20. IKASKETARAKO ARTIKULUA
7. KANTA Jehoba, gure indarra
Jo dezagun Jehobarengana berak kontsolatu gaitzan
«Goretsia izan dadila [...] erruki xamurren Aita eta kontsolamendu guztien Jainkoa» (2 KO. 1:3).
IDEIA NAGUSIA
Jehobak erbesteratutako juduak modu ezberdinetan kontsolatu zituen. Zer ikasten dugu horretatik?
1. Zein zen judu erbesteratuen egoera?
IMAJINATU nola sentituko ziren Babiloniara erbesteratuak izan ziren juduak. Beraien jaioterria suntsitua izan zela ikusi zuten. Gainera, bai beraien, bai beraien arbasoen bekatuengatik, euren jaioterritik bota eta gatibu bezala Babiloniara eraman zituzten (2 Kro. 36:15, 16, 20, 21). Egia da Babilonian bizimodu normal bat eraman zezaketela (Jer. 29:4-7). Hala ere, bizitza bertan ez zen erraza eta, dudarik gabe, ez zen beraiek aukeratuko luketen bizimodua. Nola sentitu ziren egoera horretan? Erbesteratu leial batek honela azaldu zuen: «Babiloniako ibai bazterretan eseriak geunden negarrez, oi Sion, zutaz oroituz» (Sal. 137:1). Judu erbesteratuek kontsolamendua behar zuten. Baina nork kontsolatu ahalko zituen?
2, 3. a) Zer egin zuen Jehobak judu erbesteratuen alde? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Jehoba «kontsolamendu guztien Jainkoa» da (2 Ko. 1:3). Bere zerbitzariak maite dituenez, kontsolatu nahi ditu. Berak bazekien erbesteratuetako batzuk bere diziplina onartu eta berarengana itzuliko zirela (Is. 59:20). Horregatik, juduak erbesteratuak izan baino 100 urte inguru lehenago, Jehobak Isaias profeta inspiratu zuen Bibliako liburu bat idazteko. Zein zen liburu horren helburua? Isaiasek honela dio: «Kontsola ezazue, kontsolatu nire herria!» (Is. 40:1). Isaiasek idatzitako liburuaren bidez, Jehobak judu erbesteratuei behar zuten kontsolamendua eman zien.
3 Judu erbesteratuek bezala, guk ere noizean behin kontsolamendua behar dugu. Artikulu honetan, Jehobak erbesteratuak kontsolatu zituen hiru modu aztertuko ditugu: 1) Damutu zirenei barkatuko ziela promestu zien, 2) bere herriari esperantza eman zion, eta 3) beraien beldurrak baretu zituen. Hiru modu horiek aztertzen goazen heinean, guri ere gaur egun nola laguntzen diguten ikusiko dugu.
JEHOBAK BARKATZEN DIGU
4. Nola erakutsi zuen Jehobak Jainko errukitsua dela? (Isaias 55:7)
4 Jehoba «erruki xamurren Aita» da (2 Ko. 1:3). Berak ezaugarri hori damututako erbesteratuei barkatuko ziela promestean erakutsi zuen (Irakurri Isaias 55:7). Hauxe esan zuen: «Etengabe maite zaitudalako gupidatu naiz zutaz» (Is. 54:8). Nola erakutsi zuen Jehobak bere errukia? Egia da juduek beraien ekintzen ondorioak sufritu beharko zituztela oraindik. Hala ere, Jehobak ez zirela betirako Babilonian geratuko promestu zien; denbora batez bakarrik egongo ziren bertan (Is. 40:2). Zein kontsolagarriak izango ziren hitz horiek damutu ziren eta Jehoba poztu nahi zuten juduentzat!
5. Zergatik izan dezakegu guk judu erbesteratuek baino ziurtasun handiagoa Jehobaren errukiaren inguruan?
5 Zer ikasten dugu? Jehoba bere zerbitzariei erabat barkatzeko desiratzen dago. Judu erbesteratuak horretaz ziur zeuden. Baina, gaur egun, guk horretan sinesteko arrazoi gehiago ditugu. Zergatik? Badakigulako Jehobak zer egin duen gure bekatuak barkatzeko. Isaiasek Jehobaren barkamenari buruz hitz egin eta ehunka urte beranduago, Jehobak damututako bekatari guztien alde bere Seme kuttuna bidali zuen erreskate moduan. Horri esker, gure bekatuak erabat «ezabatuak» izan daitezke (Eg. 3:19; Is. 1:18; Efe. 1:7). Zein errukitsua den gure Jainkoa!
6. Zergatik kontsolatzen gaitu Jehobaren barkamenean pentsatzeak? (Ikusi irudia ere)
6 Errudun sentitzeagatik lur jota bagaude, Isaias 55:7ko hitzek kontsolatu gaitzakete. Gutako batzuek, iraganeko akats batengatik damutu bagara ere, errudun sentitzen jarraitzen dugu, beharbada, akatsaren ondorioak sufritzen ari garelako oraindik. Hala ere, gure bekatuak aitortu eta gure jokabidea zuzendu badugu, ziur egon gaitezke Jehobak barkatu egin digula. Gainera, berak barkatzen digunean, gure bekatuak ahaztea erabakitzen du (Konparatu Jeremias 31:34). Jehobak ez du gure iraganeko akatsetan pentsatzen jarraitzen. Beraz, guk ere ez genuke hori egin beharko. Berarentzat garrantzitsuena orain egiten ari garena da, eta ez iraganean egin genituen akatsak (Eze. 33:14-16). Gainera, laster, gure Aita errukitsuak gure akatsen ondorioetatik betirako askatuko gaitu.
Jehobarentzat garrantzitsuena orain egiten ari garena da, eta ez iraganean egin genituen akatsak (Ikusi 6. paragrafoa)
7. Zerk motibatu gaitzake adindunekin hitz egitera bekatu larri bat egin badugu?
7 Beharbada, aitortu ez dugun bekatu larri batengatik, gure kontzientziak errudun sentiarazten gaitu. Zer egin beharko genuke kasu horretan? Bibliak adindunen laguntza eskatzera animatzen gaitu (St. 5:14, 15). Egia da zaila izan daitekeela beraiei akats bat egin dugula kontatzea. Baina honakoa gogoratu behar dugu: Jehobak gizon horiek gu laguntzeko erabiltzen dituela, eta maitekorrak eta errukitsuak izango direla gurekin, Jehoba den bezalaxe. Hori gogoratzen badugu eta damututa bagaude, beraiekin hitz egin nahiko dugu. Arthura izeneko anaia bati bere kontzientziak min egiten zion. Azter dezagun nola kontsolatu zuen Jehobak: «Gutxi gorabehera urte betez, pornografia ikusten aritu nintzen. Baina kontzientziari buruzko hitzaldi bat entzun ondoren, emazteari eta adindunei nire bekatua aitortu nien. Horren ondoren, azkenean, aske sentitu nintzen. Baina egin nuenarengatik triste jarraitzen nuen oraindik. Adindunek Jehobak ez ninduela baztertu gogorarazi zidaten. Berak maite gaituelako diziplinatzen gaitu. Beraien hitz maitekorrek nire bihotza ukitu zuten, eta Jehobak benetan barkatu zidala ulertzen lagundu zidaten». Gaur egun, Arthur aitzindaria eta kongregazioko laguntzailea da. Gu ere damutzen bagara, Jehoba errukia erakusteko prest egongo da. Zein kontsolagarria den hori jakitea!
JEHOBAK ESPERANTZA EMATEN DIGU
8. a) Zer esperantza eman zien Jehobak judu erbesteratuei? b) Isaias 40:29-31 bertseten arabera, zer eragin izan zuen esperantza hori izateak damututako juduengan?
8 Giza ikuspuntutik, judu erbesteratuek esperantzarik ez zutela zirudien. Babiloniar Inperioak ez zuen bere gatibuak askatzeko ohiturarik (Is. 14:17). Hala ere, Jehobak bere herria esperantzaz bete zuen. Askatuko zituela promestu zuen, eta ezerk ezingo zuen bera geldiarazi (Is. 44:26; 55:12). Izan ere, Jehobarentzat Babilonia hautsa baino ez zen (Is. 40:15). Hautsari putz egitean erraz-erraz desagertzen den moduan, Jehobak ere babiloniarrengandik erraz-erraz askatu ahal zuen bere herria. Hori gertatuko zela jakiteak juduei kontsolamendua eman zien. Baina ez hori bakarrik. Isaiasek honakoa idatzi zuen: «Jaunarengan itxaro dutenek indarrak berritzen dituzte» (Irakurri Isaias 40:29-31). Esperantza hori izateak asko animatu zituen; «arrano-hegoak» balituzte bezala egingo zuten hegan.
9. Zer arrazoi zituzten judu erbesteratuek Jehobaren promesetan konfiantza izateko?
9 Jehobak judu erbesteratuei bere promesetan konfiantza izateko arrazoiak ere eman zizkien. Zeintzuk izan ziren arrazoi horiek? Pentsatu dagoeneko betetzen ikusi zituzten profezietan. Beraiek bazekiten asiriarrek Israelgo iparraldeko erreinua konkistatu eta bertakoak gatibu hartu zituztela (Is. 8:4). Bestalde, babiloniarrek Jerusalem suntsitu eta bertakoak gatibu hartu zituzten (Is. 39:5-7). Gainera, bazekiten Sedekias erregea itsutu eta Babiloniara eraman zutela (Jer. 39:7; Eze. 12:12, 13). Jehobak aurresandako guzti-guztia bete zen (Is. 42:9; 46:10). Ziur horrek guztiak Jehobaren promesean zuten konfiantza sendotzen lagundu ziela. Argi eta garbi zuten; aske izango ziren!
10. Zerk lagundu gaitzake azken egun hauetan gure esperantza bizi-bizi mantentzen?
10 Zer ikasten dugu? Triste sentitzen garenean, esperantzak kontsolatu eta indarberritu ahal gaitu. Garai zailetan bizi gara eta etsai boteretsuei egin behar diegu aurre. Hala ere, ez dugu desanimatu behar. Jehobak esperantza zoragarria eman digu: bakean eta segurtasunez betirako bizitzea. Beraz, esperantza hori geure buru-bihotzetan bizi-bizi mantendu behar dugu. Bestela, gure esperantza, paisaia eder bat leiho zikin batetik ikustea bezala izango litzateke. Ezingo genuke paisaia polit hori argi ikusi. Orduan, nola «garbitu dezakegu leihoa» eta gure esperantza bizi-bizi mantendu? Gure bizitza mundu berrian zein zoragarria izango den erregularki imajinatuz. Horretarako, gure esperantzari buruzko artikuluak irakurri, bideoak ikusi eta abestiak entzun ditzakegu. Gainera, betetzen ikusteko irrikan gauden promesei buruz hitz egin ahal diogu Jehobari otoitzean.
11. Zerk laguntzen dio osasun arazo larriak dituen arreba bati indarrak berreskuratzen?
11 Joy izeneko arreba batek osasun arazo larriak ditu. Azter dezagun nola sendotu eta indarberritu duen etorkizunerako duen esperantzak. Berak dio: «Itota sentitzen naizenean, nire bihotza irekitzen diot Jehobari, badakidalako berak ulertuko nauela. Eta Jehobak, bueltan, “normala dena baino haratago doan indarra” ematen dit» (2 Ko. 4:7). Gainera, Joy-k bere burua mundu berrian imajinatzen du. Bertan, «inork ez du esango: “Gaixo nago”» (Is. 33:24). Guk ere geure bihotza Jehobari zabaltzen badiogu eta gure esperantzan zentratzen bagara, indarberrituta sentituko gara.
12. Zer arrazoi ditugu Jehobaren promesetan konfiantza izateko? (Ikusi irudia ere)
12 Erbesteratuekin egin zuen bezala, Jehobak guri ere bere promesetan konfiantza izateko arrazoi asko eman dizkigu. Pentsatu orain betetzen ari diren profezietan. Adibidez, Angloamerikar potentzia «neurri batean sendoa eta neurri batean ahula» dela ikusten dugu (Dan. 2:42, 43, NWT). Gainera, «lurrikarak» daude «han eta hemen», eta «nazio guzti[ei]» ari gara predikatzen (Mat. 24:7, 14). Hala da, profezia horiek eta beste askok oraindik bete ez diren Jehobaren promesetan dugun konfiantza sendotzen dute.
Orain betetzen ari diren profeziak ikusteak Jehobaren promesetan konfiantza izateko arrazoiak ematen dizkigu (Ikusi 12. paragrafoa)
JEHOBAK GURE BELDURRAK BARETZEN DITU
13. a) Zer zailtasun izango zituzten juduek askatuak izango ziren garaian? b) Isaias 41:10-13 bertseten arabera, nola kontsolatu zituen Jehobak judu erbesteratuak?
13 Jehobak, esperantza zoragarri bat emanez, judu erbesteratuak kontsolatu zituen. Baina berak bazekien askatuak izango ziren garaian zailtasunak izango zituztela. Jehobak juduen erbesteratzearen amaiera aldera honakoa gertatuko zela aurresan zuen: Konkistatzaile batek inguruko nazioak suntsituko zituen eta Babilonia erasotuko zuen (Is. 41:2-5). Kezkatzeko arrazoirik al zuten juduek? Aurresandakoa gertatu baino urte asko lehenago, Jehobak bere herria kontsolatu zuen, honakoa esanez: «Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz» (Irakurri Isaias 41:10-13). Zer esan nahi izan zuen Jehobak «zure Jainkoa bainaiz» hitzekin? Ez zen juduei bera adoratzeko gogorarazten ari. Hori dagoeneko bazekiten. Horren ordez, bera oraindik beraien alde zegoela gogorarazten ari zitzaien (Sal. 118:6).
14. Zer gehiago egin zuen Jehobak judu erbesteratuen beldurrak baretzeko?
14 Jehobak beste modu batera ere baretu zituen erbesteratuen beldurrak. Nola? Berak botere eta ezaguera amaigabea duela gogoraraziz. Judu erbesteratuak izarretara begiratzera gonbidatu zituen. Izarrak sortzeaz gain, izar guztien izenak ezagutzen dituela ere esan zien (Is. 40:25-28). Ondorioz, nola ez du ba bere zerbitzari bakoitzaren izena zein den jakingo? Bestalde, Jehobak izarrak sortzeko boterea izan zuenez, dudarik gabe, bere herria laguntzeko boterea ere badu. Hala da, judu erbesteratuek ez zuten kezkatuta edo beldurtuta egoteko arrazoirik.
15. Nola prestatu zituen Jainkoak judu erbesteratuak gertatuko zenerako?
15 Jehobak bere herria gertatuko zenerako ere prestatu zuen. Jainkoak honakoa esan zien: «Sartu zure barneko geletara eta itxi ateak barrutik. Ezkutatu zaitez momentutxo batez haserre bizia pasa arte» (Is. 26:20, NWT). Juduek, ziurrenik, jarraibide horiek Ziro erregeak Babilonia erasotu zuenean obeditu zituzten. Antzinako historialari greko baten arabera, Zirok, Babilonian sartzean, «[beraien etxeetako] ateetatik kanpo zeuden guztiak hiltzeko agindua eman zien [bere soldaduei]».b Imajinatu zein beldurtuta sentituko ziren Babiloniako hiritarrak! Baina judu erbesteratuak bizirik atera ziren Jehobaren jarraibideak obeditu zituztelako.
16. Zergatik ez dugu beldurrik sentitu behar larrialdi handian gertatuko denarengatik? (Ikusi irudia ere)
16 Zer ikasten dugu? Hemendik gutxira, gizakiok inoiz izan den larrialdirik handiena sufrituko dugu. Hori hastean, jende gehiena nahastuta eta ikaratuta egongo da. Baina Jehobaren herria, aldiz, ez. Guk badakigu Jehoba gure Jainkoa dela. Beraz, ausardiaz beterik egongo gara, «[gure] askapena hurbil dago[ela]» dakigulako (Luk. 21:28). Nazioen koalizio batek gu erasotzean, tinko iraungo dugu. Jehobak aingeruen bidez babestuko gaitu eta bizirik irauteko jarraibideak emango dizkigu. Nola emango dizkigu Jehobak jarraibide horiek? Oraindik ez dakigu, baina agian kongregazioen bidez jasoko ditugu. Baliteke gure «barneko ge[lak]» kongregazioak izatea. Bertan, seguru sentituko gara. Eta nola prestatu gaitezke datorrenerako? Anai-arrebengandik gertu mantenduz, jasotzen ditugun jarraibideak gogo onez obedituz eta Jehoba bere erakundea gidatzen ari dela konbentzituta egonez (Heb. 10:24, 25; 13:17, NWT).
Jehobak gu babesteko boterea eta gaitasuna dituela gogoratzen badugu, ez gara gehiegi kezkatuko larrialdi handian gertatu ahal zaizkigun gauzengatik (Ikusi 16. paragrafoa)c
17. Zer egin dezakegu Jehobaren kontsolamendua jasotzeko?
17 Judu erbesteratuek zailtasunak izan arren, Jehobak behar zuten kontsolamendua eman zien, eta gauza bera egingo du gure alde. Beraz, etorkizunean gertatzen dena gertatzen dela, jo dezagun Jehobarengana berak kontsolatu gaitzan. Izan dezagun konfiantza osoa bere errukian eta mantendu dezagun bizi-bizi gure esperantza. Eta gogoan izan hurrengoa: Jehoba gure Jainkoa denez, ez dugu ezeren beldur izan behar!
3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
c IRUDIAREN AZALPENA: Anai-arrebez osaturiko talde txiki bat elkartuta dago. Izarrei begiratzean, Jehoba boteretsua dela eta bere zerbitzariak, edonon bizi direla ere, babesteko gai dela gogoratzen dute.