egiazkoa den horrekin bat eginda gaude. Bera da egiazko Jainkoa eta betirako bizia. 21 Seme-alabatxook, kontuz ibili idoloekin*.