26. IKASKETARAKO ARTIKULUA
123. KANTA Leialki obeditu Jainkoaren antolaketa
Modestiaz onartu dezagun ez dakiguna
«Ezin dugu atzeman [edo ulertu, NWT] Ahaltsua» (JOB 37:23).
IDEIA NAGUSIA
Gertatuko den guztia jakin ez arren, zailtasunen aurrean iraun dezakegu dakigun horretan zentratzen garenean eta Jehobarengan konfiantza jartzen dugunean.
1. Zer gaitasunekin sortu gintuen Jehobak, eta zergatik?
JEHOBAK modu zoragarrian sortu gintuen. Pentsatzeko, gauza berriak ikasteko eta ikasten duguna praktikan jartzeko gaitasuna dugu. Zergatik sortu gintuen modu horretara? Jainkoak bera ezagutu eta arrazoitzeko gaitasuna erabiliz bera zerbitzatu dezagun nahi duelako (Esa. 2:1-5; Erm. 12:1).
2. a) Zer muga dugu? (Job 37:23, 24) (Ikusi irudia ere) b) Nola laguntzen digu gure mugak modestiaz onartzeak?
2 Ikasteko gaitasuna dugun arren, ez dakizkigun gauza asko daude. Beraz, mugak ditugu (Irakurri Job 37:23, 24). Azter dezagun Joben eredua. Galderak erabiliz, Jehobak Jobi gauza asko ez zekizkiela ulertzen lagundu zion. Jehobarekin izandako elkarrizketa horrek Jobi apala izan behar zela eta bere pentsaera zuzendu behar zuela ulertzen lagundu zion (Job 42:3-6). Gure kasuan ere, on egingo digu dena ezagutzen ez dugula modestiaz onartzen badugu. Modestia hori izateak hurrengoan konfiantza izaten lagunduko digu: erabaki onak hartzeko Jehobak benetan jakin behar duguna esango digula (Esa. 2:6).
Jobi bezala, guztia ezagutzen ez dugula onartzeak on egiten digu (Ikusi 2. paragrafoa)
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Artikulu honetan, ez dakizkigun gauza batzuk aztertuko ditugu, baita gauza horiek ez jakiteak ekarri ditzakeen erronkak ere. Gainera, gauza batzuk ez jakitea zergatik den ona ikusiko dugu. Jehobak, «ezagutzan perfektua denak», jakin behar duguna kontatzen digu. Artikulu honetako ideiak aztertzeak horretan konfiantza izaten lagunduko digu (Job 37:16, NWT).
EZ DAKIGU AZKENA NOIZ IRITSIKO DEN
4. Mateo 24:36aren arabera, zer da ez dakiguna?
4 Irakurri Mateo 24:36. Ez dakigu noiz iritsiko den sistema honen azkena. Lurrean egon zenean, Jesusek ere ez zuen eguna eta ordua ezagutzen. Izan ere, beranduago bere apostoluei honakoa esan zien: Jehoba —Denboraren Jauna— dela gauza zehatz batzuk noiz gertatuko diren «erabakitzeko eskubidea»,a edo autoritatea, duena (Eg. 1:6, 7). Jehobak azkena noiz iritsiko den erabaki du. Guk, aldiz, ezin dugu jakin zehazki noiz izango den.
5. Zer eragin izan dezake gugan azkena noiz iritsiko den ez jakiteak?
5 Jesusek esandakoa ikusita, ez dakigu zenbat denbora itxaron beharko dugun azkena iritsi arte. Ondorioz, pazientzia galtzera iritsi edo desanimatuta sentitu gaitezke, bereziki Jehobaren eguna denbora luzez itxaroten aritu bagara. Bestalde, gure familiaren edo besteen burlak jasatea zaila egin ahal zaigu (2 Ped. 3:3, 4). Horregatik, honakoa pentsatzera iritsi gintezke: azkena zehazki noiz iritsiko den jakingo bagenu, errazagoa izango litzatekeela itxarotea, baita besteen burlak jasatea ere.
6. Zergatik da ona guretzat azkena noiz iritsiko den ez jakitea?
6 Azkena noiz iritsiko den ez jakitean, Jehobak hurrengoa erakusteko aukera ematen digu: maitasunagatik bera zerbizatzen dugula eta berarengan konfiantza dugula. Ez dugu Jehoba epe muga bat buruan izanda zerbitzatzen, gure fedeak amaiera data bat izango balu bezala. Beraz, «Jehobaren egunaren» data zehatzean zentratu beharrean, egun horrek lortuko dituen gauza onetan arreta jarri beharko genuke. Hori egiten badugu, Jainkoarengana gehiago gerturatuko gara eta berari atsegin zaiona egiten saiatuko gara (2 Ped. 3:11, 12, NWT).
7. Zer da dakiguna?
7 Oso garrantzitsua da dakigun horretan arreta jartzea. Alde batetik, badakigu azken egunak 1914an hasi zirela. Jehobak, Biblia profezien bidez, azken egunak urte horretan hasi zirela erakutsi du. Baina ez hori bakarrik; urte horretatik aurrera munduaren egoera nolakoa izango zen ere deskribatu du. Ondorioz, ziur gaude «gainean [...] [dela] Jaunaren egun handia» (Sof. 1:14). Bestetik, badakigu ere Jehobak guk zer lan egitea nahi duen. Berak «Erreinuaren berri onak» zabaldu ditzagun nahi du (Mat. 24:14). Berri onak 240 bat lurralde eta 1.000 hizkuntza baino gehiagotan zabaltzen ari gara. «Egunari eta orduari» dagokionez, ez dugu noiz izango den jakin behar lan hori gogo biziz burutu ahal izateko.
EZ DAKIGU JEHOBAK NOLA LAGUNDUKO GAITUEN
8. Zeri egiten dio erreferentzia «ez dakizu ere nola diharduen gauza guztien egile den Jainkoak» esamoldeak? (Eklesiastes [Kohelet] 11:5)
8 Beti ez dakigu «nola diharduen gauza guztien egile den Jainkoak» (Irakurri Eklesiastes [Kohelet] 11:5). Esamolde horrek Jehobak bere nahia burutzeko zerbait gertatzea eragiteari edo zerbait gertatzen uzteari egiten dio erreferentzia. Ezin dugu zehazki jakin zergatik uzten duen Jehobak gauza batzuk gertatu daitezen, ezta gure alde zehazki nola jokatuko duen ere (Sal. 37:5, NWT). Bibliak Jainkoaren ekintzak ama baten haurdunaldiarekin konparatzen ditu. Zientzialariek oraindik ez dute erabat ulertzen sabelean dagoen haurra nola hazten den. Era berean, guk ere ezin ditugu Jehobaren ekintzak erabat ulertu.
9. Zer eragin izan dezake gugan Jehobak nola lagunduko digun ez jakiteak?
9 Jehobak zehazki nola lagunduko digun ez jakiteak erabaki batzuk hartzerako orduan zalantzak eragin ditzake gugan. Agian, predikazioan gehiago egitearen inguruan zalantzak izan ditzakegu. Esaterako, zaila egin ahal zaigu gure bizitza sinplifikatzea edo beharra dagoen toki batera bizitzera joatea. Bestalde, agian, ez gara gure helburu teokratikoak lortzen ari. Edo, beharbada, predikazioan gogor saiatu arren, ez gara emaitza ikusgarririk lortzen ari. Baliteke ere parte hartzen ari garen proiektu teokratiko batean zailtasunak izatea. Ondorioz, Jehobaren aprobazioa ote dugun pentsatzera iritsi gaitezke.
10. Zer ezaugarri baliotsu garatzen lagunduko digu Jehobak zehazki nola jokatuko duen ez jakiteak?
10 Jehobak zehazki nola jokatuko duen ez jakiteak apaltasuna eta modestia bezalako ezaugarri baliotsuak garatzen lagunduko digu. Ondorioz, Jehobaren pentsamendu eta bideak gure gainetik daudela onartzera iristen gara (Is. 55:8, 9). Gainera, Jehobak gauza guztiak modurik onenean egingo dituen konfiantza izaten ikasten dugu. Horrela, predikazioan edo proiektu teokratiko batean emaitza onak lortzen ditugunean, Jehobari merezi duen gorespena ematen diogu (Sal. 127:1; 1 Ko. 3:7). Baina gauzak espero ez ditugun moduan ateratzen direnean, Jehobak dena kontrolpean duela gogoratu behar dugu. Horrek bakea mantentzen lagunduko digu (Is. 26:12). Guk gure esku dagoena egiten dugu, eta Jehobak bere partea egingo duen konfiantza dugu. Ziur gaude, nahiz eta iraganean egindako mirariak ez erabili, gure Jainkoak behar dugun gida emango digula (Eg. 16:6-10).
11. Zer gauza garrantzitsu dakizkigu?
11 Hausnartu dezagun dakizkigun gauza batzuetan. Adibidez, badakigu Jehoba beti dela maitekorra, justua eta jakintsua. Gainera, badakigu bere alde eta anai-arreben alde egiten dugun guztia bihotzez estimatzen duela, baita bere leialak beti sarituko dituela ere (Heb. 11:6).
EZ DAKIGU ZER GERTATUKO DEN HURRENGO EGUNEAN
12. Santiago 4:13, 14 bertseten arabera, zer da ez dakiguna?
12 Irakurri Santiago 4:13, 14. Zalantzarik gabe, ezin dugu jakin zer gertatuko zaigun hurrengo egunean. Sistema honetan guztioi iristen zaigu «une txarren bat eta espero gabeko gertaeraren bat» (Ekl. [Koh.] 9:11, NWT). Ondorioz, ez dakigu gure planak beteko diren edo ez, ezta horiek betetzen ikusteko bizirik egongo ote garen ere.
13. Nola sentitu gaitezke etorkizunean zehazki zer gertatuko den ez jakiteagatik?
13 Etorkizunean zehazki zer gertatuko den ez jakitea erronka bat izan daiteke. Zergatik? Gertatu daitekeenarengatik kezkatu eta, ondorioz, poztasuna galdu dezakegulako. Gure bizitza espero ez dugun modu batean aldatu daiteke edo, bat-batean, ezbeharren bat gertatu ahal zaigu. Horregatik, oso triste edo frustratuta sentitu gaitezke. Bestalde, gauzak espero genituen moduan ateratzen ez direnean, dezepzionatu edo desanimatu gaitezke (Esa. 13:12).
14. Zer egin behar dugu benetan zoriontsuak izateko? (Ikusi irudiak ere)
14 Zer gertatzen den axola gabe, zailtasunen aurrean irauten dugunean, gure zeruko Aita maitasunagatik, eta ez berekoikeriagatik, zerbitzatzen dugula erakutsi dezakegu. Bibliako pasarteek honakoa erakusten dute: alde batetik, ez genukeela Jehobak gure zailtasun guztietatik babestea espero beharko eta, bestetik, Jehobak ez duela gure bizitza predestinatzen. Berak badaki zoriontsuak izan gaitezkeela, nahiz eta etorkizunean gertatuko zaigun guztia ez jakin. Horren ordez, bere gida jarraitzen badugu eta berari obeditzen badiogu, zoriontsuak izango gara (Jer. 10:23, NWT). Horrela, erabakiak hartzean bere gida jarraitzen badugu, ez gara gertatuko denarengatik larrituegi sentituko eta Santiagoren jarrera bera erakutsiko dugu: «Jaunak nahi badu eta bizi bagara, hau eta bestea egingo dugu» (St. 4:15).
Jehobaren gida bilatzen badugu eta obeditzen badiogu, ziur egon gaitezke berak lagundu eta bedeinkatuko gaituela (Ikusi 14 eta 15 paragrafoak)b
15. Zer da etorkizunari buruz dakiguna?
15 Egia da ez dakigula zer gertatuko zaigun hurrengo egunean. Baina honakoa badakigu: Jehobak zeruan edo lurrean betirako bizitzea promestu digula. Zergatik diogu hori? Badakigulako berak ezin duela gezurrik esan. Gainera, bere nahia beteko da; ezerk ezingo du oztopatu (Tit. 1:2). Berak bakarrik esan dezake honakoa: «Iragarri dut etorkizuna, lehendanik oraindik gertatzekoa dena». Hala izan zen iraganean, eta gauza bera gertatuko da etorkizunean (Is. 46:10). Bestalde, erabat ziur gaude ezerk ezin duela berak gu maitatzea oztopatu (Erm. 8:35-39). Berak edozein zailtasunaren aurrean irauten lagunduko digun jakinduria, kontsolamendua eta indarrak emango dizkigu. Hala da, ziur egon gaitezke Jehobak lagundu eta bedeinkatu egingo gaituela (Jer. 17:7, 8).
EZIN DUGU GUZTIZ ULERTU ZEIN ONDO EZAGUTZEN GAITUEN JEHOBAK
16. 139. Salmoa 1-6 bertseten arabera, zer daki Jehobak guri buruz, eta nola sentiarazten zaitu horrek?
16 Irakurri 139. Salmoa 1-6. Gure Sortzaileak dena daki guri buruz. Berak badaki zerk eragin duen guk modu batera edo bestera pentsatzea eta sentitzea. Esaten duguna ezagutzen du, baita hitz horien atzean dagoena ere. Egiten ditugun gauza guztiak ezagutzen ditu, baita zergatik egiten ditugun ere. Dabid erregeak adierazi zuen moduan, Jehoba gure inguruan erne dagoen zaindari bat bezalakoa da. Inoiz ez gaude bere laguntzatik urrun. Unibertsoko Jaun Subiranoa, zeru eta lurren Sortzaile ahalguztiduna, asko arduratzen da zutaz. Nola sentiarazten zaitu horretan hausnartzeak? Dabidek honakoa adierazi zuen: «Miragarria zure ezagutza, nitaz gaindikoa, nik atzemateko garaiegia» (Sal. 139:6).
17. Zergatik egin ahal zaigu zaila Jehobak benetan ezagutzen gaituela onartzea?
17 Beharbada, gure familiarengatik, kulturarengatik edo egia ezagutu aurretik genituen sinesmenengatik, zaila egin ahal zaigu Jehoba gutaz arduratzen den Aita maitekor bat bezala ikustea. Edo baliteke iraganean egindako akatsak hain larriak izateagatik hurrengoa pentsatzea: Jehobak ez gaituela inoiz ezagutu nahiko eta gugandik oso-oso urrun dagoela. Hala sentitzen bazara, ez zara bakarra. Dabid erregeak ere, noizbehinka, antzeko sentimenduak izan zituen (Sal. 38:19, 22 [38:18, 21, NWT]). Bestalde, agian, bizimodu moralgabea daraman pertsona bat gogor saiatzen ari da bere bizimodua aldatzen eta Jainkoaren arauen arabera bizitzen, baina honakoa pentsatzen du: «Jainkoak benetan ulertzen banau, zergatik espero du hain naturala egiten zaidan bizimoduari uko egitea?».
18. Nola laguntzen digu Jehobak geure burua guk baino hobeto ezagutzen duela onartzeak? (Ikusi irudiak ere)
18 Jehobak geure burua guk baino hobeto ezagutzen duela eta guk ikusi ezin ditzakegun gauza onak ikusten dituela onartzen ikasi dezakegu. Nahiz eta berak gure akatsak ikusten dituen eta gure sentimendu eta ekintza txarren zergatia ulertzen duen, badaki aldatu gaitezkeela eta maitasunez laguntzen gaitu (Erm. 7:15). Jehobak gure potentziala ikusten duela ulertzen dugunean, bera leialki eta poztasunez zerbitzatzeko behar dugun konfiantza sendotzen da.
Jehobak mundu berrian pozik biziko garen konfiantza sendotzen digu. Horrela, sistema honetako kezkei aurre egiten laguntzen digu (Ikusi 18 eta 19 paragrafoak)c
19. Zer dakigu ziurtasunez Jehobari buruz?
19 Jehobari buruz gauza asko dakizkigu. Hasteko, badakigu Jehoba maitasuna dela; ez dago horren zalantzarik (1 Joan 4:8). Bestetik, badakigu bere arau zuzenek maite gaituela eta guretzat beti onena nahi duela erakusten dutela. Horretaz gain, badakigu Jehobak betirako bizi gaitezen ere nahi duela. Izan ere, horretarako eskaini zuen erreskatea. Opari horri esker, ziur gaude akatsak egin arren, Jehoba berari atsegin zaion moduan zerbitzatu dezakegula (Erm. 7:24, 25). Eta azkenik, badakigu «Jainkoa gure bihotza baino handiagoa dela[...] eta dena dakiela» (1 Joan 3:19, 20). Jehobak dena ezagutzen du guri buruz eta ziur dago bere nahia betetzea lortu dezakegula.
20. Zerk lagunduko digu gehiegi ez kezkatzen?
20 Jehobak benetan jakin behar dugun guztia kontatu digu. Beraz, egia hori modestiaz onartzen dugunean, ez gara ez dakizkigun gauzei buruz gehiegi kezkatzen. Gainera, benetan garrantzitsuak diren gauzetan zentratu gaitezke. Hori egitean, Jehobarengan, «ezagutzan perfektua den» horrengan, konfiantza osoa dugula erakusten dugu (Job 36:4, NWT). Egia da momentuz gauza asko ez dakizkigula, baina eternitate osoa dugu aurretik gure Jainko Gorenari buruz gauza berriak ikasteko. Hori bizitzeko irrikan gaude! (Ekl. [Koh.] 3:11, NWT).
104. KANTA Aita, eman zure espiritu santua
b IRUDIAREN AZALPENA: Aita bat eta bere semea larrialdietarako motxila prestatzen ari dira prest egoteko larrialdi bat gertatzen bada.
c IRUDIAREN AZALPENA: Arazoak dituen anaia bat mundu berrian izango duen poztasunean hausnartzen ari da.