Nola egin behar dugu otoitz Jainkoak guri entzuteko?
Jehobak «otoitzak entzuten» ditu (65. Salmoa 3 [65:2, NWT]). Berarekin edonon eta edozein momentutan hitz egin dezakegu, ozenki edo isilpean. Jehobak berari «Aita» deitzea nahi du. Izan ere, bera da izan dezakegun Aitarik hoberena (Mateo 6:9). Jehobak entzun diezagun berari nola egin behar diogun otoitz irakasten digu maitasunez.
OTOITZ EGIN JEHOBARI JESUSEN IZENEAN
«Aitari edozer gauza nire izenean eskatzen badiozue, eman egingo dizue» (Joan 16:23).
Jesusek argi irakatsi zigun Jehobak berari zuzenean otoitz egin diezaiogun nahi duela. Gainera, Jainkoari otoitz egitean ez dugu irudi, santu, aingeru edo gure arbasoen bidez egin behar, Jesu Kristoren izenean baizik. Jainkoari Jesusen izenean otoitz egiten diogunean, honakoa onartzen dugula erakusten dugu: Jesusek gure alde egindakoari esker entzuten digula Jainkoak. «Inor ezin da Aitarengana iritsi nire bidez ez bada», esan zuen Jesusek (Joan 14:6).
BIHOTZ-BIHOTZEZ HITZ EGIN
«Zabaldu hari zeuen bihotza!» (62. Salmoa 9 [62:8, NWT]).
Jehobari otoitz egiten diogunean, aita maitekor bati hitz egiten ariko bagina bezala egin beharko genuke. Otoitzak liburu batetik irakurri edo buruz errepikatu beharrean, Jainkoari errespetuz eta bihotz-bihotzez hitz egin beharko genioke.
JAINKOARI ATSEGIN ZAIZKION GAUZAK ESKATU
«Bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digu» (1 Joan 5:14).
Biblian Jehobak gure alde zer egingo duen eta guk bere alde zer egitea espero duen azaltzen digu. Jainkoak gure otoitzak onartu ditzan, «bere nahiaren arabera» egin behar diogu otoitz. Hori lortzeko, Biblia aztertu behar dugu eta, horrela, bera hobeto ezagutuko dugu. Ondorioz, berak gustu handiz entzungo digu.
ZERI BURUZ EGIN DEZAKEGU OTOITZ?
Zure beharrei buruz otoitz egin. Jainkoari gure oinarrizko beharrak asetzeko laguntza eskatu ahal diogu, esaterako, janaria, arropa eta bizileku bat. Gainera, erabaki onak hartzeko jakinduria eta zailtasunen aurrean irauteko indarrak eskatu ahal dizkiogu. Horretaz gain, fedea, barkamena eta babesa ere eskatu ahal diogu (Lukas 11:3, 4, 13; Santiago 1:5, 17).
Besteen alde otoitz egin. Guraso onei asko gustatzen zaie euren seme-alabek elkar maite dutela ikustea. Era berean, Jehoba gure Aita denez, guk elkar zaintzea nahi du. Ondorioz, ondo dago gure senar edo emazte, seme-alaba, familia edo lagunen alde otoitz egitea. Santiago dizipuluak esan zuen: «Egin otoitz elkarren alde» (Santiago 5:16).
Eskerrak eman. Bibliak dioenez, gure Sortzaileak gauza onak egiten ditu «zerutik euria eta uzta aberatsak emanez, janariz asez eta zuen bihotzak poztasunez betez» (Eginak 14:17). Jainkoak gure alde egin dituen gauza guztietan pentsatzen dugunean, otoitzean berari eskerrak ematera motibatuta sentitzen gara. Noski, horretaz gain, Jainkoari gure esker ona adierazteko, bere arauak obeditu beharko genituzke (Kolosarrei 3:15).
IZAN PAZIENTZIA ETA JARRAITU OTOITZ EGITEN
Batzuetan, gure otoitz zintzoen erantzuna segituan jaso ez dugula ikustean, desanimatuta sentitu gaitezke. Beraz, pentsatu beharko al genuke Jainkoa ez dela gutaz arduratzen? Ez, noski! Batzuetan, egin behar dugun gauza bakarra otoitz egiten jarraitzea da. Azter ditzagun hori erakusten duten bizipen batzuk.
Lehenengo artikuluan, Steve aipatu dugu. Berak honakoa onartzen du: «Otoitzarengatik izan ez balitz, aspaldi emango nuen amore». Zerk lagundu zion? Biblia aztertzen hasi zen, eta behin eta berriz otoitz egin behar zuela ikasi zuen. Berak dio: «Jainkoari eskerrak ematen dizkiot nire lagunengandik jasotako laguntza eta maitasunarengatik. Orain inoiz baino zoriontsuagoa naiz».
Eta zer esan dezakegu Jenny-ri buruz? Jainkoak berari entzutea merezi ez zuela sentitzen zuen. Honela dio: «Nire momenturik okerrenean, Jainkoari hain gaizki zergatik sentitzen nintzen ulertzeko laguntza erregutu nion». Nola lagundu zion otoitzak? «Jainkoarekin hitz egiteak neure burua berak ikusten nauen moduan ikusten lagundu dit. Nire bihotzak zigortzen nauenean ere, Jainkoa ez dela ni kondenatzen ari konturatu naiz. Gainera, amore ez ematen ere lagundu dit». Zein izan zen emaitza? «Otoitzak Jehoba lagun leial, Aita maitekor eta Jainko erreal bat bezala ikusten lagundu dit. Berak nahi duena egiten ahalegintzen banaiz, nirekin beti egongo da eta lagundu egingo dit».
«Nire semea nire otoitzen erantzunik onena dela konturatu naiz», dio Isabelek Gerard-ek ezgaitasun fisiko bat izan arren, bizitzaz gozatzen duela ikustean
Ikus dezagun orain zer gertatu zitzaion Isabeli. Haurdun zegoela, medikuek haurra ezgaitasun larri batekin jaioko zela esan zioten. Isabel lur jota geratu zen. Batzuek abortatzeko esan zioten. Berak dio: «Momentu hartan minak jota hilko nintzela sentitu nuen». Zer egin zuen? «Jainkoari behin eta berriz egin nion otoitz bere babesa eskatuz». Denborarekin, seme bat izan zuen: Gerard. Eta esan zioten bezala, ezgaitasun batekin jaio zen. Sentitzen al du Isabelek Jainkoak bere otoitzak erantzun zituela? Bai, noski! «Gerard-ek 14 urte ditu orain eta, ezgaitasun fisiko bat izan arren, bizitzaz gozatzen duela ikusten dut», dio Isabelek. «Nire semea nire otoitzen erantzunik onena dela konturatu naiz, Jehobak eman didan bedeinkapenik handiena».
Hitz hunkigarri horiek salmogileak esandakoa gogorarazten digute: «Baina zuk otzanen erregua entzungo duzu, o Jehoba. Beraien bihotza sendo egingo duzu eta beraiengan arreta handia jarriko duzu» (10. Salmoa 17, NWT). Arrazoi onak ditugu otoitz egiten jarraitzeko!
Biblian, Jesusek egindako otoitz asko irakurri ditzakegu. Ezagunena, dudarik gabe, bere dizipuluei irakatsitakoa da. Zer ikasi dezakegu otoitz horretatik?