21. IKASKETARAKO ARTIKULUA
21. KANTA Segi lehenik Erreinua bilatzen
Bilatu hiri iraunkorra
«Gogotsu bilatzen dugu etorriko den hiria» (HEB. 13:14, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Nola lagundu ahal digu Hebrearrei 13. kapituluak gaur egun eta etorkizunean?
1. Zer esan zuen Jesusek gertatuko zitzaiola Jerusalem hiriari lehen mendean?
HIL aurretik, egun batzuk lehenago, Jesu Kristok profezia bat eman zien bere dizipuluei. Profezia horren lehen betekuntza juduen sistemaren azken egunetan izan zen. Jesusek Jerusalemeko hiria «akanpatutako armadez inguraturik» ikusiko zutela esan zuen (Luk. 21:20). Armada horiek ikusi bezain pronto, Judeatik ihes egin behar izango zuten segituan. Eta Jesusen hitzak bete ziren, erromatar armadek Jerusalem inguratu baitzuten (Luk. 21:21, 22).
2. Zer aholku eman zien Paulo apostoluak Judea eta Jerusalemen bizi ziren kristauei?
2 Erromatar armadek Jerusalem inguratu baino urte gutxi batzuk lehenago, Paulo apostoluak Hebrearrei gutuna idatzi zuen. Gutun horretan, Paulok Judea eta Jerusalemeko kristauei iristear zeuden garai zailei aurre egiteko aholku garrantzitsuak eman zizkien. Zer garai zail iritsiko ziren? Jerusalem suntsitua izango zen. Kristau horiek bizirik ateratzeko aukera bakarra euren etxeak eta negozioak atzean uztea izango zen. Beraz, Jerusalem hiriari buruz hitz egitean, Paulok honakoa idatzi zuen: «Hemen ez dugu hiri iraunkorrik». Orduan, honakoa ere esan zuen: «Baizik eta gogotsu bilatzen dugu etorriko den hiria» (Heb. 13:14, NWT).
3. Zein da «zimendu sendoko hiria», eta zergatik bilatzen dugu?
3 Jerusalem eta Judeatik ihes egitea erabaki zuten kristauek ziurrenik besteen burla eta barreak sufritu behar izan zituzten. Baina erabaki horri esker, euren bizia salbatu zuten. Gaur egun ere, pertsona askok gutaz barre egiten dute ez dugulako geure konfiantza giza gobernuetan jartzen edota ez dugulako segurtasun ekonomikorik bilatzen. Orduan, zergatik hartzen dugu erabaki hori? Badakigulako gaur egungo sistema laster desagertuko dela. Horregatik, «zimendu sendoko hiria» bilatzen ari gara, hau da, «etorriko den hiria», Jainkoaren Erreinuaa (Heb. 11:10; Mat. 6:33). Artikulu honetako azpigai bakoitzean hiru ideia aztertuko dira: 1) Nola lagundu zieten Paulok lehen mendeko kristauei emandako aholkuek etorriko den hiria bilatzen jarraitzen? 2) Nola prestatu zituen Paulok Jerusalemeko suntsipenerako? 3) Nola laguntzen digute bere aholkuek gaur egun?
IZAN KONFIANTZA JEHOBARENGAN, EZ ZAITU INOIZ ABANDONATUKO ETA
4. Zergatik zen Jerusalem hiri inportantea kristauentzat?
4 Jerusalem hiri inportantea zen kristauentzat. Lehen mendeko kristau kongregazioa bertan ezarri zen K.o. 33an, eta garai hartako zuzendari batzordea hiri hartan zegoen kokatuta. Are gehiago, kristau askok Jerusalemen etxeak eta beste hainbat gauza material zituzten. Hala ere, Jesusek bere jarraitzaileei Jerusalemetik, baita Judeatik ere, ihes egin beharko zutela esan zien (Mat. 24:16).
5. Nola prestatu zituen Paulok kristauak Jerusalemen gertatuko zenerako?
5 Paulok kristauei Jerusalemetik ihes egiteko prestatzen lagundu nahi zienez, Jehobak hiri horri buruz pentsatzen zuena hobeto ulertzen lagundu zien. Jehobak dagoeneko ez zituela tenpluko apaizak edo bertan eskaintzen ziren sakrifizioak onartzen gogorarazi zien Paulok (Heb. 8:13). Gainera, Jerusalemeko biztanle gehienek Mesias baztertu zuten. Beraz, tenplua jada ez zen Jehobaren adorazioaren erdigunea eta suntsitua izango zen (Luk. 13:34, 35).
6. Zergatik behar zuten kristauek Paulok Hebrearrei 13:5, 6an emandako aholkua?
6 Paulok hebrear jatorriko kristauei gutuna idatzi zienean, Jerusalem beti jendez gainezka zegoen hiri bat zen. Garai hartako erromatar idazle baten arabera, Jerusalem «alde handiz Ekialdeko hiririk famatuena zen».b Urtero hiru aldiz, toki desberdinetako juduak Jerusalemera joaten ziren festak ospatzera, bertako ekonomiari bultzada bat emanez. Ziurrenik, horri esker, kristau batzuek diru asko irabaziko zuten. Agian, horregatik idatzi zien Paulok ondorengoa: «Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin». Ondoren, Jehobak Biblian bere zerbitzari bakoitzari egiten dion hurrengo promesa aipatu zuen: «Ez zaitut utziko, ez baztertuko» (Irakurri Hebrearrei 13:5, 6; Deu. 31:6; Sal. 118:6). Jerusalemen eta Judean bizi ziren kristauek promes hori gogoan izan beharko zuten. Zergatik? Gutuna jaso eta gutxira, beraien etxea, negozioa eta ondasun gehienak atzean utzi beharko zituztelako. Gainera, euren bizitza toki berri batean hasi beharko zuten, eta hori guztia egitea ez zen batere erraza izango.
7. Zergatik sendotu beharko genuke orain Jehobarengan dugun konfiantza?
7 Zer ikasten dugu? Zer gertatuko da hemendik gutxira? «Larrialdi handia» hasi eta gaur egungo sistema gaiztoa suntsitua izango da (Mat. 24:21). Lehen mendeko kristauen antzera, guk ere leial mantendu eta datorrenerako prest egon behar dugu (Luk. 21:34-36). Larrialdi handian zehar, agian, gure etxea edo ondasunak atzean utzi beharko ditugu. Garai horretan, guztiz ziur egon beharko dugu Jehobak ez gaituela inoiz abandonatuko. Baina orain ere larrialdi handia hasi aurretik, Jehobarengan zenbateko konfiantza dugun erakutsi dezakegu. Horregatik, galdetu zeure buruari: «Zer erakusten dute nire ekintzek eta helburuek? Jainkoak zainduko nauen promesean ala aberastasunetan jarri dut konfiantza?» (1 Tim. 6:17). Iraganeko kristauen ereduak larrialdi handian zehar leial mantentzen lagundu gaitzake. Hala ere, etorriko den larrialdi handia kristau haiek bizi izan zutena baino askoz ere zailagoa izango da. Beraz, nola jakingo dugu zehazki zer egin larrialdi handia hasten denean?
OBEDITU AURREA HARTZEN DUTENEI
8. Zer jarraibide eman zien Jesusek bere dizipuluei?
8 Paulok hebrear jatorriko kristauei gutuna idatzi eta urte gutxi batzuk beranduago, erromatar armadek Jerusalem hiria inguratu zuten. Kristauek hori ikustean, bazekiten ihes egiteko momentua zela, Jerusalem suntsitua izango baitzen (Mat. 24:3; Luk. 21:20, 24). Orduan, nora egin beharko zuten ihes? Jesusek honakoa besterik ez zuen esan: «Judean daudenek ihes egin dezatela mendietara» (Luk. 21:21). Baina inguru hartan mendi asko zeuden. Beraz, nola jakingo zuten zein mendira ihes egin?
9. Erraza izango al zen kristauentzat zer mendira ihes egingo zuten erabakitzea, eta zergatik? (Ikusi mapa ere)
9 Kristauek ondorengo mendietara ihes egin ahal zuten: Samariako mendietara, Galileako mendietara, Hermon mendira, Libanoko mendietara eta Jordan ibaiko beste aldeko mendietara (Ikusi mapa). Mendi horietan zeuden hiri batzuk seguruak ziruditen. Gamla hiria, esaterako, mendi altu baten puntan zegoen eta oso zaila zen bertara iristea. Judu batzuen ustez, hiri hori bizitzeko oso toki segurua zen. Hala ere, erromatarrek beranduago hiri hori erasotu eta suntsitu zuten, eta bertako biztanle asko hil egin ziren.c
Kristauek mendi askotara ihes egin ahal izan zuten. Baina denak ez ziren seguruak izan (Ikusi 9. paragrafoa)
10, 11. a) Nola gidatu zituen Jehobak ziurrenik kristauak? (Hebrearrei 13:7, 17, NWT) b) Nola lagundu zien kristauei aurrea hartzen zutenei obeditzeak? (Ikusi irudia ere)
10 Ematen duenez, Jehobak kongregazioan aurrea eramaten zutenak erabili zituen kristauei gida emateko. Eusebio historialariak, beranduago, garai horri buruz idatzi zuen. Berak esan zuen moduan, Jainkoak Jerusalemeko anaia batzuei kristauek Jerusalemetik ihes egin eta Pereako Pela hirira joan behar zutela jakinarazi zien.d Pelak ihes egiteko toki bikaina zirudien. Ez zegoen Jerusalemetik urruti. Beraz, ez zen oso zaila bertara bidaiatzea. Gainera, Pelako biztanle gehienak juduak ez zirenez, ez zuten erromatarren aurka borrokatu nahi (Ikusi mapa).
11 Mendietara ihes egin zuten kristauek Pauloren hurrengo aholkua praktikan jarri zuten: «Obeditu [kongregazioan] aurrea hartzen dutenei» (Irakurri Hebrearrei 13:7, 17, NWTe). Eta obeditu zutenez, bizirik atera ziren. «Zimendu sendoko hiria» —Jainkoaren Erreinua— «itxaro[ten]» jarraitu zutenez, Jehobak ez zituen abandonatu (Heb. 11:10).
Pela gertu zegoen eta ihes egiteko toki seguru bat zen (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak)
12, 13. Nola gidatu du Jehobak bere herria garai zailetan zehar?
12 Zer ikasten dugu? Jehobak aurrea hartzen dutenak erabiltzen ditu bere herriari gida zehatza emateko. Biblian askotan irakurtzen dugu Jehobak gizon leialak erabili zituela bere herria garai zailetan gidatzeko (Deu. 31:23; Sal. 77:21 [77:20, NWT]). Eta argi dago gaur egun ere Jehobak aurrea hartzen dutenak erabiltzen jarraitzen duela bere herriari argibideak emateko.
13 Esaterako, COVID-19 pandemia hasi zenean, «aurrea hartzen duten[ek]» beharrezko jarraibideak eman zituzten. Adindunek bilerak egiteko eta Jehoba adoratzen jarraitzeko argibideak jaso zituzten. Pandemia hasi eta gutxira, lurralde biltzarra izan genuen 500 hizkuntza baino gehiagotan. Gure anai-arrebek programa Internet edo telebista bitartez ikusi, edo irratian entzun ahal izan zuten. Horren aurretik, inoiz ez da horrelako lurralde biltzarrik egon. Ez genion janari espirituala jasotzeari utzi eta, ondorioz, mundu osoan zehar jarraibide berberak jaso genituen. Beraz, ziur egon gaitezke etorkizunean edozer zailtasun dugula ere, Jehobak aurrea hartzen dutenei erabaki zuhurrak hartzen lagunduko diela. Larrialdi handirako prest egoteko eta garai zailetan zuhur jokatzeko, konfiantza Jehobarengan jarri behar dugu eta bere arauak obeditu behar ditugu. Baina, horretaz gain, zer beste ezaugarri beharko ditugu?
ERAKUTSI SENIDE ARTEKO MAITASUNA ETA HOSPITALITATEA
14. Hebrearrei 13:1-3 aipuaren arabera, zer ezaugarri erakutsi beharko zituzten kristauek Jerusalem suntsitua izan aurretik?
14 Larrialdi handia hasten denean, inoiz baino gehiago erakutsi beharko diogu maitasuna elkarri. Jerusalem eta Judean bizi ziren kristauen eredua imitatu beharko dugu. Beraiek beti erakutsi izan zioten maitasuna elkarri (Heb. 10:32-34). Baina Jerusalem suntsitua izan aurreko urteetan, oraindik gehiago erakutsi beharko zioten elkarri senide arteko maitasunaf eta hospitalitatea (Irakurri Hebrearrei 13:1-3). Eta guk gauza bera egin beharko dugu sistema honen amaiera heltzen denean.
15. Zergatik erakutsi behar izan zuten kristauek senide arteko maitasuna eta hospitalitatea ihes egin ondoren?
15 Erromatar armadek Jerusalem inguratu eta bat-batean atzera egin ondoren, kristauek ondasun gutxi batzuekin bakarrik ihes egin behar izan zuten (Mat. 24:17, 18). Ondorioz, mendietara ihesean zihoazela, elkarri lagundu beharko zioten. Eta Pelara iristean, elkarren laguntza beharko zuten bizitza berri bat hasteko. Dudarik gabe, «premiazko beharrei aurre egin» beharko zieten. Beraz, kristauek elkarri senide arteko maitasuna eta hospitalitatea erakusteko aukera izango zuten. Nola? Elkarri lagunduz eta zeuzkaten gauzak partekatuz (Tit. 3:14).
16. Nola erakutsi ahal diegu maitasuna laguntza behar duten anai-arrebei? (Ikusi irudia ere)
16 Zer ikasten dugu? Maitasunak beharrean dauden anai-arrebak laguntzera motibatzen gaitu. Esaterako, askok gerren edo hondamendi naturalen erruz errefuxiatu bezala ihes egin duten anai-arrebei pozik lagundu diete, bai materialki, baita espiritualki ere. Gerrarengatik bere etxea utzi behar izan zuen Ukrainako arreba batek honakoa esan zuen: «Jehobak anai-arrebak gu gidatu eta zaintzeko erabili dituela ikusi dut. Beraien ongietorri beroa eta laguntza jaso genituen Ukrainan, Hungarian, eta orain hemen, Alemanian». Beraz, beharrean dauden anai-arrebei hospitalitatea eta laguntza eskaintzen dietenak erramintak dira Jehobaren eskuetan (Esa. 19:17; 2 Ko. 1:3, 4).
Anai-arreba errefuxiatuek gure laguntza behar dute (Ikusi 16. paragrafoa)
17. Zergatik da premiazkoa orain senide arteko maitasuna eta hospitalitatea erakusten ikastea?
17 Larrialdi handian zehar, orain baino gehiago lagundu beharko diogu elkarri (Hab. 3:16-18). Jehobak senide arteko maitasuna eta hospitalitatea erakusteko trebatzen gaitu orain. Izan ere, etorkizunean ezaugarri horiek guztiz premiazkoak izango dira.
ZER GERTATUKO DA ETORKIZUNEAN?
18. Nola imitatu ditzakegu Jerusalemetik ihes egin zuten kristauak?
18 Obeditu eta mendietara ihes egin zuten kristauek euren biziak salbatu zituzten Jerusalem suntsitua izan zenean. Beraiek hiria abandonatu zuten, baina Jehobak ez zituen beraiek inoiz abandonatu. Zer ikasi dezakegu beraien eredutik? Egia da ez ditugula etorkizunari buruzko xehetasun guztiak ezagutzen. Baina Jesusek obeditzeko prest egon behar dugula esan zigun (Luk. 12:40). Gainera, Paulok hebrearrei idatzitako gutunean emandako aholkuetan hausnartu dezakegu. Eta aholku horiek, lehen mendean bezalaxe, gaur egun ere bete behar ditugu. Bestalde, Jehobak berak ez gaituela inoiz abandonatuko promestu digu (Heb. 13:5, 6). Beraz, jarrai dezagun hiri iraunkorra, hau da, Jainkoaren Erreinua gogotsu bilatzen. Horrela, etorkizunean ekarriko dituen betirako bedeinkapenez gozatuko dugu (Mat. 25:34).
157. KANTA Azkenik bakea!
a Antzina, Biblia garaian, hiriak normalean errege baten aginpean zeuden. Horrelako hiri bat erreinu bat kontsideratu ahal zen (Has. 14:2).
b Corpus Inscriptionum Iudaeae/Palaestinae, Hannah M. Cotton, «Jerusalem – an introduction», Benjamin Isaac.
c Hori K.o. 67. urtean gertatu zen, kristauek Judea eta Jerusalemetik ihes egin eta gutxira.
d Eusebius’ Ecclesiastical History.
e Hebrearrei 13:7, 17, NWT: «Gogoratu zaitezte zuen artean aurrea hartzen dutenez. Hauek Jainkoaren hitzari buruz hitz egin dizuete. Eta, beraien jarrerak ekartzen dituen emaitzetan arreta jarriz, imitatu euren fedea. Obeditu zuen artean aurrea hartzen dutenei eta erakutsi sumisioa, zuetaz arduratzen ari baitira eta kontuak eman beharko dituzte honengatik. Horrela, pozik egingo dute hau, eta ez hasperenka, hau zuentzat kaltegarria izango litzateke eta».
f «Senide arteko maitasuna» bezala itzulitako esamoldeak gertuko senideei egin ahal dio erreferentzia. Hala ere, Paulok esamolde hori kongregazioko anai-arreben artean dagoen maitasun sendoa deskribatzeko erabili zuen.